Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2014/09/26

Mankomunitateak ikasturteari ekin dio 2014-2015erako heziketa eskaintzaren bidez

Joan den ikasturtean 42.494 ikaslek parte hartu zuten Ingurumen Heziketarako Programan, eta, beraz, aurreko urtean baino %2,6 gehiago izan ziren.

Arduraz Jokatzeko Ingurumen Heziketarako Mankomunitateak daukan programak ikasturtea hasi du, Iruñerriko ikastetxeei eskaintzen dien heziketa proposamenaren bidez. Programan parte hartzeko eskaerak egiteko epea urriaren 31n amaituko da. Hain zuzen, eskaintza Haur eta Bigarren Hezkuntza bitarteko ikasleentzat da, eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egin daiteke proposatzen dena. Lau atal edo gairen bidez –hondakinak, ura, Ibai Parkea eta garraioa– Iruñerriko erakunde honek kudeatzen dituen arloak gerturatzen zaizkie ikastetxeei.

Joan den ikasturtean (2013-2014), 42.494 ikaslek parte hartu zuten proposatutako jardueretakoren batean, eta, horrenbestez, %2,6 handitu zen aurreko urteko ikasle kopurua. Gai edo atalen arabera, ikasle gehienek hondakinen arloan parte hartu zuten (%33,2), gero uraren arloan (%26,9) eta gero Ibai Parkeari dagokionean (%22,4). Heziketa mailei dagokienez, parte hartu zuten ikasle gehienak Lehen Hezkuntzakoak izan ziren (%60), gero Bigarren Hezkuntzakoak (%25,3) eta azkenik Haur Hezkuntzakoak (%14,6). 

Hondakin organikoen gaineko jarduerak

Hasi berri dugun ikasturterako berrikuntza gisa nabarmendu behar da hondakin organikoen gainean lan egiteko jarduerak sartu izana. Proposamen horiek interes berezia izan dezakete gai organikoak biltzeko 5. edukiontzia jarri den inguruetako ikastetxeetarako, auzoko konpostajea egiten den inguruetako ikastetxeetarako eta eskolako konpostajea egiten duten ikastetxeetarako. Horrez gain, hemendik aurrera ingelesez egiteko aukera heziketa ziklo guztietan izango da, “Gongora + Ingurumen ikasgela” jarduera hizkuntza horretan egin ahal izateko bidea jarri baita. Amaitzeko, adierazi behar da osatu direla eta eskuragarri daudela Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako aurreneko ziklorako baliabide interaktibo digital guztiak.

Bestalde, beste aldaketetako bat da Artetako iturburuko instalazio guztietan antolatzen diren bisitak bertan behera utzi direla. Gogora ekarri behar da, lur eta harri jauziak gertatzeko dagoen arriskuaren ondorioz, joan den uztailean itxi egin zela bai iturbururako eta bai informazio zentrorako sarbidea ere. 

Ataletako bakoitzean (ura, hondakinak, garraioa eta Ibai Parkea) dagoen eskaintza zehatz-mehatz ikusteko, Mankomunitatearen heziketa programako webgunea kontsultatu behar da: www.mancoeduca.com

Aurreko ikasturteetan bezala, heziketa mailen arabera dauden jarduerei eta baliabideei buruz irakasleei eman beharreko informazioa hobetzeko, eskaerak kudeatzea arintzeko eta argibideak posta elektronikoaren bidez bideratzeko, Iruñerriko ikastetxe guztiekin on line edo sareko komunikazioari eutsiko zaio, Mankomunitatearen heziketa webgune horren bidez.

 

Beste albiste batzuk