Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2014/11/07

Heldu den azaroaren 12an, 13an eta 14an Ingurumeneko Jardunaldi Teknikoen XXII. ekitaldia (ANPMA) egingo da Iruñean

Ingurumeneko Enpresa Publikoen Elkarte Nazionalaren jardunaldiak (ANEPMA) Iruñean egingo dira, azaroaren 12a eta 14a artean

Heldu den azaroaren 12a eta 14a artean Ingurumeneko Enpresa Publikoen Elkarte Nazionalaren Jardunaldi Teknikoen XXII. ekitaldia egingo da Iruñean. Aurten, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitatea arduratu da jardunaldiak antolatzeaz (urtero ANEPMA elkarteko kide bati egokitzen zaio antolatzea). 

Jarduerak Baluarte batzar jauregi eta auditoriumean egingo dira, eta haien helburua izango da esperientziak konpartitzea eta sakon eztabaidatzea kudeaketa publikoaz eta berehalako etorkizunean sektore honetan dauden erronkez eta aukerez. 

Jardueren inaugurazio ofiziala azaroaren 12an egingo da, asteazkena, 10:00etan. Ordu erdi geroago, lehenbiziko hitzaldia izango da: “Helburu berriak, Europar Batzordeak proposatuak, hondakinen gaian”. Zehazki Ana Rodríguez Cruzek egingo du hitzaldia. Rdríguez Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko kontseilari teknikoa da. 

Asteazkenetik ostiralera hainbat hitzaldi entzuteko aukera izango da. Esate baterako, Lisa Labrigak parte hartuko du. Labriga Birziklatzearen aldeko Hirien Elkarteko proiektu arduraduna da (ACR+), eta asteazkenean, hilak 12, 13:00etan, “Europan hondakinak murrizteko politikak. Egungo egoera eta etorkizuneko erronkak Espainiarako” txostena aurkeztuko du. Era berean, nabarmendu behar da Joachim Quodenek egingo duen hitzaldia: “Ekonomia zirkularraren erronkak paketatzean, ekoizleen erantzukizunera jo behar izateko”. Quoden EXPRA Packaging Recovery Organisation erakundeko manager-zuzendaria da, eta ostegunean, azaroak 13, egingo du hitzaldi hori, 11:45ean. 

Hitzaldiez gain, mahai-inguruak eta tailerrak egingo dira. Horien edukia, hain zuzen, jardunaldien webgunean kontsulta daiteke: jornadasanepma.com. Horrez gain, bi bisita tekniko antolatu dira, jardunaldietan parte hartzen duten pertsonek Gongorako Hondakin Solidoen Tratamendu Zentroa eta Iruñeko zerbitzuen lur azpiko galeria ezagut ditzaten.

Jardunaldiak egitearekin batera, elkarteak ANEPMA sariketaren III. ekitaldia egingo du. Zehazki, hiri hondakinen kudeaketan eta kale-plazen garbiketan jarduera nabarmena egiten duten pertsonen ibilbidea aitortzen dute sari horien bidez, bai arlo publikoan, bai eta pribatuan ere. 

43 ELKARTE BAZKIDETU

Ingurumeneko Enpresa Publikoen Elkarte Nazionalak (ANEPMA) 1996an hasi zuen bere ibilbidea, nahiz eta elkarte gune bat sortzeko ideia 1990ean sortu zen, hiri inguruneko enpresa publikoen kontu komunak batera lantzeko helburuarekin. Elkartearen zeregina da administrazio desberdinek, beren enpresa publikoen bidez, ematen dituzten zerbitzuak bultzatzea eta, lanerako taldeen bidez, sektorearen gaurkotasunari buruzko azterketak eta txostenak egitea.

ANEPMAren barnean Espainiako 43 erakunde daude, kapital publikokoak, eta Espainia osoan hiri hondakinen garbiketa eta kudeaketa, bilketa eta ezabatze zerbitzuak kudeatzen dituzte. Horrez gain, sektoreko 13 enpresa ditu, bazkide laguntzaile gisa.

JARDUNALDIEN JARRAIPENA

Ekitaldiari buruzko argibide guztiak jardunaldien webgune ofizialean kontsultatu daitezke: jornadasanepma.com. Gainera, jardueren garapenari jarraipena egin ahal izango zaio bitarteko sozialetan, bereziki @anepma_es Twitterreko kontuan eta #anepma22 traolaren bidez. Era berean, ikus-entzunezko informazio guztia Youtuben emango da, eta Instagram eta Flickr argazkien edukirako euskarriak izango dira. Txostenei eta lan saioei dagozkien dokumentuak Slidesharen eta Deliciousen kargatuko dira, eta, beraz, sareko komunikabideetan informazioa biltzeko balio izango du. 

Beste albiste batzuk