Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/09/25

Lehendakariak IMren nondik norakoak aztertu eta gai nagusiak berrikusi ditu

Erakundeak ematen dituen zerbitzuak eta barneko eta kudeaketako beste kontu batzuk berrikusi ditu

Gaur goizean egin den prentsaurreko batean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, erakundearen nondik norakoak aztertu ditu, EH Bildu, aldaketaren alderdien babesarekin, lehendakaritzara iritsi zela bi urte igaro direnean. Mintzaldian, zerbitzu desberdinen gaineko interes-alderdi nagusiak berrikusi ditu, hurrengo hilabeteetan helduko zaienak. 

Lehenik eta behin, Ayesak Eskualdeko Hiri Garraioari egin dio aipamena, eta, zehazki, Eskualdeko Hiri Garraioaren Planari. Hasiera batean ekainean onetsi zen, eta batzarrean berretsi behar da hurrengo hilabetean. Hartara, gogora ekarri du hiru urterako plana aurkeztu zela, proiektuari egonkortasuna ematen diona eta erakundeak EHGaren alde egiten duen apustua indartzen duena. “Onartu izan diren plan guztien artean sozialena da. Abonu sozialen aldeko apustuari eusten dio, gazte txartelaren aldekoari (26 urtetik 30era zabaltzen da), eta langileen segurtasunerako hobekuntzak ekartzen ditu”. Puntu honetan, Ayesak adierazi du legegintzaldian TCCren batzordearekin lan egin dela, segurtasuna handitzeko formula onenak aztertze aldera. Hartara, “ordenantza berriak onartu dira, neurri fisikoak ezarri dira –bideokamerak jarri dira eta proba pilotuak egiten ari dira manparekin– eta koordinazioa hobetu da Udaltzaingoarekin eta Foruzaingoarekin, jaietako une jakin batzuetarako. Azken hori, hain zuzen, azken bi udatan gauzatu da”.

Jorratzen ari diren beste egitasmo handi bat Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) izenekoa da. Udalen, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen beraren arteko lankidetza-jardun handia eragin du. Erabilera modaletan aldaketak egiteko ildo nagusia izango da proiektua, legegintzaldi batetik harago doa “eta indar politikoen arteko adostasun politikoa eta baterako lana eduki behar du, kasu honetan, nabarmentzeko modukoa izan dena”, zehaztu du Ayesak. Heldu den hilabetean ‘zero zirriborroa’ onartuko da eta parte-hartze prozesu handi bati emango dio bidea. “Prozesu horren bidez udal guztietara eta Iruñeko auzo guztietara hurbiltzeko asmoa dugu, jendeari entzuteko”, adierazi du. 

Iruñearen hirigunea atsegin egiteko planari dagokionez, Ayesak esan du oraindik goiz dela irakurketa zehatza egiteko. Edonola ere, Mankomunitateak ontzat jotzen ditu aldaketak, Eskualdeko Hiri Garraioari eta taxiari dagokienez. EHGaren kasuan, bi aste eta erdi hauetan bidaia kopuruak %8 egin du gora, eta hori nabarmena da, kontuan hartzen badugu urte hasieratik zegoen gehikuntza %3koa zela. Halaber, ontzat jo dira aldaketak, taxiaren zerbitzuaren ikuspegitik, zehazki, Sarasate pasealekuan geralekua sortzeari eta lehentasunezko zirkulazioari dagokionez. 

Hornidura eta Canasaren kanona

Uraren Ziklo Integrala dela-eta, Mankomunitateko lehendakariak gogorarazi du 2017a urte lehorra ari dela izaten, publiometria eskasekoa. Hori dela-eta, ekainera aurreratu behar izan zen Tiebasko tratamendu estazioa martxan jartzea, une horretan Eugin falta ziren hiru hektometro kuboak berdintzeko helburuarekin. Beraz, Iruñerria hornitzeko hiru iturrietatik (Eugi, Arteta eta aipatu berri den Tiebasko EUTE) egiten jarraitu da hornidura eta “une honetan –jakinarazi du Ayesak– gure hiru hornidura-iturrien egoera aurreko beste urte lehor batzuetakoaren ildo berean dago, besteak beste, 2011ko egoeraren ildo berean”. 

Horrez gain, Ayesak Canasa sozietateari (Canal de Navarra S.A.) ordaintzen zaion kanona aipatu du. Zehazki, legegintzaldiaren hasieratik Iruñerriko herritarrentzat egoera bidegabea zela adierazi zen. Izan ere, gogora ekarri du 10 urtean gutxi gorabehera 10 milioi euro ordaindu direla Ubideko ura erabiltzeagatik, “eta geroko erabilera ordaintzen dugun erabiltzaile bakarrak gara. Orain akordioa dugu Nafarroako Gobernuarekin, gure premietara egokitzeko 2017an, eta ildo horretan ari gara lanean”, zehaztu du lehendakariak. “Kontu paradoxikoa da bakarkako konponbideak (esate baterako, Tiebaserako hoditeria zuzena kokatzea) taldekako konponbide bat baino askoz ere merkeagoak izango zirela guretzat. Mankomunitate gisa egoteak Nafarroako Ubidearen proiektuan gastu handiagoa eragin digu”, ohartarazi du Ayesak.

Ibai Parkea eta Ezkabako Parkea

Eskualdeko Ibai Parkea dela-eta, gogora ekarri du Landabengo oinzubia sortu dela, Parkeari 20.000 metro koadro gehitu zaizkiola Barañain aldean eta pausoak eman direla Iruñeko Ibai Parkearekin bat egiteko. Azken kontu horri berriro ekin nahi lioke legegintzaldian geratzen den zatian. Parkearen etorkizun hurbilari dagokionez, Ororbia aldera iritsi behar da eta jarraian Iberorekin lotu behar da, Iratiren natur bidea ahaztu gabe, Europar Batasuneko Eurovelo proiektuaren barnean sartua. 

Ayesak Ezkabako Eskualde Parkea ere aipatu du. Haren UPSa aurten onartu da eta orain Nafarroako Gobernuarekin izapidetzen ari da: “Urgentziazko hainbat neurri hartu dira, hala nola garbitzea, seinaleak jartzea, bideak eta pista ixtea, eta mendia beste urte batzuetan baino garbiago dagoela esan dezakegu. Etorkizunean, parke gisa eratu behar dugu eta gailurrean dagoen gotorlekuarekin zer egin aztertu behar dugu. Horretarako, hausnarketarako aldi bat abiarazi da lantaldean, eta Nafarroako Gobernuarekin hitz egin nahi dugu berriro, egitasmo proposamen bat egin ahal izateko”.

Hondakinen bilketa eta kudeaketa

Aritz Ayesaren iritziz, hondakinen bilketa eta kudeaketa erakundearen erronka handiena da. “Pausoak eman ditugu, baina, gure ustez, ez dira nahikoak”, esan du. Legegintzaldi honetan, hondakinen lantaldea jarri da abian, eta hori izan da alde politikoaren eta teknikoaren artean elkarrekin lan egiteko tresna. Hartara, esparru horretan prestatu zen hondakinen arloko akordioa, urte hasieran onartu zena. Bertan zehazten dira konpondu beharreko gai edo alderdi handiak: gai organikoen eta gainerakoen edo errefusaren frakzioaren tratamendua. Ayesaren ustez, frakzio hori da konponbide presakoena eskatzen duena: “Urte asko dira ez garela zuzentaraua betetzen ari, eta, hortaz, neurriren bati heldu behar zaio, egoera honi mugak jartzeko”. Alde horretatik, hondakinen lantaldea jorratzen ari den ideia tratamendu planta bat sortzea da, bai gai organikoak, bai eta errefusa ere landu ahal izateko. Iruñerriko lurzoru industrialean kokatuko litzateke, bateragarria izango litzateke ingurunearekin eta ahalik eta inpaktu txikiena eragingo luke.

Hondakinen lantalde horrek, gainera, Gongorako HHTZ 2022an ixtearen gaia ere landu du. Urte horretako abenduan amaituko da hitzarmena, eta aurreko ekaineko bileretan planteatu zen isurketa-gunearen kokalekuak 2018tik aurrera aztertzea. 

Beste kontu garrantzitsu bat hondakinen bilketarena da. Jakina denez, auzi bat dago bilketa kontratuarekin, izapideak bideratzen ari dira perituaren ikustaldirako eta gero ondorioen izapidera iritsiko litzateke, eta horrek ekarriko luke epai bat izatea hurrengo udaberrian. Bien bitartean, kudeaketa hori Mankomunitatearen beraren baliabideekin egin ahal izateko akordio batean aritu dira lanean. Akordio hori, zehazki, ekainean lortu zen. Ayesak ondokoa gehitu du: “Orain, bide orri bat egiteko zain gaude, erakundean eta zerbitzuaren kalitatean izango lukeen eragina neurtuta. Hori hurrengo hilabeteetan egingo da”.

Hondakinen Legeari ere egin dio aipamena. “Kutsatzen duenak ordaindu egiten du” kontzeptua hartzen du barnean lege horrek, bereiztea pizteko helburuarekin. Hartara, isurketa-tonak zergapetuko dituen isurketa-kanona planteatzen da. Ayesaren iritziz, printzipio hori bat dator Mankomunitateak lanerako duen filosofiarekin: “Oso argi dugu merkeagoa dela bereiztea, enplegu gehiago sortzen du, eta lehengai eta baliabide gehiago berreskura ditzakegu”. Ildo horretan, gai organikoak bereizteari dagozkion kopuruak ere oso hurbiletik aztertzen ari dira. “Apustu handia egin da horren gaineko kontzientzia harrarazteko eta horretan hezteko, baina gai organikoak bosgarren edukiontziaren bidez bereiztearen emaitzak %13 inguruan daude, eta, horrenbestez, ez gaude pozik eta bultzatu nahi dugun datua da”. Testuinguru horretan, lehendakariak hau iragarri du: “Hurrengo asteetan komunikazio kanpaina indartsu bati buruz hitz egingo dugu. Hiri-ingurunean egingo dugu, landa-ingurunean jada egin den moduan”.

Barneko eta kudeaketako kontuak

Erakundearen barneko kontuei dagokienez, Ayesak aipamena egin dio Salestarren eraikinaren proiektuari, Mankomunitateak bertan kokatu nahi baitu egoitza berria. Gogoeta egiten aldi bat igaro eta adostasun zabala lortu eta gero, orain proiektuen lehiaketa bat egin nahi da, SCPSAren Administrazio Kontseiluak urrian onartu ahal izango lukeena. Hartara, IMk egoitza bat izango luke, erakundearen Plan Estrategikoan planteatu zen moduan.

Azaldu duen beste puntu bat sareen mantentze-lanetako tailerraren eta taldearen berrantolaketarena izan da. Instalazio hori, zehazki, Agustindarren industrialdean dago. “Eginkizun horien kudeaketa erakundearen beraren baliabideen bidez egitea planteatu da, eta horrek etekin ekonomikoak eta onura sozialak izango ditu. Berrantolaketa horrek hamaika lanpostu publiko eta kalitateko sortzea ekarriko du, eta egun esternalizatuta dauden bost kontratu eta erdi itzultzea ekarriko du. Hartara, garrantzia ematen ari zaio saneamendu zerbitzuari eta, aldi berean, enplegu publikoaren alde lan egiten jarraitzen da”, zehaztu du lehendakariak. 

Mintzaldia amaitzeko, Aritz Ayesak aipamena egin dio SCPSA kudeaketa-sozietateko zerbitzu juridikoen zuzendari-lanpostuari. Gogora ekarri du kudeaketa-erabaki bat izan zela, lehendakariak hartu zuena eta Administrazio Kontseiluari aurkeztu ziona, hark onesteko. Helburua da SCPSA bezalako sozietate batek –450 langiletik gora eta 70 milioiko aurrekontua dituena– segurtasun juridikoa izatea. Gabezia bat detektatu zen giza baliabideetan, eta lanpostu hori sortzea ekarri zuen. Alde horretatik, Ayesak argitu nahi izan du erakundean lanean hasten diren pertsona guztiak proben bidez kontratatzen direla. “Kasu honetan ere hala izan da. Era berean, izendapen askeko lanposturen batean amaitu duten pertsona guztiak probak eginda hasi dira”, ekarri du gogora Ayesak. 

 

Beste albiste batzuk