Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2016/09/07

Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak 30 urte bete ditu

Aurreko ikasturtean 41.641 ikaslek parte hartu zuten programa horretan

Beste urte batez Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak heziketa arloko proposamenak jarri ditu Iruñerriko ikastetxeen esku. Programak 30 urte bete ditu, Haur Hezkuntza eta Batxilergo arteko mailak hartzen ditu, eta jarduerak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egiteko aukera ematen du. Lau programak (Ura, Garraioak, Hondakinak eta Ibai Parkea) gerturatzen dizkiete ikastetxeei eskualde mailako erakunde honek kudeatutako zerbitzuak.

Aurreko ikasturtean, 2015-2016 ikasturtean, 41.641 ikaslek parte hartu zuten proposatutako jardueretakoren batean; hain zuzen, aurreko urtearekin alderatuta, %5,9 gehiago izan ziren. 

Lankidetzak zenbait erakunderekin

Hasi berri dugun ikasturte honetarako berrikuntza nagusi moduan, Ingurumen Heziketako Programak lankidetzak eta proiektuak estreinatuko ditu beste erakunde batzuekin, eta lankidetza eta proiektu horiek aukera emango dute beste modu batera eskuratu ezin izango ziren eduki interesgarriei heltzeko.

Hartara, Nafarroako Elikagaien Bankuarekin jan-edanak eralgitzearen eta boluntariotza sozialaren balioaren gaiak landuko dira. Jarduerak barnean hartuko du Bankuaren instalazioetara bisitak eta mintzaldiak egitea. 

Era berean, LIFE+RESPIRA proiektuarekin elkarlanean aritzea ere programatu da. Proiektu horrek airearen kalitatea, mugikortasun iraunkorra eta herritarren parte-hartzea aztertzen du, eta, lankidetzaren harira, jarduera eta mintzaldi desberdinak egingo dira. 

Azkenik, GAPekin elkarlanean (Global Action Plan) –garapen iraunkorrerako heziketa programa, Unesco etxearen altzoan sortutakoa–, Mankomunitateak lan egingo du ikasleekin auditoretza ekologikoen bidez, besteak beste. Auditoretza horiek aukera emango diete ikastetxeei hondakinak murrizteko eta era eraginkorrean kudeatzeko konpromisoa hobetzeko. 

Beste erakunde batzuekin hitzartutako itun hauek aberastu egiten dute heziketa programa, gaitasun sozialak eta herritarrenak eskuratzea sendotzen dute, eta bidea ematen dute ikastetxeek iraunkortasunarekin lotutako alderdi guztiak landu ahal izateko.

Halaber, “Ura” programaren barnean energiaren gaiari helduko zaio, Egillorko zentral hidroelektrikora egingo den bisitaren bidez. “Hondakinak” programak ikasgelan egiteko tailerren eskaintza berritu du heziketa maila guztietarako. “Ibai Parkea” programan, San Andres Errotan (Atarrabia) kokatuta dagoen Anaia Ibaia” erakusketaren barnean, meteorologiaren eta hark ibaiaren emarian duen eraginaren hastapenak landuko dira.

Programetako bakoitzerako (Ura, Hondakinak, Garraioa eta Ibai Parkea) antolatu den heziketa eskaintza zehatz-mehatz ikusteko, Mankomunitateko heziketa programaren webgunera jo daiteke: www.mancoeduca.org

Aurreko ikasturteetan bezala, jarduerei eta heziketa mailen araberako baliabideei buruzko informazioa irakasleei ematea hobetzeko, eskaeren kudeaketa arintzeko eta informazioa posta elektronikoaren bidez bideratzeko, sareko komunikazioari eutsiko zaio Iruñerriko ikastetxe guztiekin, Mankomunitatearen aipatutako webgune horren bidez. 

Beste albiste batzuk