Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/04/16

Mankomunitateak heziketa- eta sentsibilizazio-jarduerak konfinamendura egokitu ditu

IMk baliabide digitalak prestatu ditu hezkuntza-komunitatearen eta, oro har, herritarren beharrei erantzuteko

Bai hezkuntza-komunitatea eta bai herritarrak oro har behar berriak planteatzen dituen egungo egoerara egokitzen ari direla jakitun da Iruñerriko Mankomunitatea. Hori dela-eta, heziketa-programako eta sentsibilizazio-programako jarduerak berrorientatu ditu, material eta baliabide berrien eskaerari arin eta era erabilgarrian erantzuteko xedearekin.

Hartara, heziketa-programarako ‘Mancosites’ antolatu du, astero eguneratzen joango den plataforma bat, unitate didaktikoak eta baliabideak jasoko dituena Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako, heziketa-mailen arabera banatuta, hala gaztelaniaz nola euskaraz. Nobedadeak Twitterreko @mancoeduca kontuaren bidez jakinaraziko dira eta bai buletin baten bidez ere. Buletin horren harpidetza www.mancoeduca.com webgunearen hasierako orrian egin ahal izango dute interesa dutenek. Helbide horretan bertan, ‘Mancosites’erako sarbide zuzena aurkituko dute.

Herritar ororentzako jarduerak ere digitalizatu dira

Herritar ororentzat udaberri eta udarako programatuta zeuden jarduerak ere eraldatu dira. Hartara, sentsibilizazio-jarduera horiek garatzeko ohiko tokiak informazio-zentroak ziren lehen, baina orain ordenagailuen pantailak eta beste gailu mugikor batzuk izango dira.

Hartara, Mankomunitateak Emausko Trapuketarien Berriozarko zentroan koordinatzen duen ‘Oihalak Josteko’ ikasgela-tailerrera joan ohi zirenek Alazne Juanizen aholkuak jasotzen jarraitzeko aukera izango dute, Skypeko saioen bidez eta ‘IdeaTelas’ izenekoen bidez: Mancoagendaren harpidedunei astero bidaliko zaizkien aholku txikiak (harpidetzak hemen: www.mcp.es/eu/jarduerak). Sukaldaritzaren zale direnek janari-hondarrak errezeta ezin gozoagoetan berrerabiltzeko trikimailuak ikasten jarraituko dute Julio Flamesekin, bideo irakasgarrien bidez. Sandra Uve “Asmatzaileak aurkitzen” erakusketaren egileak emakume zientzialariak aurkeztuko dizkigu, online bisita gidatu baten bidez. Eta Ibai Parkearen bidez ugaztunen eta hegaztien arrastoen ohiko behatokia ere eraldatuko da: eduki birtuala izango du eta aire zabalean paseo batez gozatzeko aukera dugunean erreparatu beharreko gakoak emango dizkigu. Halaber, “Natura basatia” argazki-lehiaketa beste urte batez egingo da. Artxiboko argazkiak edo, osasun-segurtasuneko arauak urratu gabe, etxetik bertatik egin ahal direnak erabili ahal izango dira parte hartzeko. Lan irabazleen erakusketa atzeratu eta mota honetako ekitaldiak egitea baimenduta dagoenean egingo da.

Mankomunitatearen webguneko (www.mcp.es) jardueren atalean eta Mancoagenda informazio-buletinean kontsultatu ahal den zerrenda luze baten adibide batzuk baino ez dira horiek. Horren guztiaren helburua ingurumenaren arloko kontzientzia bultzatzen jarraitzea da, baita konfinamendu-garaian ere.

Beste albiste batzuk