Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2015/06/24

Mankomunitateak ebaluatu eta erregistratu egin du bere karbono aztarna

Hala Erakundeak agerian jarri du klima aldaketaren kontra aktiboki borrokatzeko nahia

Gaur goizean egindako ekitaldi batean, AENOR erakundeak (Espainiako Normalizazio eta Zertifikazio Elkartea) eta Ingurumen Ministerioko Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak zertifikatu bana eman diote Iruñerriko Mankomunitateari, egiaztatzeko Mankomunitatearen karbono aztarna eta haren izena ematea gai horretako Erregistro Nazionalean. Hain zuzen, AENOReko Ingurumen kudeatzaile José Magrok Karbono Aztarnaren AENOR zertifikatua eman dio José Muñoz Mankomunitateko lehendakariari. Ondoren, Ingurumen Ministerioko Klima Aldaketaren aurkako Ekintzak Koordinatzeko zuzendariorde nagusi Eduardo Gonzálezek Ingurumen Ministerioko Karbono Aztarnaren Erregistro Nazionalean (MAGRAMA) izena eman izanaren zertifikatua eman dio.

AENOR zertifikatuak egiaztatzen du Mankomunitateak negutegi efektuko gasen igorpenak neurtzeko egindako kalkuluaren egiazkotasuna, eta ISO 14064 Arauan oinarrituta dago. Zehazki, arau horrek ezartzen ditu negutegi efektuko gasen igorpenen inbentarioak diseinatu, garatu eta kudeatzeko baldintzak, eta bai inbentario horien gaineko txostenak aurkeztea ere. 

Beste alde on batzuen artean, Karbono Aztarnaren zertifikatuak aukera emango dio Mankomunitateari igorpenen berri izan eta haiek kontrolatzeko, eta, horrenbestez, hobekuntza energetikoaren ondorioz, dirua aurrezteko. Horrez gain, gardentasuna eta sinesgarritasuna hobetzen du beste batzuei onurak ekartzean.

Bi zertifikatu horiek eskuratzeko, Iruñerriko Mankomunitateak instalazio guztien eta ematen dituen zerbitzuen analisi oso bat egin du, eta helburua izan da zerbitzu hauek emateagatik urtez urte sortzen diren negutegi efektuko gasen igorpenen bolumena zein den kalkulatzea: Uraren Ziklo Integrala, Hiri Hondakinak Bildu eta Tratatzea, eta Eskualdeko Hiri Garraioa. 

MANKOMUNITATEA, AITZINDARIA ZERTIFIKATU HORIEK LORTZEAN

Mankomunitateak AENOR zertifikatua eskuratu izanak eta Ingurumen Ministerioko Karbono Aztarnaren Erregistro Nazionalean izena eman izanak egiten du Iruñerriko Mankomunitatea udalez gaindiko lehen toki erakundea izatea zertifikatu horiek eskuratzean, nazio mailan. Eta horrek agerian uzten du klima aldaketaren kontrako borrokan erakunde aktibo izateko daukan interesa eta nahia.

Denera jota, AENOR erakundeak Karbono Aztarnaren ehundik gora zertifikatu eman dizkie erakundeei, publikoak edo pribatuak izan, askotariko sektoreetan, besteak beste, petrokimikoan, telekomunikazioetakoan, energiakoan, azpiegituretakoan, garraioetakoan, eraikuntzakoan, ingeniaritzakoetan, paper fabriketakoan, elikagaien sektorean, osasunekoan eta aseguruetakoan. Gainera, Karbono Aztarnaren beste ehun bat zerfitikatu eman ditu produktuen eta ekitaldien arloetan. 

Sortu zenetik, duela hogeita hamar urte baino gehiago, Mankomunitateak beti izan du Iruñerriko hiri ingurumena hobetzeko helburua. Orain, Erakundeak ulertu du une aproposa zela karbono aztarnarekin lotutako jardueran zein posiziotan dagoen jakiteko, ematen dituen zerbitzuen bidez, klima aldaketaren kontrako borrokarako plan handinahi bati ekiteko oinarria izango baita.

Ezaguna den moduan, planeta osoan dagoen erronka handienetako bat da klima aldaketa, baina, era berean, dauden milioika igorpen guneetako bakoitzean CO2 igorpenak murriztuta egin behar zaio aurre. Alde horretatik, Europan, ingurumenarekiko konpromiso handiena duten hirietan, oso aktiboak diren politikak planteatzen ari dira CO2 igorpenen neutraltasuna lortzeko hurrengo urteetan, horretarako kontsumo energetikoa murriztuta, energia berriztagarriak baliatuta eta CO2-ko hustubide berdeak sortuta.

GAI ORGANIKOAK ETA GASOLIOA, IGORPENEN ARRAZOI NAGUSIAK

Urtean, guztira, 57.588 tona CO2 aireratzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak. Zehazki, igorpenak sortzeko arrazoi nagusia Gongorako HHTZn gai organikoak isurtzea edo botatzea eta hiri garraioko autobusetan eta hondakinak biltzeko kamioietan erregai moduan gasolioa erabiltzea da. Hori dela-eta, gai organikoak 5. edukiontziaren bidez bereiz biltzeko politikak bereziki eraginkorrak dira, baita klima aldaketaren kontrako borrokan ere. 

Erregai gisa gasolioa erabiltzeari dagokionez, eta behin baztertuta dagoela bioerregaiak erabiltzea, Mankomunitatea beste aukera batzuk aztertzen ari da. Lehen neurri gisa, urte honetatik aurrera, lehen autobus hibridoak hasiko dira lanean –CO2 igorpenak %25 gutxitzen dituzte–, nahiz eta etorkizuna izango den erregai alternatiboak erabiltzea, kutsatzen ez dutenak. Gogora ekarri behar da hiriko autobus bakoitzak, hondakinen kamioiek bezala, 60 litro gasolio kontsumitzen dituela 100 kilometro ibiltzeko.

Behin ebaluatuta igorpenen bolumena, Mankomunitatea abiapuntu batean dago, eta horrek bidea emango dio, batetik, murrizteko neurriak ezartzeko eta horiek izango dituzten eraginak ezagutzeko, eta, bestetik, eskualde mailan, klima aldaketaren borrokan laguntzeko.

CO2 igorpenak murriztean modu eraginkorrean egiteko aurrera, Iruñerriko Mankomunitateak 26 jarduketa identifikatu ditu eta horiek ezartzea hurrengo urteetan garatu ahal izango da.

URTEAN 18.000 TONA CO2 IGORTZEA SAIHESTEN DU JADA MANKOMUNITATEAK 

Mankomunitateak urtean 100 milioi kilowatt-ordu baino gehiago kontsumitzen ditu (kWh), eta horietatik 70 milioi inguru autobusen eta kamioien gasolioaren bidez gastatutako energiari dagozkio. Era berean, garrantzitsua da nabarmentzea duela urte askotik Iruñerriko Mankomunitatea ekoizten ari den energia berriztagarrien bolumena, dela Eugiko, Urtasungo eta Egillorko zentral hidroelektrikoetan, dela Arazuriko araztegian eta Gongorako HHTZn sortutako biogasa aprobetxatzearen bidez. Guztira, urtean 55 milioi kilowatt-ordu sortzen dira, horietatik 22,8 milioi Mankomunitateak baliatzen ditu eta gainerakoak sare elektrikora bideratzen ditu. Hartara, Mankomunitateak saihesten du urtean 18.000 tona CO2 baino gehiago aireratzea.

Iruñerriko Mankomunitatearen ekimen berri hau ezin da bereizi mundu osoan klima aldaketan aurka borrokatzeko dagoen mugimendu zabaletik: gure gizarteen ingurumen erronka handiena da, orain eta etorkizunean. Gogorarazi behar da 2015aren amaieran egingo dela Parisen klima aldaketari buruzko goi bilera. Kyotoko Protokoloaren ondorengoa izango da, eta uste da bertan akordio nagusi bat lortuko dela CO2 igorpenak mugatzeko 2030. urtea arte. Izan ere, hitzarmen berri horren bidez, lortu nahi da XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura berotzea ez izatea 2ºC baino handiagoa, uste baita hori dela muga maximoa ez eragiteko benetako arazo klimatiko bat, planetako bizitzari eragingo diona, egun ezagutzen dugun moduan.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...