Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2016/01/15

Mankomunitateak Gardentasun Ataria aurkeztu du

Atari berriak (transparencia.mcp.es) gardentasun, informazio publikorako irispide eta gobernamendu onari buruzko legearen arauei erantzuten die

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, Erakundearen eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. kudeaketa-sozietatearen Gardentasun Ataria aurkeztu du gaur goizean. 
 
Mankomunitatea eta haren kudeaketa hobeki ezagutu nahi duten guztiek gaurtik aurrera eskura dute atari berria transparencia.mcp.es/eu helbidean. Modu ordenatuan eta erraz eskuratzekoan, Atariak erakundearen, antolaketaren eta plangintzaren informazioarekin lotutako hainbat alderdi jasotzen ditu, eta bai ekonomiaren eta aurrekontuen arloko informazio nabarmena ere. Hitz egin duenean Ayesak adierazi duen moduan, “gardentasunak eta herritarrei eta udalei informazioa helarazteak kudeaketa irekia, parte-hartzean oinarritua eta gardena ekarriko du berarekin”.  

Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, gaur argitara eman den proiektuak gardentasun, informazio publikorako irispide eta gobernamendu onari buruzko legearen arauei erantzuten die. Hala ere, nabarmendu nahi izan du “legezko eskakizunak gorabehera, gardentasun ariketa hau sineste sendo honetatik ere badatorrela: herritarren konfiantza indartzeko eta, are gehiago, administrazio publikoen kudeaketa hobetzeko, gardentasuna ezinbesteko baldintza da”.

Bere esku-hartzea amaitzeko, Ayesak bi alderdi nabarmendu ditu. Batetik, gaur aurkeztutako Ataria abiapuntua baino ez da, komunikaziorako bide bizia baita, egunez egun gehituko dituena “pertsonek erakunde hau, bertako erabakitzeko prozesuak eta helburuen betetze-maila hobeki ezagutzen laguntzen duten alderdi guztiak”. Eta bestetik, Gardentasun Ataria osagarria eta bateragarria da informazioa eskuratzeko gainerako mekanismoekin. Gogora ekarri behar da erakunde honek beste gune digital batzuk dituela, hala nola webgunea eta Egoitza Elektronikoa, eta bai Herritarren Arretarako Zerbitzua ere. Azken zerbitzu horrek ibilbide egiaztatua du eta etengabe dago Mankomunitatera jo nahi duten pertsonen eskura (eta hori argi erakusten dute datu hauek: urtean arreta ematen zaie 100.000 deiri baino gehiagori, eta aurrez aurreko arreta, 50.000 pertsonari baino gehiagori).

Ataria aurkezteko ekitaldian, lehendakariarekin batera, Felipe Alonso, Mankomunitateko Antolaketa eta Informazio Sistemen zuzendaria, eta Arturo Ruiz de Azagra izan dira, Erakundeko Komunikazio Arloko zuzendaria. Hartara, Alonsok adierazi du Ataria sortzea ez dela teknikoki konplexua izan; izan ere, jada Mankomunitatean existitzen ziren beste plataforma batzuetako teknologia berrerabili baita. Hortaz, gehitu du ahaleginak gehiago bideratu ahal izan direla diseinua erraza eta intuitiboa izatera. Hain zuzen, Atariaren egiturak informazioa lau bloke tematikotan biltzen du: Antolaketa eta araudia, Ekonomiaren eta finantzen arloko gardentasuna, Kontratatzea, eta Plangintza eta estatistika. Amaitzeko, proiektuaren bi ezaugarri hauek nabarmendu ditu: alde batetik, fidagarritasuna, eduki bakoitzak bere erantzulea izango baitu eta dokumentuak eguneratzeko lan-fluxuak zehaztu baitira; eta bestetik, mantentzeko erraza izatea, eduki bakoitza toki bakar batean (webgunea, Egoitza Elektronikoa edo Gardentasun Ataria) egoteko helburuarekin, baina, aldi beran, interesdunentzat kontsultatzea erraza izateko moduan.

Aurkezpena amaitzeko, Arturo Ruiz de Azagrak adierazi du atari berria herritarrekin harremanak izateko tresnen sare konplexu baten barnean dagoela eta tresna horiek guztiak webgunearen inguruan (www.mcp.es) biratzen direla. Hain zuzen, tresna horiek azken bost urteetan sortu dira eta horrek agerian uzten du Mankomunitateak, bide ezberdinen bitartez, informazioa herritarren esku jartzeko duen interesa.

Beste albiste batzuk