Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/01/16

Hurrengo udaberrian Salestarren eraikinerako bisita gidatuak egingo ditu Mankomunitateak

Garai bateko komentua ezagutzeko azken aukera izango da, birgaitzeko lanak hasi aurretik

Mankomunitateak aurreikusi du heldu den udaberrian bisita gidatuak egitea Salestarren eraikinera, apirilaren 6tik aurrera, larunbata. Asteburuetan, bisitak herritar ororentzat izango dira, eta lanegunetan, berriz, arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin lotutako profesionalen eta ikasleen taldeentzat izango dira. 

Une honetan, eraikina egokitzen ari da, bisita horiek egiteko. Hain zuzen, egun dagoen moduan ezagutu eta ikusteko azken aukera izango dira, erakundearen eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. (SCPSA) bere kudeaketa-sozietatearen egoitza berri bihurtzeko birgaitze-lanak hasi baino lehen.

Eraikina 2010ean eskuratu eta gero, 2011 eta 2013a artean Mankomunitateak bisita gidatuen bost ziklo antolatu zituen, herritarrek garai bateko komentua ezagutzeko aukera izan zezaten. Guztira, 4.400 lagunetik gora izan ziren eraikina bisitatzen.

Eraikuntza-proiektua egiten ari da

Nabarmendu behar da IM eta SCPSAren etorkizuneko egoitza eraikin horretan egiteko eraikuntza-proiektua egiten ari dela. Gogoan izango denez, aurreko urteko uztailean, SCPSAko Administrazio Kontseiluak onartu zuen proiektua idazteko eta obraren zuzendaritza egiteko kontratua Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek osatutako taldearen proposamenari esleitzea. 

Proiektua egitea bi fasetan zatituta dago: oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua. Oinarrizko proiektua joan den urriaren 31n aurkeztu zuten, eta bertan hainbat alderdi zehazten dira: bulegoen espazio-banaketa, publikoaren espazioa (herritarrei edo bezeroei arreta egiteko gunea eta erabilera anitzeko aretoa elizan), klaustroko patioa eta patio-esklusa estaltzea, eraikinerako sarbidea Arazuri Doktorearen pasealekutik, eta erreserba-bolumen berri baten proposamena patio-lorategian. Gero, abenduan, obra-lizentzia eta jarduera sailkaturakoa eskatu zitzaion Iruñeko Udalari. Une honetan, prestatzeko taldea eraikuntza-proiektua egiten ari da, eta hurrengo udaberrian amaituta egotea aurreikusten da. Hartara, une horretatik aurrera, obrak lizitatu ahal izango dira.

Era berean, Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren aldaketa izapidetu da, salestarren komentuaren lurzatian, solairu guztietan administrazio-erabilera egitea eta erreserba-modulua eraikitzea ahalbidetuko duena, eta bai Iruñeko Udal Planaren Katalogoaren fitxaren aldaketa ere. Biak ala biak hasiera batean onetsi zituen Iruñeko Udalak, joan den urtarrilaren 9an.

Proiektu moldagarria etorkizuneko beharretarako 

Andre Mariaren Bisitazioaren komentua San Frantzisko kalearen eta Aduanako zokoaren artean dago, eta Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat da. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektuaren arabera, eta 2003a bitartean salestar mojen klausurako komunitatea hartu zuen.

Mankomunitatearen etorkizuneko egoitzarako proiektu irabazlea aukeratu zuen epaimahaiak adierazi zuenez, Salestarren eraikina birgaitzeko proposamenak “katalogo arkitektonikoa murriztea eskaintzen du, eraikinaren potentzialera edo ahalmenera egokitzen dena eta espazio soil eta atseginak lortzen dituena”, eraikinaren kanpoaldetik barnealderako igarotzea nabarmenduta. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak eraikinaren okupazio zentzudun baterako aukera ematen du, espazio guztiek ingurumen-kalitate egokia dute eta sinergiak sortzen dira sail desberdinen artean. Halaber, epaimahaiak nabarmendu zuen egungo beharrei erantzuteko orduan planteatutako esku-hartzea, IM eta SCPSAren egituraren etorkizuneko behar edo berrantolaketetarako moldagarritasuna emanez era berean. Adierazi izan den moduan, Mankomunitatearen egoitza berria Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin partekatuko da, azken horrek bere jardunaren zati bat Alde Zaharrera hurbiltzeko aukera izan dezan. 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela