Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/09/21

Erakundeak kudeatzen dituen zerbitzuak aztertu ditu Mankomunitateko lehendakariak

IMk etorkizun hurbilenean ekingo dien gai nagusiak aurkeztu ditu gainera Aritz Ayesak

Gaur goizean egindako prentsaurreko batean, erakundeak ematen dituen zerbitzuak aztertu ditu Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, eta erakundeak laster ekingo dien gai eta ekintza nagusien berri eman du. 

Lehenik eta behin, Ayesak Uraren Ziklo Integralari egin dio aipamena. Hain zuzen, arlo horretan "herri txikietako obretan" lanean ari direla adierazi du, "gure komunitaterako garrantzitsuak eta ezinbestekoak direnetan". Lan horien artean, lau hobi septiko abian jarri izana nabarmendu du. Horrez gain, tamaina ertaineko beste batzuk aipatu ditu, hala nola Zubirikoa eta Elo-Getze Ibargoitikoa, eta bai Arazuriko HUAn egiten ari diren esku-hartzeak ere. 

Hornidurari dagokionez, lehendakariak hiru obra nabarmendu nahi izan ditu. Batetik, Eugi hornitzekoak, duela 12 urtetik egiteko zain baitzeuden; bestetik, Eusako ur-biltegian egiten ari diren esku-hartzea; eta bestetik, Olaibar hornitzeko lanak, Iruñerriko iparraldeko herriak integratzen amaitzeko aukera emango baitute. 

Nafarroako Ubidearen kanonari dagokionez, Ayesak gogora ekarri du joan den urtean Nafarroako Gobernuarekin sinatu zen akordioa "gure beharretara egokitze aldera; hartara, zenbatekoa erdira murriztu baita. Aurten egoera berean gaude, formula berbera lantzen, antzeko ezaugarriak izango dituen hitzarmen bat lantzeko hurrengo urterako".

LINEA ELEKTRIKO BAT EHGRAKO

Eskualdeko Hiri Garraioari dagokionez, Ayesak tarteko geralekuei edo eskaeraren araberako geralekuei egin die aipamena. Izan ere, Iruñeko Udalak eskatu zuen gaia aztertzeko, ezarri ahal izateko. Azaldu du otsailean Mankomunitateko Garraio Zerbitzuko teknikariei eskatu zitzaiela azterlana egiteko, gaueko sarea aztertu eta "horrekin erabakiak hartu ahal izatea errazteko. Hilabete hauetan, analisi horretan lanean aritu dira eta bai beste toki batzuetako esperientziak aztertzen ere". Uztailean, txosten hori partekatu zuten talde feministekin, berdintasunaren arloko udal teknikariekin eta Hiri Garraioaren kontzesioduna den enpresako Enpresa Batzordearekin. Bileren txanda aste honetan bertan amaitu da, eta haren ondoren Batzorde Iraunkorrari proposatu behar zaio gaueko sarea berrikustea, eskualdearen egungo errealitatera egokitzeko eta puntu edo gune beltzak kentzeko. 

Beste alde batetik, gogoa 2019an jarrita, lehendakariak nabarmendu du igorpenak murrizteko ahaleginean jarraitu behar dela lanean. Alde horretatik, finantzaketarako Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu eta gero, 9. linea elektrifikatuko da. Horretarako, sei autobusen erosketa esleitu zaio Vectia enpresari, eta bai autobusak kargatzeko bi zutoin eraikitzea ere, linearen buruetan. Zehazki, Renferen geltokian eta NUPen kokatuta egongo dira. Aurreikusita dagoenez, linea elektriko hori hurrengo urtearen lehen hiruhilekoan jarriko da martxan. 

Ibilgailu horiek kontuan hartuta, flotan 40 autobus hibrido egongo dira eta sei elektriko. Hartara, flotako autobusen %33 igorpen gutxikoak izango dira, eta hori pauso garrantzitsua izango da Iruñerriko bizi-kalitatean. 

Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari dagokionez (IHMIP), udalen, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen beraren arteko elkarlan eta lankidetza jardun handia izaten ari da. Maiatzaren 16an amaitu ziren hausnartzeko bilerak, eta une honetan saio horietako emaitzak eta herritarrek, elkarteek eta erakundeek egindako ekarpenak aztertzen ari dira.

Paraleloan, sare nagusiaren bideragarritasun azterlana azkentzen ari da. Interes handia eragin du IHMIParen parte-hartze fasean, eta bi aste barru aurkeztuko dute prentsaurrekoan. 

Halaber, Ayesak ontzat eman ditu bidaien gaineko azken datuak, azken urte arteko aldian %5,3ko emendatzea izan dela erakusten baitute. 

TAXIAREN ZERBITZUA HOBETZEKO APUSTUA 

Taxiaren zerbitzua dela-eta, lehendakariak gogora ekarri ditu segurtasunerako, ibilgailu ekologikoak eskuratzeko eta eurotaxien zerbitzua (mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako ibilgailuak) hobetzeko abian jarri diren diru-laguntzak, eta gaineratu du "helburuak betetzen" ari direla eta "zerbitzua hobetzen" ari dela.

Era berean, Iruñerriko espetxerako eskaerapeko zerbitzuaren emaitzak ere ontzat eman ditu. Hain zuzen, zerbitzuaren hitzarmena azaroan amaituko da, eta horren gainean ondokoa zehaztu du: "Berritzea espero dugu, martxan egon den hilabete hauetan hobetu daitezkeela ikusi dugun alderdi batzuk konpondu eta gero".

Taxiaren arloarekin dauden lan ildoetako beste bat tarifen egitura da. "VTC delakoek dakarten mehatxuaren jakitun gara, eta zerbitzua hobetzearen alde egin nahi dugu", esan du, eta alde horretatik "akordioak lortzeko erabateko prestasuna" dutela ziurtatu du.

HONDAKINAK KUDEATZEKO PLAN INTEGRALA 

Ayesak adierazi duenaren arabera, hondakinak erakundearen lehen kezka dira, garrantzitsuena. Legegintzaldi honetan, Iruñerrirako Hondakinen Plan Integrala garatu da. Akordio batean eta lantalde batean oinarrituta dago, eta lantalde horretan ildo politikoa eta teknikoa noranzko berean ari dira mugitzen. Plan hori bloke handi hauetan ardazten da: jatorrian bereiztea, bilketa eta tratamendua, eta haietako bakoitzean ekintza desberdinak ari dira gauzatzen.

Jatorrian bereizteko blokeari dagokionez, hondakinak bereiz biltzeko Azpilagañan eta Artika Berrian egiten ari diren proba pilotua aipatu behar da. Orain arte bildutako datuak "pozgarriak" dira eta adierazten dute hilabete hauetan %400 handitu dela 5. edukiontziaren bidez bildutako hondakinen pisua, gainerakoen edo errefusaren frakzioa %40 murriztu dela, eta paper-kartoiaren edukiontzian eta, bereziki, ontzien edukiontzian botatako kantitateak %70 emendatu direla. "Oso datu onak dira eta herritarrei eskerrak eman beharrean gaude beren inplikazioarengatik, ulertzen baitugu ohiturak aldatzea ez dela erraza", gaineratu du Ayesak.

Nafarroako Hondakinen Planak jasotzen du 2020rako jatorrian bereiz bilduko diren gai organikoen kantitateak %50ekoa izan behar duela. Proba pilotu honekin helburu horretara heltzeko hurbil gaude, eta, horrenbestez, Mankomunitatearen asmoa da sistema hedatzea hurrengo urtetik aurrera, xedea izanda Iruñerrian erabat ezarrita egotea 2022an.

Era berean, arropak, oinetakoak eta ehun gaiak biltzeko kokatutako edukiontzi berrien bidez egiten ari den bilketa ere aipatu du. Bilketa hori %60 baino gehiago handitzeko aukera eman du edukiontzi horiek kokatu izanak, 620 tonakoa izatetik 1.000 tonakoa izatera igaro baita. 

Beste alde batetik, Ayesak iragarri du hurrengo urriaren 19an prentsaurreko bat egingo dela Iruñeko Lezkairu eta Arrosadia auzoetan eta Aranguren Ibarreko Mutiloarte sektorean bilketa pneumatikoa abian jartzea eta horren gaineko kanpaina aurkezteko.  

Nafarroako Justizia Auzitegiak (Administrazioarekiko Auzietako Sala) Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan hondakinak biltzeko kontratuaren gainean Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegiak hartu zuen akordioa baliogabetu izana aipatu du, bestalde, IMko lehendakariak. Kontratu hori -lau urterako planteatua eta beste sei urtez luza zitekeena urtez urte- FCC enpresari esleitu zitzaion eta Urbaser enpresak helegitea aurkeztu zuen Kontratuen Auzitegian esleitze hori zela-eta. Auzitegi horrek ebazpena eman zuen 2015eko otsailaren 18an eta bertan adierazi zuen esleitzea baliogabea zela. Kontratuen Auzitegiaren ebazpen horri helegitea aurkeztu zioten bai Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateak (SCPSA) bai eta FCC enpresak ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean. 

Orain, Nafarroako Justizia Auzitegiak partzialki onartu du helegite hori eta ezarri du Kontratuen Auzitegiak ez zuela legea bete, aldeek alegazioak aurkezteko fasea alde batera uztean. Epai honen arabera, Kontratuen Auzitegiak une horretara egin beharko du atzera eta SCPSAk bere defentsa gauzatzea erraztu beharko du.

Ayesak, era berean, hondakinak tratatzeko planta berriren proiektuari egin dio aipamena. Jakina denez, alkateen eta hondakinen taldearen beraren bileretan (talde hori politikariek eta teknikariek eratzen dute) Mankomunitateko talde politiko guztiekin heldutako irizpideak baloratu eta gero, Garraioaren Hiriaren 4. Fasea da, Imarkoainen, erakundeak egindako txosten teknikoek eta kokapenekoek kontuan duten lehen aukera. Ayesak une hau "historikotzat" jo du, "hogei urte baitaramatzagu arazoari irtenbidea eman gabe". Gogora ekarri du Noain-Elortzibarko kontzejuei eta Udalari egin zaien eskaintza batzorde misto bat eratzeko, informazioa, sortuko diren aukerak eta planta berriaren gaineko erabaki batzuetan parte hartzeko aukera jorratzeko.  

Aukeren artean, aipamena egin dio Nafarroako Hondakinen Legeari, ordainak jasotzen baititu hondakinen plantak hartuko dituzten udalerrietarako. Ayesak jakinarazi du Nafarroako Gobernuarekin lanean ari direla erretornu edo itzulkin ekonomiko hori zehazteko. Halaber, hainbat lan ildo zerrendatu ditu, hala nola planta paisaian integratzea, ingurumen arloko eta sentsibilizazioko gela bat sortzea eta Elortz ibaiaren zatia lehenestea Iruñerriko Ibai Parkearen garapenean.

EZKABAKO PARKEA

Ezkabako Eskualde Parkea dela-eta, Ayesak jakinarazi du proiektua jendaurrean egon zeneko prozesuan aurkeztutako alegazioak ebazten ari dela Mankomunitatea, eta, behin haiek ebatzita, Nafarroako Gobernuak plana onartzeko aukera izango duela. 

MANKOMUNITATEAREN EGOITZA BERRIA

Amaitzeko, eta erakundearen barneko kontuekin lotuta, Ayesak Salestarren eraikinaren proiektua aipatu du, Mankomunitateak bertan ezarri nahi baitu bere egoitza. Hausnartzeko aldi baten ondoren eta akordio zabala lortuta, proiektua idaztea esleitu da eta 2019ko urtarrilerako amaituta egotea espero da. 

Aste honetan bertan, NUPekin hitz egiten jarraitu da, egoitza berriaren eraikina partekatzeko. Salestarren egoitzak hobekuntza ekarriko du eraginkortasunean eta herritarrei zerbitzu hobea ematea bermatuko du, hainbat zerbitzu elkartzea ahalbidetuko baitu. 

Beste albiste batzuk