Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2013/06/02

Jesús Arguiñáriz iruindarra, aire zabaleko pintura lehiaketako hamaseigarren ekitaldiko irabazlea

Margolan saridunak eta hautatuak Atarrabiako San Andres Errotan erakutsiko dira ekainaren 8a eta uztailaren 28a artean.

Jesús Arguiñáriz Larráyoz 59 urteko iruindarra izan da Aire zabaleko Pintura lehiaketako XVI. ekitaldiko irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak beste urte batez Atarrabiako San Andres Errotaren inguruan antolatu du lehiaketa, eta 213 lagunek parte hartu dute. Epaimahaikideek 2.000 euroko lehen saria eman diote margo akrilikoekin eta grafitirako errotuladoreekin egindako margolan batengatik. Gainera, epaimahaikideek erabaki dute accessit-ak ematea –bakoitzak 1.000 euro eskuratu ditu– Sofía Rodríguez Palaciosi eta Ramón Estévez Abeytuari. Biak ala biak 40 urtekoak dira eta iruindarrak. 

Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etan hasi dira lanean eta 16:00etan bukatu behar izan dute, orduan hasi baitira epaimahaikideak erabakia hartzen. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Iñaki Crespo, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea, Luis Ibero, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea, Javier Manzanos, aditua arte plastikoetan, Carmen Salgado, margolari gonbidatua, eta Fermín Lizarraga, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea.

Hiru margolan saridunak eta epaimahaikideek hautatu dituzten beste hogeita hamar Atarrabiako San Andres Errotan bertan egongo dira erakusgai ekainaren 8a eta uztailaren 28a bitartean.

Horrenbestez, Jesús Arguiñárizek lehiaketa honetako irabazleen zerrenda luzean sartuko du bere izena. Hain zuzen, hauek izan dira orain arteko irabazleak: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, María Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011) eta Fermín Lizarraga (2012).

Jesús Arguiñáriz Larráyoz ‘Chuma’ diseinatzaile grafikoa eta ilustratzaile profesionala da. Zazpitan parte hartu du lehiaketa honetan, eta beste lehen sari batzuk irabazi izan ditu: bitan Tafallan (Clarión saria) eta beste bitan Orkoienen,  2010ean eta 2011n. Artistak berak hitz hauek esan ditu akrilikoarekin margotzeko duen moduaren gainean: “figuratiboa zen, zehatz-zorrotza eta motela, baina halako lehiaketetan parte hartzeak arinago aritzeko eta xehetasunak ezabatzeko gaitasuna eman dit eta, hartara, margolanak lehenago amaitzeko”. Margolanean margolari batzuk ikusten dira, San Andres Errotako eraikinaren aurrean lanean. Eszena naturatik hartu du, baina zenbait elementu irudikatu sartu ditu. Lehenbizi arkatzez egin du, gero margo akrilikoa erabili du eta, azkentzeko, grafitietarako errotuladore berezien trazuak egin ditu.

 

Beste albiste batzuk