Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2015/06/09

Zaldaina instalatu da Elortz ibaiaren gainean, Zizur Nagusiaren eta Etxabakoitzen arteko mugan

Zaldainak 40,84 metro ditu, eta Iruñerriko Ibai Parkea eta Iruñeko Ibai Parkea lotzen ditu

Gaur goizean zaldaina instalatu da Elortz ibaiaren gainean, Zizur Nagusiaren eta Iruñearen artean dagoen mugan, Etxabakoitz auzoaren mendebaldean. Pinu zur ijeztua erabili da zaldaina egiteko, eta bi zati ditu, erdiko zutabe batek lotuak. 40,84 metroko luzera du eta 5,5 metroko garaiera ibaiaren uberkaren gainean. 

Zaldain honi esker, toki horretan lotuta gelditu dira Iruñerriko Ibai Parkea, Elortz ibaiaren eskuineko ertzean doana, eta Iruñeko Ibai Parkea, ezkerreko ertzean doana. Era berean, lotura berri horrek “Arga Beherea” izeneko zatia batzen du, Arazuri eta Barañain artekoa (joan den abenduan zabaldutako zatia), Iruñeko Ibai Parkearekin, Nafarroako Unibertsitatean, Arrosadian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten duen ibilbidean. Uste da uztaileko lehen astetik aurrera ibili ahal izango dela zaldain berri honetan.

Zaldaina kontratu bidez gauzatzeko aurrekontua (BEZik gabe) 120.000 eurokoa izan da, eta oso-osorik finantzatu du Iruñerriko Mankomunitateak. Nolanahi ere, Iruñeko Udalak eta Zizur Nagusikoak lagundu dute ekimen honetan. Mankomunitateak Iruñerriko Ibai Parkean egin behar duen hurrengo proiektua izango da Arazuri eta Ororbia arteko zatia egokitu eta handitzea. 2.570 metroko ibilbidea izango da, eta Txulapain ibaiaren gainean zaldaina jarri beharko da. Aurreikusten denez, 2016an gauzatuko da plan hori, Oltzako Zendeako Udalarekin eta Ororbia eta Arazuri kontzejuekin elkarlanean.

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan