Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai Parkea
2017/06/09

Azterlan batek Iruñerriko Ibai Parkea CO2-hustuleku moduan ebaluatu du

Azterlanean biomasa metatua eta CO2 finkatua kalkulatu dira, eta bai bi balio horien urteko gehikuntza ere

Berotegi efektuko gasen igorpena murriztu eta konpentsatzeko konpromisoan, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñerriko Ibai Parkea ebaluatu du CO2-hustuleku moduan, hau da, atmosferako CO2-a xurgatzen duen iturri moduan eta, beraz, berotegi efektuko gasek eragindako klima aldaketa arras txikiagotzen laguntzen duena. Horretarako, Basartea S.L. enpresak azterlan bat egin du, eta hartan kalkulatu da biomasa metatua eta, horrenbestez, parkea eratzen duten landare komunitateek finkatutako CO2-a, eta bai bi balio horien urteko gehikuntza ere.

Atmosferatik hartutako CO2-a karbono gisa pilatzen da landareetako gai organikoen zati izanda (biomasa lur gainean, arbolak, eta lur azpian, sustraiak). Biomasa horren zati bat, gero, lurzoruan pilatzen da, orbelen eta beste konposatu humiko batzuen moduan, eta lurzoruaren frakzio mineralean integratzen dira. Hortaz, Ibai Parkearen ezaugarriak eta izaera aintzat harturik, CO2-hustulekutzat har daiteke.  

Ia 30.000 tonako biomasa metatua

Ebaluazioa egiteko, Ibai Parkea eratzen duten bederatzi udalerrietan dauden ibaien uberken edo ibilguen 26 kilometroak hartu dira kontuan (Arga, Ultzama eta Elortz ibaiak). Landaredia moduan mugarriztatutako eremua (ur xaflek, bideek edo azpiegiturek eta bazter landuek hartutako guneak kenduta) 99 hektareatan ezarri da. Landaredi eremu handiena duten Udalak Ezkabarte (21,9 ha), Uharte (15,0 ha) eta Oltzako Zendea dira (13,2 ha).

Biomasa kalkulatzeko, lau komunitate mota kartografiatu dira: ibaiertzeko basoak (ongi kontserbatuta daudenak), ibaiertzeko beste baso batzuk (gune estaliak, gehiago edo gutxiago naturalizatuak), sail landatuak eta, azkenik, lorategi-zonak.

Ibai Parkearen 99 hektareak osatzen dituzten landare komunitateen karakterizaziotik abiatuta, presente dagoen biomasa kalkulatu da (airetikoa eta lur azpikoa) Nekazaritzako Ikerketarako Institutu Nazionalaren (INIA) metodologia bat abiapuntu hartuta. Zehazki, lortu den emaitzaren arabera, egungo biomasa metatua 29.486 tonakoa da. Espezieen arabera, biomasa horren zati handiena sahatsek eratzen dute, 27.272 tona hartuta (kopuru osoaren %92,5), eta haien ondotik makalak daude, 1.757 tona izanda (%5,9). Biomasa metatu gehien duten udalerriak Ezkabarte (%28), Oltzako Zendea (%17) eta Uharte dira (%13). 

Behin biomasa metatua kalkulatu denean, CO2 finkatua kalkulatu ahal izan da. Emaitzaren arabera, guztira, 54.098 tona dira. Landare masaren hazkundeak, gehi lurrera erortzen diren adarrek eta hostoek, aukera ematen dute biomasa horren urteko gehikuntza ezartzeko: 757 tona dira eta, hortaz, 1.388 tona CO2 finkatu.

IM-SCPSAren Karbono Aztarna

Iruñerriko Mankomunitateak urtero kalkulatzen ditu Berotegi Efektuko Gasen igorpenak (BEG), ISO 14064 arauaren arabera. Datu horietatik abiatuta, Karbono Aztarna kalkulatu eta egiaztatzen da eta urtero erregistratzen da Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioan.  

2016an, Mankomunitatearen eta hura kudeatzen duen sozietatearen jarduerek (Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.) 50.067 tona CO2 eragin zituzten. Igorpenak eragiteko arrazoi nagusiak Gongoran botatako gai organikoen deskonposaketa eta hiriko autobusen eta hondakinak biltzeko kamioien flotan erregaiak erabiltzea dira. Beste alde batetik, IM-SCPSAk energia berriztagarriak sortzen ditu, zentral hidroelektrikoen (Egillor, Urtasun eta Eugi) eta Gongorako zabortegiko biogasaren eta Arazuriko araztegiaren bidez. Jarduera horien arabera, 2016an, Iruñerriko Mankomunitateak saihestu zuen 17.000 tona CO2 baino gehiago igortzea atmosferara.

Orain egin den ebaluazioak, nahiz eta ez dion eragiten IM-SCPSAren Karbono Aztarnaren kalkulu orokorrari (ISO 14.064 arauaren arabera), ahalbidetzen du Ibai Parkearen ezaugarriak hobeki ezagutzea, Iruñerrian CO2-hustubide gisa jokatzen duen berdegune moduan.

Beste albiste batzuk