Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2015/03/23

Bisita, Ibai Parkea handitzeko lanen emaitzetara (Barañain – Arazuri)

Zati berriak, Barañain eta Arazuri artean, 3,8 kilometro gehitu dizkie Ibai Parkeak lehendik zituen 24 kilometroei.

Gaur goizean zenbait agintari joan dira Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko lanak hartu dituen zatia bisitatzera, Barañain eta Arazuri artean, “Arga Beherea” esaten zaion tartean. 3.800 metroan, Arga ibaiaren ondotik doa. Zati berri hori joan den abenduan zabaldu zen herritarrak ibili ahal izateko, eta Eultzako jolas eremutik abiatzen da, Barañainen, Arga ibaiaren ezkerreko ertzean. Oinzubi berri baten bidez, eskuineko ertzera igarotzeko aukera ematen du, Oltzako Zendearen udal barrutian. Toki horretatik, ibilbidea aurrera doa Arazuriko Erdi Aroko zubira iritsi arte eta, ibaia igaro ondotik, zubi berrira iristen da, herri horretako herrigunetik hurbil. Egokitu den zati berri honetan lau jolas eremu daude: Think Blue, Burdinbideko zubia, Sadar ibaia (“Alderantzizko ibaia”) eta Zubiandia. 

Handitzeko proiektu honen bidez, 3,8 kilometro gehitu zaizkie lehendik zeuden 24 kilometroei, eta hiru fasetan egin da. Lehenbizikoan 740 metroko zati bat egokitu da, barne hartu du altzairuzko eta betoizko oinzubi bat kokatzea –aurreko urteko ekainean egin zuten– eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatu eta zuzendu du. Bigarrengoan Oltzako Zendearen udal barrutian dagoen zati bat egokitu da, eta Arazuriko Erdi Aroko zubiraino iristen da. 2.020 metroko luzera du eta Iruñerriko Mankomunitateak finantzatu du. Azkenik, hirugarrengoan 1.040 metroko zatia egokitu da, eta bidea ematen du Arazuriko zubi berriraino iristeko. Iruñerriko Mankomunitateak eta Arazuriko Kontzejuak finantzatu dute. Proiektuak, guztira, 611.531 euroko kostua izan du.

Think Blue. eremua

Think Blue. eremua da Ibai Parkea handitzeko lan hauetan sortu den lehen jolas eremua, eta, gainera, agintariek bertaratutakoei hitz batzuk esateko aukeratu duten tokia. Hartara, Carmen Albak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, adierazi du oso garrantzitsua dela enpresen eta erakundeen arteko lankidetza, halako proiektuak errealitate bihurtu ahal izateko. Bere aldetik, Pedro Maria Azparrenek, Oltzako Zendeako alkateak, nabarmendu ditu zati honek inguru honi ekarriko dizkion onurak: ibilgailuen zirkulaziorako alternatiba izango den natur bidea da. Volkswagen Navarra enpresako giza baliabideen zuzendariak, Susanne Dellitek, gogora ekarri du iraunkortasuna enpresaren balio ezaugarri eta bereizgarria dela. Alde horretatik, adierazi behar da, Ibai Parkea handitzeko proiektuaren barnean egindako jarduketa hau (Landabenen dituen instalazioak inguratzen ditu) dela-eta, Volkswagen Navarrak hartu duela ingurune horretarako ohitura eta jarrera iraunkorrak sustatuko dituen ekimentzat. Lehengoratu edo berreskuratu den espazio horretan egindakoak, gainera, gogoeta egiteko eta ekologiaren aldeko kontzientzia bultzatzeko balioko duela uste du enpresa horrek. Amaitzeko, José Muñozek, Mankomunitateko lehendakariak, eskertu egin du Ibai Parkea handitzeko lanak gauzatzeko bidea eman duten erakunde guztien laguntza. Horrez gain, iragarri du etorkizuneko fase batean Parkea Arazuritik Etxauriraino iritsiko dela. 

Think Blue. eremua Volkswagen etxearen Think Blue. ingurumen konpromisoaren estrategiaren beste erakusgarri bat da, eta helburu nagusia du bere fabrikatze prozesuetan eta produktuetan energien erabilera arrazoizkoagoa lagunduko duten neurriak sartzea, eta bai igorpenak eta hondakinak murrizteko bidea emango duten neurriak ere. Jolas eremu hau oso-osorik Volkswagen Navarrak finantzatu du. Beste alde batetik, handitzeko lanetan landatu diren zuhaitzak eta egin diren ereiteak Volkswagen Españak finantzatu ditu.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...