Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/08/25

IMko lehendakariaren adierazpena, legelariek SCPSAren Administrazio Kontseiluan kargua utzi dutela-eta

Iritziak eta informazioak ugaritu direla ikusirik, Aritz Ayesak zenbait kontu argitu nahi izan ditu

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, adierazpen batzuk egin ditu hedabideetan, legelariek SCPSAren Administrazio Kontseiluan (Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.) kargua utzi izanaren kariaz.

Hitza hartu duenean, Ayesak adierazi du erakundearen barneko eztabaidak jendaurrean erakustea ez dela sartzen erakundea kudeatzeko berak ulertzen duen moduan, baina ikusirik iritziak eta informazioak ugaritu egin direla zenbait kontu argitu nahi izan dituela.

Mankomunitateko lehendakariak zehaztu duenez, Iruñerriko Mankomunitateko legelariek Administrazio Kontseiluan zituzten eginkizunetan kargua uztea joan den uztailean jakinarazi zioten, idatzi baten bidez, eta hartan ez ziren arrazoiak aipatzen. Ondoren, Ayesak adierazi duenez, “legelarietako batek jakinarazi zuen barneko organo batean bere erabakiaren zergatikoa SCPSAko zerbitzu juridikoetako zuzendari izateko lanpostuaren deialdia izan zela eta hala argitaratu zen hedabideetan”.

Ayesak argitu nahi izan du lanpostu horretarako deialdia SCPSAko teknikarien eta IMko legelarien iritziak entzun ondotik hartutako erabakia dela, izan ere “erosketen eta kontratatze publikoaren prozeduren konplexutasun gero eta handiagoak eskatzen du zerbitzua sendotzea, segurtasun juridikoari eusten zaiola bermatzeko moduan”. Horren ondorioz, lehendakaritzak erabaki hori hartu zuen eta Administrazio Kontseiluari proposatu zitzaion, “han, SCPSAko eta IMko teknikarien kezkak entzun eta erantzun eta gero, berretsi egin zen. Teknikari horiek guztiak lanbidean ibilbide luzea eta fidagarritasun egiaztatua dutenak dira. Horrenbestez, ez da lehendakariaren ekimena, ez eta inspirazio ideologikoa duena ere”, gehitu du Ayesak.  

Gaur goizean bertan egindako baieztapen bati erantzunez, Ayesak hau zehaztu du: “Kargua utzi duten pertsonek ez dute inoiz txostenik egin lehendakariak eta erakundeko zuzendaritzako organoek –gehiengoz onartu dute– hondakinen kudeaketa erakundearen bitartekoen bidez kudeatzeko duten nahiaren kontra”.

Hautaketa prozesu objektibo baten ondoren kontratatzea

IMko lehendakariak era berean argitu nahi izan du SCPSAko zerbitzu juridikoetako zuzendari berriaren figura ez dela kanpoko aholkulari batena izango: lanpostua izendapen askekoa da. Izendapen horrek okerrera eraman dezake, baina kontratatzeko, deialdi bat argitaratu da prentsan, eta hautagaiek hautaketa prozesu objektibo bat gainditu behar dute, epaimahai batek bermatzen duena.

Alde horretatik, nabarmendu behar da SCPSAn izendapen askeko lanpostuak betetzeko pertsonen hautaketa honela egiten dela: izendapen askeko lanpostu bat bete dezakeen langilerik ez badago erakundearen barnean, lanposturako deialdia kanpoan egiten da eta hautaketa prozesu bat egiten da, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak babestuta, eta bete beharreko lanpostuaren ezaugarrietara hobekien egokitzen den hautagaitza bilatuta. “Horrek esan nahi du –adierazi du Ayesak– SCPSAn izendapen askeko lanpostu batean ari diren pertsona guztiek gainditu behar izan dutela hautaketa prozesu bat, edo lanpostua eskuratzeko unean mailaz igo delako, hori bada kasua, edo bete nahi den lanpostuaren kanpoko dealdian”. Alderdi honi dagokionez, jakinarazi du, azken hitzarmena sinatu eta gero, erakundeko langileen izendapen askeko lanpostuak murriztu egin direla, 64 izatetik 35 izatera igarota.

Amaitzeko, erakunde erkidetuko lehendakariak argitu nahi izan du SCPSAk gutxi gorabehera 450 langile dituela plantillan eta haietako bakarra izan dela, zuzendari kudeatzailea (SCPSAkoa da), lehendakariak proposatutakoa eta SCPSAko Biltzar Nagusiak onartutakoa. Gainerako langile guztiak erakundeko kide dira hautaketa prozesu bat gainditu dutelako. Ayesak garrantzitsutzat jo du kontu hori garbi uztea, “egun SCPSAn izendapen askeko lanpostuetan aritzen diren pertsonen balioa eta garrantzia nabarmentzeko”.

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan