Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2020/05/28

Irotzen Iturgaizko zubia zaharberritzeko lanen lehen fasea amaitu da

Aurtengo udan bigarren fasea egingo da, ibaitik sartzea eskatuko duena

Aste honetan amaitu da Iturgaizko zubia (Irotz) zaharberritzeko lanen lehen fasea. Lan horiek joan den otsailean hasi ziren, eta xedea izan da eraikuntza-elementuak hobetzea, ur-hornidurako hoditeria egokitzea eta argien instalazioa handitzea zubiaren ingurunean.

Jada itxura berria hartu duen XII. mendeko zubi hori Arga ibaiaren gainean dago, Irotz herrian, Esteribarko udal-barrutian. Arkitekturari eta kulturari dagokionez duen interesaz gain (bertatik igarotzen da Frantziako Donejakue bidea), Irotz herrira iristeko sarbide bakarra da eta bertan abiatzen da San Andres Errotaraino iristen den Iruñerriko Ibai Parkearen adarra.

Zubiak erdian arku apaldu handi bat du, eta hiru txikiago, pitin bat goratuak, alboetan. Denak erdi-puntukoak dira eta harri-horma soltearekin eginak, kolore zurixka bereizgarri batekoak. XX. mendearen erdialdera, hormigoizko errefortzuak gehitu zitzaizkion abiapuntuko hormetan, eta zolaketa eta baranda mistoa, hormigoizkoa eta metalezkoa.

Lehen fasea: hodiak, hormigoiketa eta baranda berria

Lehenbiziko fasean, ibaira sartzea eskatzen ez duten lanak egin dira: zanga irekitzea, hodiak eta konexioak jartzea, eta goiko xaflaren hormigoiketa. Hormigoizko karela kendu da eta alboetako hormatxoak handitu dira, baranda berriaren bermatze-kota uniformetzeko, ibilgailuak eta oinezkoak ibiltzea laguntzeko, ibil daitekeen zabalera maximizatuz (3,6 m). Ondoren, zubiko taula zolatu da, errodatze-geruza asfaltiko berria jarrita.

Obrek barne hartu dute landareak eta sustraiak kentzea altxaeretako gune txikietan, zuhaixkak eta zuhaitzak garbitzea inguruetan (bereziki iparraldean), eta argiteria handitzea zubiaren eskuineko alderaino.

Aurtengo udan, lanen bigarren fasea gauzatuko da. Fase horretan, ibaitik sartu beharko da, eta zubi-begi gainezkabidearen gainean horma gainjarria konponduko da, goiko ganga sendotzearen bidez. Barne hartuko du alde horretan harri-horma betetzea, junturak berdintzea eta garbitzea. Era berean, landareak eta sustraiak kenduko dira altxaeretan ukituta dauden aldeetan.

Mantentze-lanen bi faseen aurrekontua 57.900 eurokoa da, barne hartuta baranda eta argiak kokatzea. Finantzaketa SCPSAren kontura egin da, 2020rako Iruñerriko Ibai Parkean egitea aurreikusita dauden inbertsioen esparruan.

Beste albiste batzuk