Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2017/01/31

2016an %4,31 handitu zen bidaia kopurua Eskualdeko Hiri Garraioan

Azken ekitaldian 9.675 tona gai organiko berreskuratu ziren, aurreko urtean baino %51,62 gehiago

Eskualdeko Hiri Garraioan 35.529.448 bidaia erregistratu ziren joan den urtean, zerbitzu horren behin-behineko balantzearen arabera, eta, hortaz, bidaia kopurua %4,31 handitu zen 2015arekin alderatuta. Hartara, 2009 eta 2014 urteen artean erregistratu zen beheranzko joera aldatu eta ondoz hondo handitu den bigarren urtea da. Beste alde batetik, Iruñerriko Mankomunitateak 142.296 tona hondakin bildu zituen, guztira, 2016an, hau da, aurreko urtean jaso ziren 140.628 tonekin alderatuta, %1,18 gehiago. 2014an izan zen joera aldaketa eta 2015ean mantendu zena berresten du datu horrek, 2009az geroztik, urtero, murrizten joan baitzen bildutako hondakinen kantitatea. Amaitzeko, ur ekoizpena 30.236.789 metro kubokoa izan zen (956 l/s), 2015eko kopuruaren oso antzekoa (%0,01 gutxiago baino ez).

EHGan, hazkundea ia milioi eta erdi bidaiakoa izan da 

Eskualdeko Hiri Garraioari dagokionez, eta egiaztatzeko dauden behin-behineko datuen arabera, 2016an, 35.529.448 bidaia egin ziren, hau da, aurreko urtearen aldean, 1.468.865 bidaia gehiago (%4,31 gehiago). Lehenago esan den moduan, 2009 eta 2014 urteen artean izan genuen beheranzko joeraren ondoren, hazkundea izan den bigarren urtea izan da.

2016an, gehien erabilitako lineak, berriz ere, 4. linea (Barañain - Atarrabia) eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea - Barañain) izan ziren, 7.666.499 eta 3.358.618 bidaia erregistratuta, hurrenez hurren. Era berean, 2015arekin alderatuta, bidaia kopurua gehien handitu zuen linea 4.a izan zen, 184.568 gehiago izan baitziren, hau da, %2,47 gehiago. Horrez gain, hazkundea handia izan zen beste bi linea hauetan: 7. linea (Atarrabia – Txantrea - Barañain), 173.662 bidaia gehiago izan baitzituen, hau da, %5,45 gehiago; eta 16. linea (Aitzoain – Noain – Beriain), 171.601 bidaia gehiago izan baitzituen, hau da, %6,69 gehiago.

Eguneko lineen artean, jaitsiera handiena izan zuen linea 22.a (Yanguas y Miranda - Berriogoiti) izan zen, %34,36 gutxiago eginda (36.637 bidaia gutxiago). Horren arrazoia da linea horrek zerbitzua emateari utzi ziola joan den urteko irailaren 5ean eta bere zerbitzua 16. lineak (Aitzoain – Noain – Beriain) hartu zuela bere gain. Asteburuetan eta udan hala egiten zen lehendik. 

Gaueko lineen artean, berriz, gehien erabili zena N7 (Sarasate pasealekua - Sanduzelai - Txantrea) izan zen, 182.926 bidaia egina, eta bidaia kopurua gehien emendatu zuen linea N9 (Sarasate pasealekua - Orkoien) izan zen, %34,58 gehiago eginda. Gaueko lineen artean bidaia kopurua murriztu zuen linea bakarra N8 (Labriteko Jaitsiera - Mutiloa) izan zen, %3,84 bidaia gutxiago eginda.

Portzentajeei erreparatuta, eguneko zerbitzuan %4,29 handitu zen bidaia kopurua, eta gaueko zerbitzuan, berriz, %5,23.

2015eko ekainaz geroztik, Eskualdeko Hiri Garraioak 30 EGUNEKO ABONUA esaten zaiona du bidaiak ordaintzeko. Abonu horrek aukera ematen du, prezio finko batean, nahi adina bidaia egiteko, edozein egunetan eta edozein ordutan, 30 eguneko epean. Hain zuzen, aldi baterako abonu horien hiru mota daude: orokorra, 26 urtetik beherakoentzakoa eta familia ugarientzakoa.

2016an, 30 eguneko 78.036 abonu kargatu ziren hiri garraioan. Haietatik, 33.298 abonu orokorrak izan ziren, 35.177 abonu gazteentzakoak eta 9.561 familia ugarientzakoak.

Abonu horiek baliatuta, guztira, 5.110.657 bidaia egin ziren: 2.549.726 bidaia 30 eguneko abonu orokorraren kategorian, 1.971.085 bidaia 30 eguneko eta gazteentzako abonuaren kategorian, eta 589.846 bidaia 30 eguneko eta familia ugarientzako abonuaren kategorian. Hain zuzen, egindako bidaia guztien %14,38 ordaindu ziren mota horretako abonuekin.

2016an, 15.066 txartel pertsonalizatu jaulki ziren abonuetarako. Haietatik, 2.510 30 eguneko abonu orokorrari egokitu zitzaizkion, 4.595 gazteentzako 30 eguneko abonuari  eta 7.961 familia ugarientzako 30 eguneko abonuari.

Halaber, nabarmendu behar da 2016an F gizarte tarifari dagokion profileko 8.299 txartel jaulki zirela. Txartel hori, zehazki, gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzat da, eta txartel horiek erabilita 2.677.956 bidaia egin ziren.

Gai organikoak eta plastikoa, hondakinen bilketan gehien handitu direnak 

Hondakinen bilketari dagokionez, 2016ko kopuruek berretsi egiten dute 2014an hasitako goranzko joera. Izan ere, aurreko urtearen aldean, %1,18 handitu zen bildutako tonen kopurua. Hondakinak berreskuratzeari dagokionez (birziklatzeko moduan dagoen bildutako materiala), handitzearen zati handiena gai organikoen kantitatea emendatzeari egokitu zitzaion (5. edukiontzia eta konpostajea), 9.675 tona izan baitziren, aurreko urtean baino %51,62 gehiago (6.381 tona). Gogora ekarri behar da 2016ko abuztu eta urri bitartean gai organikoen gaikako bilketako IV. fasea jarri zela martxan, Iruñerrian biztanle gutxien duten 229 herritan (11.016 etxebizitza eta 23.438 herritar). Fase horretan sartu zen udalerri bakoitzari konpostajea eskaini zitzaion gai organikoak tratatzeko modu gisa, nahiz eta haietako batzuetan bosgarren edukiontzia ere ezarri zen. 

Handitu ziren beste frakzio batzuk plastikoena –3.121 tona jaso ziren, hau da, 2015eko datuekin alderatuta, %20,2 gehiago–, zurarena –3.622 tona, hau da, %5 gehiago– eta tetrabrikena izan ziren –662 tona, hau da, %4,8 gehiago–. Jaitsiera handienak, berriz, paperean eta kartoian –%1,50 gutxiago (16.182 tona)– eta inauste hondakinetan izan ziren –%1,2 gutxiago (5.513 tona)–. Papera berreskuratzean izandako jaitsierari dagokionez, aurreko urteetan bezala, material horren prezioa garestitu eta edukiontzietatik gehiago lapurtzeari egotzi ahal zaio. Beira dela-eta, 8.467,61 tona jaso ziren, aurreko urtean baino %2,78 gehiago. Azkenik, 948 tona metal berreskuratu ziren, eta, hortaz, handitzea %1,4koa izan zen. 

Etxeko konpostajeari dagokionez, lehenago adierazi den moduan, gai organikoen gaikako bilketako IV. fasea ezartzeak berekin ekarri zuen familia gehiagok parte hartzea, eta, beraz, Mankomunitateak egiten dituen kanpainen bidez lehendik parte hartzen zutenei gehitzea (joan den urtean hamaikagarren deialdia egin zuen Mankomunitateak parte hartzeko). Guztira, 2016an, etxeko konpostajean 3.065 familiak parte hartu zuten eta denen artean 1.710 tona ekoiztea lortu zuten. Auzoko konpostajearen kasuan, 714 familiak parte hartu zuten konpostajerako 33 gunetan eta 203 tonako ekoizpena lortu zuten. Amaitzeko, adierazi behar da 480 familiak hautatu zutela beren baliabideen bidez gai organikoak beren kabuz kudeatzea eta ekoizpena 197 tonakoa izan zela. 

Osotara, bosgarren edukiontziaren bidez berreskuratutako 7.565 tonak eta konposta egitearen bidez berreskuratutako 2.110 tonak batuta, 9.675 tona gai organiko berreskuratu ziren.

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan