Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2016/02/12

2015ean %2,65 handitu zen hondakinen bilketa Iruñerrian

Eskualdeko Hiri Garraioan %4,13 handitu zen bidaia kopurua

Iruñerriko Mankomunitateak 140.522 tona hondakin bildu zituen, guztira, 2015ean, hau da, aurreko urtean jaso ziren 136.910 tonekin alderatuta, %2,65 gehiago. 2014an izan zen joera aldaketa berresten du datu horrek, 2009az geroztik, urtero, murrizten joan baitzen bildutako hondakinen kantitatea. Beste alde batetik, Eskualdeko Hiri Garraioan, bidaia kopurua %4,13 handitu zen 2014arekin alderatuta, zerbitzu horren behin-behineko balantzearen arabera. Beraz, 2009an hasi zen beheranzko joera aldatzen den lehenbiziko urtea da. Amaitzeko, ur ekoizpena 30.240.141 metro kubokoa izan zen (959 l/s), 2014ko ekoizpena baino 693.792 metro kubo handiagoa, hau da, %2,35 handiagoa. Datu horrek ere joera aldatu egin dela erakusten du, 2011z geroztik izan ditugun gutxitzeen ondotik, lehenbiziko aldiz erregistratu baita emendatzea. Nabarmendu behar da 2015eko udaberrian, udazkenean eta neguan aurreko urteko datuen antzekoak izan zirela balioak, eta, hortaz, kontsumoa handitzea ekarri zuena udako meteorologia izan zela, 2014ko uda baino beroagoa izan baitzen.

Gai organikoak eta papera, gehien handitu direnak

Bildutako hondakin kantitateak handitzeak berretsi egiten du 2014an hasitako goranzko joera. Izan ere, aurreko urtearen aldean, %2,65 handitu zen bildutako tonen kopurua, barnean hartuta etxeko eta auzoko konpostatzeari dagozkien kantitateen datua. Hondakinak berreskuratzeari dagokionez (birziklatzeko moduan dagoen bildutako materiala), handitzearen zati handiena paper-kartoi kantitatea emendatzeari egokitu zitzaion, 16.436,16 t izan baitziren, aurreko urtean baino %16,20 gehiago. Handitze hori zuzenean lotuta dago paperaren prezioa merkatzearen ondorioz edukiontzietatik lapurtzea gutxitzearekin.

Gogoan izango denez, 2015ean gai organikoen gaikako bilketaren hirugarren fasea gauzatu zen, eta horrek ekarri zuen bosgarren edukiontzia Iruñerriko hainbat herritan eta Iruñeko zenbait auzotan kokatzea. Gai organikoen gaikako bilketa 2013aren amaieran hasi zen, Barañainen (I. fasea). Bigarren fasea 2014an egin zen, eta Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, eta Hego eta Ipar Etxabakoitz Iruñeko auzoetan, eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietan hedatu zen. Azkenik, 2015ean, bilketa zerbitzu hau Iruñerriko hiri ingurune osora zabaldu zen (III. fasea), eta, horrenbestez, 2.093 edukiontzi kokatuta, 333.559 biztanleri zerbitzua ematera iritsi zen. Hain zuzen ere, 2015ean, 4.765,92 tona berreskuratu ziren, aurreko urteko kopuruarekin alderatuta (1.040,68 tona), askoz ere gehiago. Bilketa berri honek oso harrera ona izan du abiarazi den herrietan eta auzoetan; izan ere, izena emandako etxebizitzen portzentajea %43,5ekoa izatera iritsi baita.

Handitu ziren beste frakzio batzuk zurarena –3.450,24 tona jaso ziren, hau da, 2014ko datuekin alderatuta, %10,22 gehiago– eta  plastikoarena izan ziren –2.596,19 tona berreskuratu ziren, aurreko urtean baino %5,38 gehiago–. Gutxitze handienak, berriz, tetrabriketan –%6,35 gutxiago (631,63 tona)– eta inauste hondakinetan izan ziren –%4,54 gutxiago (5.581,26 tona)–.

Etxeko konpostajea dela-eta, esan behar da 2015ean 1.992 familiak parte hartu zutela eta 1.498,2 tona ekoitzi zituztela. Auzoko konpostajean, berriz, 2015ean, 750 familiak parte hartu zuten, konposta modu horretara egiteko dauden 32 guneetan, eta, guztira, 261 tona ekoitzi zituzten.

Eskualdeko Hiri Garraioaren erabilera %4,13 emendatu da 

Eskualdeko Hiri Garraioari dagokionez, eta egiaztatzeko dauden behin-behineko datuen arabera, 2015ean, 34.061.626 bidaia egin ziren, hau da, aurreko urtearen aldean, 1.350.573 bidaia gehiago (%4,13 gehiago). 2009az geroztik genuen beheranzko joera, horrenbestez, aldatu egin zen lehenbiziko aldiz.

2015ean, gehien erabilitako lineak, berriz ere, 4. linea (Barañain – Atarrabia) eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain) izan ziren, 7.482.112 eta 3.185.077 bidaia erregistratuta, hurrenez hurren. 2014arekin alderatuta, bidaia kopurua gehien handitu zuen linea 19.a izan zen (Barañain – Erripagaña), 217.059 gehiago izan baitziren, hau da, %19,10 gehiago; izan ere, linea hori zerbitzu berria ematen hasi baitzen Erripagaña auzora 2015eko otsailaren 16tik aurrera. Eguneko lineen artean, bidaia gutxiago egin zuen linea bakarra 14.a izan zen (Udaletxea – Arrotxapea), 3.616 bidaia gutxiago eginda, %2,36 gutxiago. 

Gaueko lineen artean, berriz, gehien erabili zena N7 izan zen (Sarasate pasealekua – Sanduzelai – Txantrea), 176.082 bidaia eginda, eta bidaia kopurua gehien emendatu zuen linea N8 izan zen (Labriteko Jaitsiera – Mutiloa), %25,66 gehiago eginda. Gaueko lineen artean bidaia kopurua murriztu zuen linea bakarra N9 izan zen (Sarasate pasealekua – Orkoien), %15,54 bidaia gutxiago eginda.

Portzentajeei erreparatuta, eguneko zerbitzuan %4,02 handitu zen bidaia kopurua, eta gaueko zerbitzuan, berriz, %10,17.

2015eko ekainaren 12az geroztik, Eskualdeko Hiri Garraioak bidaiak ordaintzeko modu berri bat du: 30 EGUNEKO ABONUA. Abonu horrek aukera ematen du, prezio finko batean, nahi adina bidaia egiteko, edozein egunetan eta edozein ordutan, 30 eguneko epean. Hasiera batean, aldi baterako abonu horien hiru mota jarri dira martxan: orokorra, 26 urtetik beherakoentzakoa eta familia ugarientzakoa.

Aurreko urteko ekainaren 12an abian jarri zenetik eta abenduaren 31 bitartean, 30 eguneko 27.933 abonu kargatu ziren hiri garraioan. Haietatik, 12.151 abonu orokorrak izan ziren, 12.073 abonu gazteentzakoak eta 3.709 familia ugarientzakoak.

Denbora tarte horretan eta abonu horiek baliatuta, guztira, 1.719.939 bidaia egin ziren: 858.396 bidaia 30 eguneko abonu orokorraren kategorian, 644.705 bidaia 30 eguneko eta gazteentzako abonuaren kategorian eta 216.838 bidaia 30 eguneko eta familia ugarientzako abonuaren kategorian. Hain zuzen ere, egindako bidaia guztien %5,05 ordaindu ziren mota horretako abonuekin.

Ekainaz geroztik, 8.806 txartel pertsonalizatu jaulki ziren abonuetarako. Haietatik 4.041 30 EGUNEKO ABONU orokorrari egokitu zitzaizkion eta 4.765 gazteentzako 30 EGUNEKO ABONUARI. Familia ugarientzako txartelen kasuan –txartel horiek existitzen ziren erabiltzaile talde horrentzako berariazko abonua martxan jarri aurretik–, ekainaz geroztik 5.835 txartel berri jaulki ziren eta, beraz, ondoriozta daiteke portzentaje handi bat eskatu zela talde horri zegokion 30 eguneko abonua kargatzeko haietan.

Amaitzeko, nabarmendu behar da martxoaren 1ean F gizarte tarifa abian jarri zenetik, gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzakoa, profil horretako 10.801 txartel jaulki zirela. Hartara, abiarazi zirenetik eta abenduaren 31 arte, F gizarte tarifako txartelak erabilita, 1.224.513 bidaia egin ziren.

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23