Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/10/05

Mankomunitateak 2017-2018 ikasturterako heziketa eskaintza aurkeztu du

Joan den ikasturtean 46.752 ikaslek parte hartu zuten, aurreko urtean baino %12,27 gehiagok

Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak beste urte batez heziketa proposamena aurkeztu die Iruñerriko ikastetxeei. 2017-2018 ikasturte honetan 31 urte beteko ditu programak, eta eboluzionatzen jarraitzen du ikastetxeen beharretara egokitzeko, metodologia berriak, heziketako sekuentzia digitalak, baliabideak eta eskola proiektuak laguntzeko jarduerak abiarazita.

Hasi berria dugun ikasturte honetarako prestatu duten eskaintzak berrogeita hamar jardueratik gora ditu IMren zerbitzuekin lotutako lau gaietan (Ura, Garraioa, Hondakinak eta Ibai Parkea). Lehendik zeuden baliabideak eta jarduerak berritu dituzte, eta aurten, gainera, bederatzi jarduera berri izango dira.

Aurreko ikasturtean, 2016-2017, 46.752 ikaslek parte hartu zuten proposatutako jardueretakoren batean, eta, hortaz, aurreko urtearen aldean (41.752 izan ziren), %12,27 gehiago izan ziren. 

Jarduera berriak 2017-2018 ikasturterako

Ikasturte honetarako berrikuntzetako bat eskolako iraunkortasuna hobetzeko plana da. Zehazki, heziketa jarduerak, aholkularitza, prestakuntza eta berariazko baliabideak proposatzen dizkie ikastetxeei. Ikastetxe baten iraunkortasunean esku hartzen duten agente guztiak kontuan izateko helburuarekin, planak parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkie zuzendaritza taldeari, irakasleei, ikasleei, irakasle ez diren langileei eta gurasoei. 

Plan hau joan den ikasturtean jarri zen abian, hondakinen kudeaketan arreta jartzeko, eta hamar bat ikastetxek parte hartu zuten. 2017-2018 ikasturte honetan, Ingurumen Heziketako Programak beste proiektu batzuk sustatuko ditu, hala nola jan-edanak alferrik galtzea, hondakinak sortzeari aurrea hartzea, konpostajea eta eskola mugikortasuna. Hori guztia egin ahal izango da, hauen laguntzari esker: Global Action Plan, Iruñeko Udala, Ausolan, Eskola Jantokien Fundazioa, Nafarroako Elikagaien Bankua, Nafarroako Gobernua, GAN-NIKen bidez, Emausko Trapuketariak eta Nafarroako Unibertsitatea

Ikasturte honetan, gainera, Iruñerriko Ibai Parkean hegaztiei eraztunak jartzeko jarduerak egingo dira. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek eraztunak jartzen dituztenen lana ikusi eta, hartara, Ibai Parketik igarotzen diren edo bertan bizi diren hegaztiak ezagutzeko aukera izango dute. Ibai Parkeko faunaren ezaugarritzea (ORNITOLAN) azterlanaren egileak izango dira ikasleak landa lan zientifikora hurbiltzeko arduradunak. 

Beste alde batetik, Life+Respira proiektuaren arloko jarduerek sustatuko dute bai eskolaren ingurunea bai eta mugikortasunari, hirigintzari eta airearen kalitateari dagokionez dituzten ezaugarriak ezagutzea. Bigarren Hezkuntzako ikasleek bertatik bertara ikusi eta ezagutuko dituzte proiektuan erabiltzen dituzten tresnak, eta beren ikastetxearen inguruneko airearen kalitatea neurtzeko aukera izango dute.

Programetako bakoitzerako prestatu den eskaintza zehatz-mehatz ezagutzeko (Ura, Hondakinak, Garraioa eta Ibai Parkea), Mankomunitatearen heziketa programaren webgunera jo daiteke: www.mancoeduca.com. Zalantzak argitzeko, kontsultak egin daitezke edo 948 203444 telefono zenbakira deituta edo mezu elektronikoa idatzita atencion@mancoeduca.com helbidera.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...