Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2015/10/09

Saguzarrentzako kaxa-babeslekuek emaitza onak izan dituzte

2015 honetan egin diren berrikuste-lanetan 26 kaxa aurkitu dira, eta saguzarrak edo haiek egon direla adierazten duten geldikinak zeuzkaten

Iruñerriko Ibai Parkean saguzarrentzako dauden kaxa-babeslekuak berrikusi dira aurten eta ikusi da emaitzak onak direla. Hain zuzen ere, 2015 honetan, berrikuste-lan hori hiru etapatan egin da: martxoan, uztailean eta irailean. Lehen bietan, kaxen egoerari behatu zaio, eta hirugarrenean, berriz, kaxa horiek eskuratu dira, ireki eta garbitzeko asmoz. 

Emaitza orokorraren arabera, egun 38 kaxa daude, azkeneko aldiz berrikusi zirenean, 2013an, zeuden 41 kaxetatik. Hartara, ikuskatu diren kaxetan, 15etan saguzarrak zeuden barnean eta beste 11tan guanoa zegoen (zirin asko pilatzetik sortutako substratua), eta, horrenbestez, horrek adierazten du saguzar taldeek kaxa horiek erabili dituztela. Guztira, 32 saguzar zenbatu dira. Emaitzak, hortaz, aurreko urteetako edozeinetakoak baino hobeak dira, bai saguzar aleen kopuruari dagokionez, bai saguzarrak dituzten kaxen kopuruari dagokionez ere. Datu horiek erakusten dute, progresiboki, kaxak onartzen eta okupatzen doazela; are gehiago, esan daiteke bertako saguzarrek sarritan erabiltzen dituztela. Beste alde batetik, 2015 honetan, habiak zituzten kaxa gehiago (10) eta liztor habia gehiago (5) aurkitu dira, aurreko urteetan baino, eta garbitu egin dira.

Mankomunitateak 2008an abiarazi zuen ekimena

Gogora ekarri behar da Mankomunitateak 44 kaxa-babesleku egokitu dituela saguzarrentzat 2008az geroztik Iruñerriko Ibai Parkean. Parkea kudeatzean, eskualdeko erakundearen kezketako bat da inguruko landaredia eta animaliak zaintzea eta habitat naturala hobetzea. Hain zuzen, testuinguru horretan, Parkeko Zerbitzuen Karta izenekoan zehaztutakoan, sartuta daude hainbat ekintza inguru horretan bizi diren saguzarrak babesteko. Ekintza horietako bat da aipatutako kaxa-babesleku horiek jartzea.

Saguzarrak kiropteroak dira, ugaztunen talde berezi bat, nagusiki intsektuak jaten dituztenez, bizi diren inguruari eragin onuragarriak ekartzen dizkiotenak. Zuhaitzen hutsarteetan hartzen dute babesa. Eraikin eta zubi ugari zaharberritzeak, urbanizatzeak, lorategiz betetzeak Iruñearen eta Iruñerriaren zati handi bat, eta 90eko hamarkadan izan zen grafiosiak –Iruñean eta Iruñerrian zumar zaharrak bota behar izan ziren– ondorioz ekarri zuen saguzarren babesleku naturalak progresiboki galtzea, jeneralean eraikuntzetako arrakalak eta zuhaitz zaharretako hutsarteak. Galera hori berdintzeko, 2001ean 70 kaxa-babesleku jarri ziren Iruñean, eta hamalau urte geroago horietatik 37tan saguzarrak bizi dira. Saguzar horiek askotan ehizatzen eta babes hartzen dute Arga ibaiaren inguruetan Iruñetik igarotzean.

Saguzarretan espezialista den Juan Tomás Alcalde biologoak ebaluatu zuen ekintza hori, eta, arrakastatsua izan zenez, Iruñerrian 24 kaxa-babesleku jartzera animatu zen Mankomunitatea 2008an, saguzarrak Arga eta Ultzama ibaietan ibiltzea eta bizitzea errazteko asmoarekin. Duela hiru urte, 2012ko ekainean, beste 20 kaxa jarri ziren Arga ibai ertzaren lau tokitan, Oltzan eta Etxaurin, etorkizunean Ibai Parkea handitzeko Mankomunitateak eskuratuta dituen lurretan. Bitxiki, tamaina nahikoko zuhaitz gutxi zegoenez, paisaiako beste elementu batzuk baliatzea erabaki zen kaxa-babeslekuak kokatzeko; adibidez, Mendebaldeko Ingurabideko zubiko zutabeetan bost kaxa jarri ziren. 

Espezie berri baten presentzia identifikatu da: noktulo edo gau-saguzar txikia 

Aurretik egin diren berrikuste-lanetan bezala, 2015 honetan Cabrerako saguzarrak (Pipistrellus pygmaeus) jarraitzen du espezie nagusia izaten, izan ere, behatu diren aleetatik %81 espezie horretakoak baitziren. Oso saguzar txikia da eta tipikoa uretako inguruneetan. Diptero txikiak ehizatzen ditu, jeneralean ibaien ertzetan eta putzuetan. Kaxak dauden gune guztietan aurkitu dira aleak, Irotzen eta San Andres Errotan izan ezik.

Aurten, nabarmendu behar da orain arte kaxetan aurkitu ez den espezie berri baten presentzia ikusi dela: noktulo edo gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri). Tamaina ertain-handiko espezie bat da, migratzailea eta zuhaiztarra. Azkar eta gora egiten du hegan, eta tamaina ertaineko intsektuak ehizatzen ditu (euliak, pipiak, kakalardoak), askotariko habitatetan, besteak beste, basoetan, inguru hezeetan eta faroletatik gertu. Etxaurin dauden kaxetan aurkitu denez espezie hau, Otazuko Jaurerriaren parean (bertan zuhaitz handiak eta zaharrak daude), pentsatzekoa da noktulo horiek jaurerri horretatik etorriko direla.

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela