Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/04/09

Mankomunitateak aurrez aurreko jardueren eskaintza berria abiarazi du

Bisita gidatuak, jarduera osagarriak, lehiaketak, erakusketak, biomaratoiak eta ibai-ertzak garbitzeko saioak dira proposamenetako batzuk

Pandemiaren ondorioz zenbait hilabetean Iruñerriko Mankomunitatearen eskaintza soil-soilik online izan eta gero, orain erakundea bere interpretazio-zentroetan aurrez aurreko jarduerak programatzen hasi da berriro. Jarduera horiek egokiak diren segurtasun-protokoloen arabera gauzatuko dira, hain zuzen. 

Sentsibilizazio-programak, alde batetik, eta Mancoeduca ingurumen-heziketakoak, bestetik, jardueren aurrez aurreko eskaintza prestatu dute. Ekaina bitartean egingo dira, eta aurretik izena eman beharko da nahitaez. Zehazki, izena eman ahal izateko beharrezkoa den informazioa Mankomunitatearen webguneko ‘Jarduerak’ atalean aurkitu ahal izango da eta bai Mancoeduca webgunean ere.  

Sentsibilizazio-jarduerak

Bisita gidatuen edo haietako bakoitzerako eskaintzen diren jarduera osagarrien bidez zentroak berraurkitzeko unea izan daiteke hau. Jarduera horien artean, hauek nabarmendu behar dira: hegaztiei eraztunak jartzea, Ibai Parkean ugaztunen arrastoei jarraipena egitea, “argazki-tranpa” edo gaueko kamera jartzea fauna behatzeko, bizikletaz ibilbidea egitea ibaiko ondarean, paseoak egitea baltsan, Arazuritik Iberoraino ibaian gomazko txalupan jaistea eta Gongorako zabortegian belatzekin hegaztiak uxatzeko metodoa erakustea.

Horrez gain, ekainaren 12rako Arga eta Ultzama ibaien ertzetan naturako zaborrak biltzeko saioa programatu da, Libera proiektuaren barnean. Proiektu hori SEO/BirdLife sozietatearen ekimena da, Ecoembesekin elkarlanean gauzatzen duena, eta natura-inguruneetan botata uzten diren zaborren ondorioak geldiarazteko xedea du.  

Horri guztiari gehitu behar zaizkio, gainera, zentroetan ikusgai dauden erakusketak, mikrobideoen eta konpostajearen arloko lehiaketak –oraindik ere haietan parte hartzeko aukera dago–, eta bai San Andres Errotako tabernako terrazan atseden hartzeko toki naturala ere, jada zabalik baitago.

Herritarrentzat ateak berriro irekiko dituen guneetako beste bat Berriozarren Emausko Trapuketariek duten ingurumen-gela da. Helduek ostiraletan “Oihalak josteko” joskintzako tailerrean parte har dezakete, edo larunbatetan, etxeko konponketak egiten, makinaz josten edo janari-hondarrekin jakiak prestatzen ikasteko egiten diren tailerretan. Nobedade moduan, aurten altzariak zaharberritzen ikasteko tailerra aurkeztu da.

Biomaratoiak, NUPekin batera

Herritar orok deskribatu diren jarduera horiek egiteko aukera izango duen moduan, Mancoeduca ingurumen-heziketarako programak aire zabalean Ibai Parkearen ingurunean eta Artetan gauzatzea aurreikusita dituenetan parte hartzeko aukera izango du heziketa-komunitateak. Hartara, “Primeran ibiltzen gara Ibai Parkean!” jarduerak ibaiak eskaintzen dizkigun ezustekoak erakutsiko dizkigu, eta Lehen Hezkuntzako aurreneko eta hirugarren mailen arteko ikasleek “Ezagutu Parkeko bizitza” jarduera egin ahal izango dute. Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren mailen arteko ikasleek, beren aldetik, ibaiaren ondoko paisaiak ezagutu ahal izango dituzte Burlatako Intxaurdian eta Artetako iturburuaren eta bertako gatzagen inguruetan. Artetako zentroan, gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek “Uraren eta geologiaren” misterioak ezagutzeko bidea izango dute. 

Elkarlana beste ekimen batzuekin

Beste alde batetik, Mancoeducak, NUPeko zientzien sailarekin batera, Iruña 2021 Biomaratoia / City Natur Challenge izenekoan parte hartuko du. Terrabiotak antolatutako ekimena da, eta apirilaren 30a eta maiatzaren 3a artean egingo da. Herritarren zientziako nazioarteko ekimena da, Kaliforniako Zientzien Akademiak eta Los Angelesko Konderriko Natura Zientzien Museoak sortua, hiri-biodibertsitatea erregistratzeko xedea duena. Parte hartzen duten ikastetxeek hirian ikusten dituzten izaki bizidunen (animaliak, landareak, onddoak…) argazkiak egin edo audioak grabatuko dituzte eta, “Arga Ibaia” proiektuaren barnean, iNaturalist plataformara igoko dituzte. Halaber, aztarnak, maskorrak, lumak eta beste arrasto batzuk erregistratzeko aukera izango dute. Beste alde batetik, Mancoeducak, NUPekin batera, Espainiako Floraren I. Biomaratoian parte hartuko du, maiatzaren 21a eta 24a artean. 

Azkenik, heziketa-programak, sentsibilizazio-programak bezala, bat egin du Libera proiektuarekin, eta ikasleei eta irakasleei proposatuko die ekainaren 11n Ibai Parkean aritzea, ahalik eta hondakin kantitate handiena biltze aldera. 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da