Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/06/04

Leticia Gaspar, Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XX. edizioko irabazlea

Irabazle izan diren eta hautatu diren lanen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta uztailaren 4a artean

Leticia Gaspar García, 34 urtekoa eta Plentziakoa (Bizkaia), izan da Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XX. edizioko irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak antolatuta, gaur egin da lehiaketa, Atarrabiako San Andres Errotaren inguruetan, eta 204 pertsona izan dira izena emandakoak. Epaimahaiak lehen saria eman dio, 2.000 euro, margo akrilikoarekin egin duen margolan bati. Horrez gain, akzesitak eman dizkie, bakoitza 1.000 eurokoa, María Azcona Reta eta Ricardo Armendáriz Mirandaren margolanei. Azcona 25 urtekoa da eta Iruñekoa, eta Armendáriz, 54 urtekoa eta Iruñekoa. Azken horrek, gainera, lehiaketa irabazi du bi bider, 2004ko eta 2015eko ekitaldietan. 

Gaur egin den lehiaketa euriak baldintzatu du, egunaren zati handienean egin baitu eta artista asko kokalekuak bilatzera behartu baititu, euri jasetatik babestuta lan egin ahal izateko. Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etatik 16:00ak arte aritu dira lanean, eta ordu horretan hasi dira epaimahaikideak erabakiak hartzen. Aurten, hain zuzen, hauek eratu dute epaimahaia: Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Itziar Gómez Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kideak, Javier Manzanos arte plastikoetan adituak, Virginia Santos artista gonbidatuak eta Uxua Vides aurreko urteko edizioko irabazleak. Epaimahaiaren gogoetak ere eguraldiak baldintzatuta egon dira eta ezin izan dira egin ibai pasealekuan, beste urte batzuetan bezala; hori dela-eta, hautatutako eta saritutako lanak aukeratzea San Andres Errotako lehen solairuan egin du.

Leticia Gaspar margolari profesionala da, eta Mankomunitateak antolatutako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketan parte hartu duen hirugarren aldia izan da. 2015eko edizioan, hain zuzen, akzesit bat eskuratu zuen. Gaur saritu den margolanak argazki batean hartu du ideia: paisaia organiko eta heze bat erakusten du, eta zuhaitz bat eta uholdeak herrestan eraman dituen adarrak dira protagonistak. Margolanean tonu berdeak eta urdinak nagusitzen dira, ez oso aseak, eta kontrapuntua marra txiki batzuek ematen dute, arrosa eta laranja koloreetan. Leticiak jada zenbait lehiaketa irabazi ditu, eta haien artean Medina de Pomarren egindakoa nabarmendu behar da (Burgos). Duela bi aste, Burgosko Diputazioaren azken Bienalean ere bere margolan bat eskuratu zuten. 

Erakusketa, hautatutako margolanekin, eta beste bat, 20 edizioetako lan irabazleekin 

Saria eskuratu duten hiru lanek, gehi epaimahaiak hautatutako beste 31 margolanek, Atarrabiako San Andres Errotan egingo den erakusketa bat eratuko dute, ekainaren 6a eta uztailaren 4a artean. 

Gainera, lehiaketaren XX. urteurrena dela-eta, uztailaren 5a eta abuztuaren 15a artean, beste erakusketa bat egingo da Errotan, lehiaketak orain arte izan dituen 20 edizioetan irabazle izan diren lanak erakusteko. Lan horien egileak hauek dira: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, Mª Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011), Fermín Lizarraga (2012), Jesús Arguiñáriz (2013), María Goñi (2014), Ricardo Armendáriz (2015), Uxua Vides (2016) eta Leticia Gaspar (2017).

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan