Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/05/09

Iruñerriko Mankomunitateak sentsibilizazio jarduera gehiago eskainiko ditu udaberrian eta udan

Jarduera berri asko Ecoembesekin batera egindako Libera proiektuan kokatzen dira

“Udaberria iritsi, argi-orduak biderkatu eta planak egiteko gogo handiagoa dugun honetan…”. Horrelaxe dio Mankomunitateak aurkeztu duen jardueren egitarau berriak. Urtean zehar martxan dagoen sentsibilizazio eta aisiaren egitaraua urtaro honetan indartzen da. Horregatik, hemendik aurrera jarduera gehiago antolatuko ditu erakundeak.

Libera proiektua

Egitarauaren barne Ecoembesekin batera garatzen ari den Libera proiektua nabarmendu ahal da. Egitasmo horren helburua naturguneak zaborrik gabe eta biodibertsitatez beteta edukitzeko herritarrak kontzientzia hartzera eta mobilizatzera bultzatzea da.

Proiektu horren barruan egingo diren jardueren artean “Skeleton Sea” dago, itsasoan jasotako hondakinekin egindako itsas eskultura erraldoien erakusketa bat. Horrez gain, sortze-tailerra eskainiko da proiektuko artistetariko baten eskutik, Xandi Kreuzeder artistaren eskutik, hain zuzen. 

Arazuriko hondakin urak tratatzeko araztegira egingo den bisita da Liberaren hurrengo proposamena. Handik bisitariak Iberora joango dira. Ibaian, txalupa ibilbidea egingo dute, Etxauriraino. Ibaiko habitat-ean ibiliko dira, eta inguru horretako landarediari eta espezieei buruzko bitxikeriak ikasiko dituzte. Han bertan arretaz aztertuko dute uraren garbitasuna edo kutsadura. Gauza berbera egingo da beste egun batzuetan Atarrabiako Pilategiaren inguruan baltsan egingo diren ibilbideetan.

Sentsibilizazio lana osatzeko Mankomunitateak Hondarribira txango bat antolatuko du. Edozein lekutan botatzen ditugun hondakinak itsasora joan daitezkeela jendea kontura dadila du helburu nagusi ekitaldi horrek, eta, horretarako, itsasontziz bidaiatxo bat eskainiko da.

Maiatzaren 25ean, bestetik, San Andres Errotan Cesare Maglioniren “HONDAR 2050” luzera ertaineko filma proiektatuko da. Film hori independentea eta parte-hartzean oinarritutakoa da, eta itsasoan plastikoak eta zaborra egotea salatzen du. Emanaldiaren ondoren, Cesare proiektua azaltzen ariko da mintzaldi labur batean. 

Eta, proiektua amaitzeko, ‘1m² naturaren alde’ natura-inguruneetako zaborra biltzeko topaketa egingo da. Herritarrei egiten zaien deialdi baten bidez, mendira, hondartzara edo hurbilen dagoen natura-eremura ateratzeko eta haietan dauden zaborrak eta hondakinak desagerrarazten saiatzera joateko gonbidapena egiten zaie.

Beste jarduera batzuk

Libera proiektua ez ezik, Mankomunitateak beste jarduera batzuk ere antolatu ditu. Maiatzaren 18ko asteburuan Bonsai Weekend festa ospatuko da Mendillorriko Ur-biltegietan. Erakusketa, lehiaketa eta tailerrak Iruñeko Bonsai Klubak zuzendutakoak izanen dira. Larunbat horretan inspirazio-iturria ametsetan aurkitzen duten marrazkigileen lanak ikusi eta ezagutzeko aukera zabalduko da Atarrabiako Pilategian ametsak irudikatzeko egingo den tailer batean. Eta, egun berberean, Emausko Trapuketarien gunean Edurne Ibáñez moda diseinatzailearen aholkuak jarraituz parte hartzaileek jantziak konpondu eta pertsonalizatu ahal izango dituzte.

Gune horretan beste tailer batzuk egingo dira beste egun batzuetan. Julio Flames sukaldariak, adibidez, errezeta gozoak eta harrigarriak irakatsiko ditu, pasta eta hozkailuko beste janari-hondar batzuk oinarri hartuta. Daniel Lekunberrik, bestetik, bizikleta nola konpondu edo zaindu azalduko du.

Egun berezi batzuk ere ospatuko dira Mendillorriko Ur-biltegietan: maiatzaren 26an, bigarren eskuko azoka eta urrezko 3 arauen jaia, ekainaren 2an ur-festa eta ekainaren 9an Bizikleta Eguna.

San Andres Errota

Apirilaren 6an Errotako taberna ireki zen berriz. Hango chill-out terrazan hainbat ekitaldi egongo dira. Maiatzaren 31tik aurrerako ostiral eta larunbat guztietako gauetan kontzertuak izango dira. Bestalde, maiatzaren 30an eta ekainaren 6an eta 13an Hilarion Eslava Musika Eskolak emanaldiak eskainiko ditu. 

Era berean, ekainaren 2an Errota inguruko lorategian XXII. Margolaritza Lehiaketa izanen da.

Ekainaren 22an Alfonso Borragánek “No man´s land” ikerketa-ariketa aurkeztuko du. Horren guztiaz gain, gogorarazi behar da uda osoan zehar bizikleta mailegua zerbitzua izanen dela eta, urtean zehar gertatzen den bezala, igandero ogia egiteko tailerrak egiten jarraituko dela. Tailer horrekin batera Errotako bisita gidatua eskainiko da.

Azkenik, ekain, uztail, abuztu eta iraileko azkeneko ostiraletan Deborahlibros Kafe saioak egingo dira. Horietan bereziki interesgarriak diren liburu batzuei buruz mintzatuko da. Ildo beretik, urtean zehar martxan egon den Bookcrosing zerbitzuak indarrean jarraituko du terrazan kokatutako liburu-kutxen bidez.

Informazio gehiago eskuratzeko, Iruñerriko Mankomunitatearen webgunearen esteka honetan.  
 

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua