Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2013/08/06

Saguzarrentzako babeslekuak Ibai Parkean

2008az geroztik Mankomunitateak 44 kaxa-babesleku instalatu ditu saguzarrentzat Eskualdeko Ibai Parkean.

2008. urteaz geroztik Mankomunitateak 44 kaxa-babesleku egokitu ditu saguzarrentzat Eskualdeko Ibai Parkean. Parkea kudeatzean, eskualdeko erakundearen  kezketako bat da inguruko landaredia eta animaliak zaintzea eta habitat naturala hobetzea. Hain zuzen, testuinguru horretan, Parkeko Zerbitzuen Karta izenekoan zehaztua, sartuta daude hainbat ekintza inguru horretan bizi diren saguzarrak babesteko. Ekintza horietako bat da aipatutako kaxa-babesleku horiek jartzea.

Saguzarrak kiropteroak dira, ugaztunen talde berezi bat, nagusiki intsektuak jaten dituztenez, bizi diren inguruari eragin onuragarriak ekartzen dizkiotenak. Zuhaitzen hutsarteetan hartzen dute babesa. 80ko hamarkadan izan zen grafiosiaren ondorioz Iruñean eta eskualdean zumar zaharrak bota behar izan ziren eta, beraz, saguzarren babesleku naturalak progresiboki galdu ziren. Galera hori berdintzeko, 2001ean 70 kaxa-babesleku jarri ziren Iruñean, eta hamabi urte geroago horietatik 40tan lau espezietako saguzarrak bizi dira. Saguzar horiek askotan ehizatzen eta babes hartzen dute Arga ibaiaren inguruetan Iruñetik igarotzean. Hauek dira lau espezie horiek: noktulo edo gau-saguzar ertainak (Nyctalus noctula), noktulo edo gau-saguzar txikiak (Nyctalus leisleri), saguzar nanoak (Pipistrellus pipistrellus) eta Cabrerakoak (Pipistrellus pygmaeus).

Caja-refugio para murciélagos en la Nogalera de Burlada.

Saguzarrentzat dauden kaxa-babeslekuetako bat, Burlatako Intxaurdiko Parkean.

Saguzarretan espezialista den Juan Tomás Alcalde biologoak ebaluatu zuen ekintza hori, eta, arrakastatsua izan zenez, Iruñerrian 24 kaxa-babesleku jartzera animatu zen  Mankomunitatea 2008an, saguzarrak Arga eta Ultzama ibaietan ibiltzea eta bizitzea errazteko asmoarekin. Duela urte bat baino zertxobait gehiago, 2012ko ekainean, beste 20 kaxa jarri ziren Arga ibai ertzaren lau tokitan, Oltzan eta Etxaurin, etorkizunean Ibai Parkea handitzeko Mankomunitateak eskuratuta dituen lurretan. Bitxiki, tamaina nahikoko zuhaitz gutxi zegoenez, paisaiako beste elementu batzuk baliatzea erabaki zen kaxa-babeslekuak kokatzeko; adibidez, Mendebaldeko Ingurabideko zubiko zutabeetan bost kaxa jarri ziren. 

Pipistrellus pygmaeus edo Cabrerako saguzarra 

Urtero berrikusten dira kaxak eta okupazioa, eta kaxen egoera baloratzen da. Gero, emaitzen arabera, etorkizuneko ekitaldietan gauzatu beharreko ekintzak planifikatzen dira. Hartara, berrikuste horietan ikusi da 44 kaxetatik bederatzi desagertu egin direla bandalismoko jokaeren edo ekintzen ondorioz.

Lokalizatutako ale kopuruari dagokionez, 2008an jarritako kaxetan, bost kaxatan, bederatzi aleren presentzia zehaztu da. Bestalde, 2012an jarritako kaxetan, egokitutako hamar babeslekutan, 15 aleren presentzia zehaztu da, hain zuzen, Etxauri inguruan. Kasu guztietan, identifikatutako espeziea Cabrerako saguzarra edo Pipistrellus pygmaeus da, Europako faunako txikiena. Nafarroan ez ezik, Kantauri itsasoko ertzean eta Duero ibaiaren arroan ere bizi da. 35 eta 52 mm arteko tamaina izaten du, eta kolorea, arre-oliba eta hondar argi artekoa.

Emaitzak ikusirik –SECEMU elkarteak (Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea) argitaratzen duen Barbastella aldizkariaren 6. zenbakian ageri den artikulu batean bildutako emaitzak–, uste da saguzarrek ongi hartzen dituztela kaxa-babeslekuak aztertu diren inguruetan. Izan ere, azken urtean, dauden 35 kaxetatik 15 okupatu dituzte, guztien %43. Juan Tomás Alcaldek berak ondorioztatzen du azken txostenean komenigarria izango litzatekeela Arga ibaiaren ertzak lehengoratzea bertako landaredia jarrita “eta, bereziki, tamaina handiko zuhaitzak jarrita (makalak, lizarrak, sahatsak…), etorkizunean babesleku naturalak izateko espezie horientzat”.

Beste albiste batzuk