Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/07/17

2017ko sanferminetan %5,38 emendatu da Hiri Garraioko bidaien kopurua

Gutxi gorabehera 1.770.000 bidaia erregistratu dira, eta kopuru hori 2009koa gainditzen duen errekorra da

Behin betiko datu guztiak eduki gabe, Eskualdeko Hiri Garraioak 1.770.000 bidaia inguru erregistratu ditu sanferminetako bederatzi egunetan, eta, beraz, 2016ko kopuruarekin alderatuta, %5,38 gehiago izan dira, orduan, azkenean, 1.679.644 bidaia izan baitziren. Gainera, batura oso hori errekorra da jaietan eta 2009an erregistratutakoa gainditzen du (1.745.789 bidaia). Bidaia kopuru handiena erregistratu zen eguna hilaren 7a izan zen, ostirala, 228.869 bidaiarekin, eta haren ondotik etorri ziren hilaren 6a, osteguna, 226.126 bidaiarekin, eta 8a, larunbata, 218.609 bidaiarekin.

Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 114 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an, goizean, 149 izan ziren), eta haietatik 54 eguneko ordu guztietan aritu dira lanean. TCC enpresak 435 gidari jarri ditu lanean, eta, plantillako gainerako kideekin batera, 490 lagun aritu dira lanean. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 262.000 izan dira.

Beste alde batetik, sanferminetan bi eraso egin dizkiete Hiri Garraioko gidariei. Testuinguru horretan, Mankomunitateak lanean jarraitzen du zerbitzua ematean segurtasuna hobetzeko. Azken urte honetan, langile gidarien segurtasunaren arloan Mankomunitateak egin duen lana nabarmendu behar da, TCC enpresarekin eta bertako langileen batzordearekin batera gauzatu dena. Halaber, San Fermin jaien aurreko astean, bideozaintzako kamerak dituzten hamabi autobus berri hasi ziren lanean zerbitzuan. Hamabi ibilgailu horietatik seik segurtasuneko manparaerdiak dituzte, gainera, eta proba pilotu bat egiteko baliatzen ari dira. Amaitzeko, segurtasunaren arloko hainbat kontu onartu ziren hasiera batean ekainean, Eskualdeko Hiri Garraioko ordenantzan, barnean hartuta zehapenak jartzea jokaera gizalegegabeengatik. Gehitu behar da hilaren 11n izan zen erasoarengatik salatutako pertsona espetxean 4 hilabete igarotzera eta 7.000 euro inguruko kalte-ordaina ematera zigortu zutela, epaiketa azkarrean.

Edukiontzian bildutako hondakinen kantitatea %14,57 handitu da

2017ko sanferminetan, Mankomunitateak jaien ingurunean 1.130.620 kg hondakin bildu ditu, 2016ko jaiekin alderatuta (1.133.792 kg), %0,28 gutxiago. Kantitate oso horretatik, 306.400 kg zaborren bilketari dagozkio (2016an baino %14,57 gehiago), 493.680 kg, beira bilketari (2016an baino %11,30 gehiago), eta 330.540 kg, garbiketa lanei (aurreko urtean baino %21,82 gutxiago). 

San Fermin jai hauetan, jaien inguruneko hondakinen bilketa gaikako bilketako edukiontzien bidez egin da bigarren urtez, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoak edo errefusa, papera-kartoia eta ontziak) bereiz botatzeko aukera edukitzeko. Hartara, gaikako bilketa horrek, barnean hartuta beirarenak, ahalbidetu du bildutakoaren %67,6 berreskuratzea.

Beiraren kasuan, %11,30 emendatu da kantitatea, 493.680 kg berreskuratu baitira. Haietatik, 176.760 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio (aurreko urtean baino %14,81 gehiago), 307.840 kg, Alde Zaharreko kaleetan jarritako iglu formako edukiontzietan bildutako beirari (2016an baino %18,79 gehiago), eta 9.080 kg, zezen-plazan egindako beira bilketari (aurreko urtean baino %7,72 gutxiago). Gogora ekarri behar da bosgarren urtez Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidrio enpresak beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dutela, Erruki Etxearekin elkarlanean, beira gaika biltzeko zezen-plazan, zezenketen ondoren. Hartara, uztailaren 6a eta 14a artean, egun bakoitzeko 1.000 kg baino zertxobait gehiago berreskuratu dira.

Sanfermin hauetan, gainera, “Birjolastu” izeneko gunea egokitu da haurrentzat Taconera parkean. Zehazki, ardatz nagusia materialak eta hondakinak berrerabiltzea izan da. Gune hori Iruñeko Udalak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen laguntza izan du, eta 60.000 bisitaritik gora hartu ditu.

Gaurtik aurrera, astelehena, uztailak 17, Mankomunitatea bilketa pneumatikoko buzoiak kokatzen hasiko da Iruñeko Alde Zaharrean. Buzoi guztiak jartzen asteazkenean amaituko da eta bilketa pneumatikoa ostegunean hasiko da martxan, hilak 20.

Ur kontsumoa murriztu egin da

Ur kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean Iruñean erregistratutako batez besteko emaria 541,3 litro segundokoa izan da, 2016arekin alderatuta, %9,50 txikiagoa. Jaien ingurunean (Alde Zaharra, Media Luna eta Ziudadela), batez besteko emaria 106,3 litrokoa izan da segundoko, aurreko urtean baino %3,91 txikiagoa. Jaien ingurune horretan, emaria handitzen joan zen lehenbiziko egunetan eta kontsumo handiena hilaren 8an erregistratu zen, larunbata (118,8 l/s); egun horretatik aurrera, ordea, kontsumoa gutxitzen joan zen progresiboki hilaren 14a arte, ostirala (97,5 l/s). Aurreko urteetan bezala, uztailaren 6an, 08:00etan, une bateko emari handiena erregistratu zen, herritarrak txupinazora joateko prestatzen ari zirenean. 

Beste albiste batzuk