Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/02/12

Ingurumeneko gaiei buruzko blog berria abiarazi du Mankomunitateak

EcoblogMCP blogak sei kategoria nagusi ditu: Hondakinak, Ura, Mundu iraunkorra, Gune publikoak, Mugikortasuna eta Etxean

Iruñerriko Mankomunitateak EcoblogMCP izenekoa (http://ecoblog.mcp.es) du martxan gaurtik aurrera, astelehena, ingurumenaren arloko gaietarako blog bat, erakundearen kudeaketarekin lotutako alorretan arreta berezia jarriko duena. 

Blogaren helburuak, zehazki, hauek dira: herritarrei ingurumenaren iraunkortasunaren gaian nabarmenenak diren kontuen gaineko informazioa ematea eta haiek sentsibilizatzea, nazioko eta nazioarteko berrikuntzak hurbiltzea, eta gure eskualde ingurunean bertan garatzen ari diren intereseko ingurumen alderdiak azaltzea.

Blogaren menu nagusiak sei kategoria nagusi hauek ditu: Hondakinak, Ura, Mundu iraunkorra, Gune publikoak, Mugikortasuna eta Etxean.

  • ‘Hondakinak’ atalean, hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatu, berreskuratu eta tratatzearekin lotutako berrikuntza nagusiak landuko dira.

  • ‘Ura’ atalak uraren zentzuzko erabilerari, hornidurari, edateko ona den uraren tratamendu prozesuei eta hondakin urak arazteari buruzko intereseko alderdiak jasoko ditu.

  • ‘Mundu iraunkorra’ atalean klima aldaketari, energia berriztagarriei, igorpen kutsatzaileak murrizteari, karbono aztarna kalkulatzeari eta abarri buruzko informazioa jorratuko da. 

  • ‘Gune publikoak’ arkitektura iraunkorreko proiektuak, hiri adimendunen bilakaera, eta hirigintza eta hiri ekologiaren gaineko intereseko erreferentziak gerturatzeko sortu den atala da.

  • ‘Mugikortasuna’ izena duen atalak hiri garraioari, taxiaren zerbitzuari, oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari buruzko berrikuntzak eta mugikortasun iraunkorrarekin lotutako beste hainbat alderdi landuko ditu.

  • Azkenik, ‘Etxean’ atalean, etxebizitzarekin lotura duten edukiak kontsultatu ahal izango dira: ideia originalak eta aholku praktikoak gure etxeak gune iraunkorragoak izan daitezela lortzeko. 

Iruñerriko Mankomunitatearen ekoblog honek “Hondakinen blogaren” lekukoa hartu du. Hori ere Mankomunitateak editatuta, 2010az geroztik hondakinen kudeaketan eta birziklapenean espezializatuta egon da. Blog zahar horretako argitalpen nabarmenenak berreskuratu egin dira, argitalpen berri honetako ‘Hondakinak’ atalean kontsultatzeko moduan egon daitezen.

Blog berri honen jarraitzaileek zalantzarik argitu nahi badute edo ataletakoren batean lantzeko gaiak iradoki nahi badituzte, posta elektronikoko helbide bat egokitu da: ecoblog@mcp.es.

EcoblogMCP honen bidez, Mankomunitateak beste bide bat du ingurumenari buruzko informazioa eman eta horren gainean sentsibilizatzeko, eta, hartara, ingurumen erantzukizunarekin eta gure ingurunearen etorkizunarekin dugun konpromisoa sustatzeko. Horrenbestez, bloga Mankomunitatearen webgunearen (www.mcp.es) osagarri bat da, non erakundearen eta ematen dituen zerbitzuen gaineko informazio nabarmena zentralizatzen jarraitzen den.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia