Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/07/16

Hiri Garraioak sanferminetako errekorra lortu du 1.800.000 bidaiak gainditzean

Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59

Behin betiko datu guztiak eduki gabe, Eskualdeko Hiri Garraioak 1.802.167 bidaia erregistratu ditu sanferminetako bederatzi egunetan, eta, beraz, 2018ko kopuruarekin alderatuta, %1,96 gehiago izan dira, orduan, azkenean, 1.767.605 bidaia izan baitziren. Horrenbestez, errekor historikoa da EHGaren erabileran sanferminetan. 

Bidaia-kopuru handiena erregistratu zen eguna hilaren 6a izan zen, larunbata, 255.361 bidaiarekin, eta, hortaz, joan den urteko egun berean ezarrita zegoen errekorra (244.885) %4,28 gainditu zen. Haren ondotik etorri ziren hilaren 7a, igandea, 225.918 bidaiarekin, eta 13a, larunbata, 207.512 bidaiarekin.

Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu-kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 126 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an, goizean, 150 izan ziren). TCC enpresak 540 pertsona izan ditu lanean sanferminetan. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 265.000 izan dira.

Beste alde batetik, adierazi behar da hilaren 6ko gaueko bederatziak inguruan L16 lineako gidari bati eraso egin ziotela. Hain zuzen, autobusean atzeko atetik sartu zen gizon batek bultzatu egin zuen gidaria eta lepotik heldu zion. Gero, udaltzainek atxilotu egin zuten erasotzailea.

%26,59 handitu da beira-bilketa

2019ko sanferminetan, jaien ingurunean 1.188.010 kg hondakin bildu ditu Mankomunitateak, 2018ko jaiekin alderatuta (1.089.020 kg), %9,09 gehiago. Kantitate oso horretatik, 379.590 kg zaborrak edukiontzietan biltzeari dagozkio (2018an baino %5,91 gehiago), 516.140 kg, beira-bilketari (2018an baino %26,59 gehiago) eta 292.280 kg, bideetako garbiketa-lanei (aurreko urtean baino %9,48 gutxiago). 

San Fermin jai hauetan, jaien inguruneko hondakinen bilketa gaikako bilketako edukiontzien bidez egin da laugarren urtez, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoak, pera-kartoia eta ontziak) bereiz botatzeko aukera izateko. Hartara, gaikako bilketa horrek, barnean hartuta beirarenak, ahalbidetu du %53,37 berreskuratzea.

Beiraren kasuan, 516.140 kg berreskuratu dira, eta horrek ekarri du %26,59 gehiago izatea. Haietatik, 180.780 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio (aurreko urtean baino %1,49 gehiago), 327.220 kg, ‘iglu’ formako edukiontzietan bildutako beirari (2018an baino %48,46 gehiago) eta 8.140 kg, zezen-plazan egindako beira-bilketari (aurreko urtean baino %11,52 gutxiago). Gogora ekarri behar da zazpigarren urtez Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidrio enpresak beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dutela, Erruki Etxearekin elkarlanean, beira gaika biltzeko zezen-plazan, zezenketen ondoren. Hartara, egun bakoitzeko 900 kg baino gehiago berreskuratu dira beez beste.

Hirugarren urtez jarraian, sanfermin hauetan, “Birjolastu” izeneko gunea egokitu da haurrentzat Taconera parkean. Zehazki, ardatz nagusia materialak eta hondakinak berrerabiltzea izan da. Gune hori Iruñeko Udalak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen laguntza izan du, eta 65.000 bisitari inguru hartu ditu.

Gaur, asteartea, uztailak 16, Mankomunitatea bilketa pneumatikoko buzoiak kokatzen hasi da Iruñeko Alde Zaharrean. Buzoi guztiak jartzen ostiralean amaituko du, eta egun horretan bertan egongo da erabat martxan bilketa pneumatikoa.

Ur-kontsumoa handitu egin da Alde Zaharrean

Ur-kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean Iruñean erregistratutako batez besteko emaria 545,1 litro segundokoa izan da, 2018arekin alderatuta, %0,32 handiagoa.

Alde Zaharrean, batez besteko emaria 57,1 litrokoa izan da segundoko, aurreko urtean baino %2,93 handiagoa eta aurreko bost urteetako batez bestekoa baino %2,32 handiagoa. Beste alde batetik, emari handienak bi asteburuekin batera gertatu zirela adierazi behar da. Kontsumo handiena hilaren 7an izan zen, igandea (64,0 l/s). Astelehenetik ostegunera balioak txikiagoak izan ziren, eta jaietako azken bi egunetan, emendatze txiki bat erregistratu zen, bigarren asteburuarekin bat etorrita. 

Aurreko urteetan bezala, uztailaren 6an, 09:00etan, une bateko emari handiena erregistratu zen, herritarrak txupinazora joateko prestatzen ari zirenean. 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela
  • Zazpi billabesa hauek eskuratuta, flota 148 autobusek eratzen dute eta batez besteko adina 6,75 urtekoa da