Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/07/16

2018ko sanferminetan %7,36 gutxitu da bildutako hondakinen kantitatea

Hiri Garraioan 1.765.787 bidaia erregistratu dira, eta, hortaz, %0,28 gutxitzea ekarri du horrek

2018ko sanferminetan, Mankomunitateak jaien ingurunean 1.089.020 kg hondakin bildu ditu, 2017ko jaiekin alderatuta (1.175.560 kg), %7,36 gutxiago. Kantitate oso horretatik, 358.420 kg zaborrak edukiontzietan biltzeari dagozkio (2017an baino %16,98 gehiago), 407.720 kg, beira bilketari (2017an baino %17,41 gutxiago), eta 322.880 kg, garbiketa lanei (aurreko urtean baino %14,01 gutxiago). 

San Fermin jai hauetan, jaien inguruneko hondakinen bilketa gaikako bilketako edukiontzien bidez egin da hirugarren urtez, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoak edo errefusa, papera-kartoia eta ontziak) bereiz botatzeko aukera edukitzeko. Hartara, gaikako bilketa horrek, barnean hartuta beirarenak, ahalbidetu du bildutakoaren %61,26 berreskuratzea.

Beiraren kasuan, 407.720 kg berreskuratu dira, eta horrek ekarri du %17,41 gutxiago izatea. Haietatik, 178.120 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio (aurreko urtean baino %0,77 gehiago), 229.600 kg, Alde Zaharreko kaleetan jarritako iglu formako edukiontzietan bildutako beirari (2017an baino %27,55 gutxiago), eta 9.200 kg, zezen-plazan egindako beira bilketari (aurreko urtean baino %1,32 gehiago). Gogora ekarri behar da seigarren urtez Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidrio enpresak beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dutela, Erruki Etxearekin elkarlanean, beira gaika biltzeko zezen-plazan, zezenketen ondoren. Hartara, uztailaren 6a eta 14a artean, egun bakoitzeko 1.000 kg baino zertxobait gehiago berreskuratu dira.

Bigarren urtez jarraian, sanfermin hauetan, “Birjolastu” izeneko gunea egokitu da haurrentzat Taconera parkean. Zehazki, ardatz nagusia materialak eta hondakinak berrerabiltzea izan da. Gune hori Iruñeko Udalak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen laguntza izan du, eta 60.000 bisitari inguru hartu ditu.

Bihartik aurrera, asteartea, uztailak 17, Mankomunitatea bilketa pneumatikoko buzoiak kokatzen hasiko da Iruñeko Alde Zaharrean. Buzoi guztiak jartzen ostiralean amaituko du, eta egun horretan bertan egongo da erabat martxan bilketa pneumatikoa.

%0,28 gutxitu da EHGko bidaien kopurua

Behin betiko datu guztiak eduki gabe, Eskualdeko Hiri Garraioak 1.765.787 bidaia inguru erregistratu ditu sanferminetako bederatzi egunetan, eta, beraz, 2017ko kopuruarekin alderatuta, %0,28 gutxiago izan dira, orduan, azkenean, 1.770.391 bidaia izan baitziren. Bidaia kopuru handiena erregistratu zen eguna hilaren 6a izan zen, ostirala, 244.885 bidaiarekin, eta haren ondotik etorri ziren hilaren 7a, larunbata, 240.181 bidaiarekin, eta 8a, igandea, 202.822 bidaiarekin.

Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 114 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an, goizean, 141 izan ziren), eta haietatik 52 eguneko ordu guztietan aritu dira lanean. TCC enpresak 400 gidari jarri ditu lanean eta plantillako gainerako kideak. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 265.000 izan dira.

Era berean, eta aurreko urtean ez bezala, nabarmendu behar da ez dela gorabeherarik izan Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua ematean.

Ur kontsumoa murriztu egin da jaien ingurunean 

Ur kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean Iruñean erregistratutako batez besteko emaria 543,4 litro segundokoa izan da, 2017arekin alderatuta, %0,39 handiagoa. Jaien ingurunean (Alde Zaharra, Media Luna eta Ziudadela), batez besteko emaria 103,0 litrokoa izan da segundoko, aurreko urtean baino %3,15 txikiagoa eta aurreko bost urteetako batez bestekoa baino %6,48 txikiagoa. 

Jaien ingurunearen kasuan, emaria handiagoa izan zen aurreneko hiru egunetan eta kontsumo handiena larunbatean erregistratu zen, hilak 7 (112,8 l/s). Igandetik aurrera, uztailak 8, kontsumoa murrizten joan zen progresiboki osteguna arte, hilak 12 (96,6 l/s). Eta gero, jaietako azken bi egunetan, emendatze txiki bat erregistratu zen, asteburuarekin bat etorrita. 

Aurreko urteetan bezala, uztailaren 6an, 09:00etan, une bateko emari handiena erregistratu zen, herritarrak txupinazora joateko prestatzen ari zirenean. 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela