Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/08/06

Irisgarritasun-neurri guztiak dituen informazio-taula bat

Atarrabiako Pilategian kokatua, barne hartzen ditu erliebea, braillea, audio erraza bi hizkuntzatan eta bideorako QR kodea

Iruñerriko Mankomunitateak informazio-taula bat kokatu du berriki Atarrabiako Pilategian, eta, mota honetako euskarriek izan ohi dituzten irisgarritasun-neurriak aintzat hartuta, Estatuan gehien dituena da. Taula Calícrates aholkularitza-enpresak egin du, eta balkoi-behatokian dago, eraikinaren beheko solairuan, eta bertatik Ultzama ibaia ikus daiteke, Arreko Hirutasunaren zubitik igarotzen denean. 

Taula honek lehendik zegoen bat ordeztu du, eta barne hartzen du erliebean dagoen argazki bat, braillez dauden errotuluek lagunduta. QR kode bat ere badu, esplorazio-gida bat ematen duena, ukipen-gida, ikusteko desgaitasuna duten pertsonei argazkiko elementu guztiak lokalizatzen laguntzeko. Gainera, QR kodeak Pilategian eskuragarri dauden beste irisgarritasun-neurri batzuei buruzko informaziora bidaltzen du, besteak beste, keinu-hizkuntza duen bideo batera, azpititulatuta dagoena eta audiodeskribapena duena, eta bai irakurketa errazeko koaderno batera ere. Beste alde batetik, testuetako letraren tamaina handitu egin da (letra handia edo makrokaraktereak, kontrastearekin, ikusmen urria duten pertsonek eroso irakurtzeko aukera izan dezaten), eta audio erraz bat gehitu da. Audio hori grabazio bat da, eta bere gidoia irakurketa errazean eginda dago, ulermen-zailtasunak dituzten pertsonek gunea hobeki ulertzeko bidea izan dezaten. 
 
Hartara, lanaren emaitza informazio-euskarri bat da, non zentzumen guztiek elkarri eragiten dioten eta non pertsona bakoitzak, bere gaitasunen arabera, naturaz goza dezakeen baldintza-berdintasunean. 

Informazio-zentroak eta erakusketa irisgarriak

Irisgarritasuna aintzat hartzen duten proiektu ugari garatu du Mankomunitateak. Izan ere, ingurumen-informaziorako eta -heziketarako lau zentroak nabarmendu behar dira –San Andres Errota, Atarrabiako Pilategia, Mendillorriko ur-biltegiak eta Artetako iturburua–, keinu-hizkuntzan dagoen bideoa baitute, azpititulatuta dagoena eta audiodeskribapena duena, braillez dagoen eskupapera, QR dinamikoa, irakurketa erraza, PDF irisgarria, turismo irisgarriko atarietan sartzea, irisgarritasun-orriak, webgunea eguneratzea eta braillezko seinaleztatzea komunetan.

Beste alde batetik, lau erakusketa iraunkorrak aipatu behar dira, braillezko eskupapera, irakurketa erraza eta PDF irisgarria baitituzte: “Anaia ibaia”, “Zientzia dibertigarria”, “Arazuri” eta “Ura eta denbora”. “Anaia ibaia” erakusketa Atarrabiako San Andres Errotan dago, eta klimaren eginkizuna azaltzen du, meteorologia eta gizakion esku-hartzea Arga-Ultzama ibai-sisteman. Mugarria izan zen Nafarroako museoetako irisgarritasunean, eta saria jaso zuen, Administrazio Publikoaren modalitatean, 2019ko Nafarroako ONCE Elkartasun Sarietan. Gainera, erakusketa inauguratzeko egin zen ekitaldia erabat irisgarria izan zen, keinu-hizkuntza, begizta magnetikoa (entzuteko protesiak dituzten pertsonentzako laguntza) eta azpitituluak izanda. 

Horri guztiari irakurketa errazeko zenbait bisita gidatu gehitu behar zaizkio, adimen-desgaitasuna duten bi pertsona buru dituztela, desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako bisita egokituetan lagun-egiteak eta irisgarritasun-eskuliburuak sortzea herritarrei arreta emateko dauden langileentzat. 

Egun, Mankomunitatea braillezko eskupaperak, irakurketa erraza, irisgarritasun-orriak, PDF irisgarria eta QR dinamikoa egiten ari da erakundearen lau instalaziotarako (Egillor, Urtasun, Gongora eta Arazuri), eta herritarrei arreta emateko dauden langileentzat online prestakuntza gauzatzen ari da. 

Aurreikusita dauden beste ekintza batzuk

IMk pentsatu du berehalako etorkizunerako berriro heltzea bisita eta jarduera egokituei desgaitasuna duten pertsonen erakundeetarako, eta bai ikastetxeetako bisita gehiago egokitzea ere. Halaber, erakusketak berritzean eta erakundearen instalazio desberdinak seinaleztatzean ahalik eta irisgarritasun-neurri gehienak barne hartzea aurreikusi du.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da