Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai Parkea
2017/04/12

Oinezkoak ibili ahal izateko oinzubi berria zabaldu da Landabenen

Azpiegitura berriak Iruñerriko Ibai Parkea eta Iruñeko Ibai Pasealekua lotzen ditu

Gaur goizean Landabengo oinzubi berria aurkeztu da, industrialde horretan Arga ibaiaren ertzetik doan errepidearen ondoan kokatutakoa (PA-30) eta Iruñeko Ibai Pasealekua Iruñerrikoarekin lotzen duena Arazuriko udal barrutian (Oltzako Zendea). Aurkezpen ekitaldian, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, eta Oltzako Zendeako alkateak, Moisés Garjónek, esku hartu dute. Aurkezpenean, era berean, Pedro Azparren egon da, udal bereko zinegotzia.

Oinzubia, hegalean kokatua, zurezko zorua duen metalezko egitura batek eratzen du eta 85 metroko luzera dauka. Metro horiei lehengoratutako bidearen beste 65 metro gehitu behar zaizkie. Mankomunitateak instalatutako egitura berri honek hilaren hasieratik ematen die aukera oinezkoei eta txirrindulariei igarotzeko, Iruñetik Oltzako Zendearako eta Zizur Nagusirako ibilbideetan. Eta horrez gain, Landabengo industrialdera lanera modu iraunkorrean joan nahi duten langileei aukera hori ematen die.

Lanen aurrekontua 236.925 eurokoa izan da (gehi BEZa). Urtarrilean hasi ziren, eta barnean hartu dute bi eguzki-farola kokatzea eta lorategiz hornitutako gune bat sortzea, 2.500 metro koadrokoa.

Hitz egin duenean, Aritz Ayesak azpiegitura honen garrantzia nabarmendu du, txikia bada ere, “pauso handia baita Iruñeko Ibai Pasealekua eta Iruñerriko Ibai Parkea batzean, eremu bakarra sortzeko helburuarekin”. Beste alde batetik, Ayesak adierazi du oinzubiak handitu egiten duela “Landaben industrialdean beren lanpostuetara modu iraunkorrean joaten diren langileen segurtasuna eta bai parkean paseatzen ibiltzen diren herritar guztiena ere”.  

Bere aldetik, Moisés Garjónek adierazi du pozik dagoela azpiegitura honen bidez Ibai Parkea osatu egin delako eta ikusi delako herritarren zergak herritarrek berek gozatzekoak diren lanetan eta egintzetan gastatzen direla. “Ibai Parkeak segurtasun handiagoa emango digu zati honetan”, gehitu du Garjónek.

Aurkezpen ekitaldian, gainera, bisita gidatu bat egin da. Alfonso Amorena Mankomunitateko Azpiegituretako eta Ingurumeneko zuzendariordeak gidatu du, hain zuzen. Halaber, Pipo de la Hoz artistak ahate baten eskultura aurkeztu du, adarrekin eta beste material natural batzuekin egindakoa. Bi pasealekuak batzen diren eta lorategiz hornitu den gunean kokatuta dago.

Ibai Pasealekua zabaltzea eta lotzea

Iruñerriko Mankomunitatearen Plan Estrategikoan, ibai pasealekuaren inguruko zenbait ekintza daude aurreikusita, Iruñerrian lekualdatze iraunkorrak erraztuko dituen azpiegitura berde bihurtzea ahalbidetzeko. Hartara, aurreikusitako ekintzen artean Iruñeko Ibai Pasealekuarekin lotzea dago, orain bururatua oinzubi berri honen bidez, eta bai eskualdeko beste herri batzuetara zabaltzea ere, Iruñerrian zehar dauden ibaien bidez.  

Lehen fasean, ibai pasealekuko jarduketek Iruñerriko hego-mendebaldeko eremuan jarri dute arreta, Iruñearekiko loturaren eta Arga Beherean luzatzearen bidez, Barañaindik Arazuriraino Oltzako Zendearen udal barrutian.

Mankomunitateak gauzatu dituen azken proiektuak hauek izan dira: Zubiandia Erdi Aroko zubia berritzea Arazurin (2010); Iruñerriko Ibai Parkean 3,8 kilometroko zatia egokitzea, Arga ibaiaren gaineko oinzubi baten bidez, Barañain eta Arazuri lotzeko (2015); eta Moreako oinzubia egitea Elortz ibaiaren gainean, ibai parkea lortzeko Etxabakoitz (Iruñea) eta Zizur Nagusia artean (2016).

Iberoraino zabaltzea

Egun, ibai parkea Arazuritik Iberoraino zabaltzeko izapideak bideratzen amaitzen ari da Mankomunitatea. Ororbian zehar igaroko da, eta 6 kilometro hartuko ditu. Lanak bi fasetan gauzatuko dira: lehenbizikoan, Ororbia arteko lanak egingo dira, eta aurreikusita dago 2017ko udan hastea eta 2018ko lehen hiruhilekoan amaitzea; bigarrengoan, Iberoko Isterriako zubirainoko lanak egingo dira, eta kalkulatzen da 2019an egongo direla bukatuta.

Jarduketa horien guztien bidez, Mankomunitateak Iruñerrian oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen sare bat egituratu nahi du, hiriguneen arteko konexioa eta herritarren lekualdatze iraunkorrak indartuta.

Beste albiste batzuk

  • Nafarroako Gizarteratzeko Elkarteak IMri izan ez ezik, Nafarroako beste hiru udal gehiagori eman dio
  • Cabrerako saguzarrak jarraitzen du espezie nagusia izaten, ikusi diren aleen %92 espezie horretakoak baitira
  • 2.530 botila berrerabilik osatutako zuhaitza Baluarte plazan dago