Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2015/07/02

Bihar irekiko da Elortz ibaiaren gaineko zaldain berria, Zizur Nagusiaren eta Etxabakoitzen arteko mugan

Zaldainak 40,84 metro ditu, eta Iruñerriko Ibai Parkea eta Iruñeko Ibai Parkea lotzen ditu

Bihar, ostirala, irekiko da Elortz ibaiaren gaineko zaldain berria, Zizur Nagusiaren eta Iruñearen artean dagoen mugan, Etxabakoitz auzoaren mendebaldean. Zaldaina, hain zuen, ekainaren 9an kokatu zen, baina bihar irekiko da, bertatik igaro ahal izateko. Pinu zur ijeztua erabili da egiteko, eta bi zati ditu, erdiko zutabe batek lotuak. 40,84 metroko luzera du eta 5,5 metroko garaiera ibaiaren uberkaren gainean.

Zaldain honi esker, toki horretan lotuta gelditu dira Iruñerriko Ibai Parkea, Elortz ibaiaren eskuineko ertzean doana, eta Iruñeko Ibai Parkea, ezkerreko ertzean doana. Era berean, lotura berri horrek “Arga Beherea” izeneko zatia batzen du, Arazuri eta Barañain artekoa (joan den abenduan zabaldutako zatia), Iruñeko Ibai Parkearekin, Nafarroako Unibertsitatean, Arrosadian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten duen ibilbidean.

Zaldaina kontratu bidez gauzatzeko aurrekontua (BEZik gabe) 120.000 eurokoa izan da, eta oso-osorik finantzatu du Iruñerriko Mankomunitateak. Nolanahi ere, Iruñeko Udalak eta Zizur Nagusikoak ere lagundu dute ekimen honetan.

Komun publikoak, Burlatan eta Orikainen

Beste alde batetik, jakinarazi behar da berriki komun publikoak eraiki direla Iruñerriko Ibai Parkean; zehazki, Burlatako Intxaurdia parkean eta Orikaingo jolas eremuan kokatu dira.

Iruñerriko Ibai Parkean lehendik bazeuden komun publikoak hiru tokitan; Irotzen, Barañainen eta Txubindoan (Uharte), hain zuzen ere. Orain egin diren hauek, oinezkoek eta toki erakundeek, Burlatako eta Ezkabarteko udalek, eskatu dutelako eraiki dira. Burlatako Intxaurdiko komunak bihartik aurrera irekiko dira eta oinezko asko eta asko ibiltzen den toki batean daude. Orikaingo jolas eremukoak, berriz, duela astebete martxan daude, eta herritar ugari joan ohi den eremu batean kokatu dira. Instalazioen kostua, zehazki, 31.184 eurokoa izan da Burlatan eta 27.492 eurokoa Orikainen.

Beste albiste batzuk