Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/07/03

Bihartik aurrera, larunbata, berriro zabalduko dira IMren informazio-zentroak

Neurri higieniko-sanitario guztiak aplikatu ondoren irekiko dira

Bihartik aurrera, larunbata, hilak 4, berriro zabalduko dira Iruñerriko Mankomunitatearen informazio-zentroak: Mendillorriko Ur-biltegiak, San Andres Errota, Atarrabiako Pilategia eta Artetako iturburua. Gogora ekarri behar da zentro horiek martxoan itxi zirela, hil horren 14an alarma-egoera deklaratzearen ondorioz.

Zentroen ordutegiak hauek izango dira:

MENDILLORRIKO UR-BILTEGIAK

Biltegien esparrua
Egunero: 10:00etatik 21:00etara
 
Uren Etxea
Larunbat, igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
 
Erakusketa-aretoa
Larunbat, igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

SAN ANDRES ERROTA
Astelehenetik ostiralera:
17:00etatik 22:00etara
Larunbatetan: 11:00etatik 23:00etara
Igandeetan: 11:00etatik 21:30era

ATARRABIAKO PILATEGIA
Larunbat, igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

ARTETAKO ITURBURUA
Larunbat, igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara 

Zentro hauek egun indarrean dauden neurri higieniko-sanitario guztiak aplikatu eta gero zabalduko dira berriz, hartara, informazioa, prestakuntza eta aisia konbinatzen dituen esperientzia atsegin bat eskaini ahal izateko berriro ere herritarrei. Nolanahi ere, adierazi behar da instalazio horietan ez dela tailerrik eta bisita gidaturik egingo oraingoz. Era berean, ez da martxan egongo San Andres Errotan bizikletak maileguan hartzea.

Jarduera digitalak herritar ororentzat

Koronabirusaren krisia dela-eta, joan den udaberriaz geroztik, herritar ororentzat den programazioa sakon egokitu da: lehen informazio-zentroetan garatzen zen, eta orain ordenagailuen eta beste gailu mugikor batzuen bidez gauzatu ahal da. Programazioa, hain zuzen, Mankomunitatearen webguneko (www.mcp.es) jardueren atalean kontsultatu ahal da, eta ‘Mancoagenda’ informazio-buletinaren bidez. Interesa duten pertsonek webguneko atal horretan egin dezakete buletinaren harpidetza. 

Lau informazio-zentro

Mendillorriko ur-biltegien esparrua. Mendillorriko lehen bi biltegiak 1895ean eraiki zituzten, Artetatik heltzen zen ura biltegiratzeko. Egun, lanean jarraitzen dute, 1942 eta 1975 artean eraikitako beste lau modernoagorekin batera, biztanleriak izan duen hazkunde jarraituari aurre egiteko.  

Mendillorriko muinoa, tradizionalki, aisiarako eta jolaserako lekua izan da, herriguneetatik aldendua. Egun, ingurune urbanizatu batean, berdegune bat da, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie askotariko ugari dituen pasealeku botaniko bat duen parke zabala, eta, era berean, Iruñerrian aldi baterako edo etengabe bizi diren hegazti ugariren habitata ere.  

Esparruaren barnean, Uren Etxea Uraren Hiri Zikloko Ingurumen Heziketarako eta Informaziorako Zentroa da.  

San Andres Errota. Ibai Parkearen bihotzean kokatuta, San Andres Errotak elkargunerako toki bat hartzen du hasieratik. Errotaren ondoan, Arga ibaiak bere adarraren, Ultzama ibaiaren, urak hartzen ditu, eta handik gertu, Hirutasunaren ermitan, Donejakue bidearen bi adarrek bat egiten dute, Frantziako bideak eta Baztandik iristen denak, hain zuzen. Gainera, errota eraikitzea Atarrabia eta Uharte herrien baterako borondateari esker egin zen.

Atarrabiako Pilategia. XII. mendean, Orreagako fraideek irin-errota bat eraiki zuten, eta gero, 1544an, handitu egin zen, ehunak bolatzeko eta iragazgaitz bihurtzeko pilategi hidrauliko bat jarrita. Atarrabiako Pilategi birgaituak Ibaiaren oparia erakusketa iraunkorra eskaintzen du, Iruñerriko ibaien eta ibai-inguruen bilakaerari buruzko panoramika historiko interesgarria.  

Artetako iturburua. Artetako iturburua Ollaranen dago, Iruñetik 30 kilometrotara, eta Andia mendilerroaren barnean dagoen akuiferoak dituen irteera naturaletako bat da. 100 kilometro koadro inguruko eremu batean erortzen den ura pilatzen du akuifero horrek, hain zuzen.  

Informazio-zentroa historia geologiko luze eta konplexu honi eskainita dago. Taulek, maketek eta ikus-entzunezko muntaia batek kareharrien eraketa eta modelatzea, mendilerroaren eta barnean duen akuiferoaren bilakaera, Ollarango diapiroaren jatorria eta Artetako iturburuko natura ulertzea errazten dute.

Beste albiste batzuk