Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2018/10/22

Arriskuko zuhaitzen mozketa kontrolatua, Burlatako Intxaurdiko jolas-eremuan

Aurreikusita dago hurrengo egunetan gaizki dauden 17 makal moztea, erortzeko arriskua dutelako

Hurrengo egunetan, Iruñerriko Mankomunitateak Burlatako Intxaurdiko jolas-eremuan dauden 17 zuhaitzen mozketa kontrolatua egingo du. Hain zuzen, zur ekoizpenerako duela 60 urtetik gora landatutako Populus nigra eta Populus nigra italica (makal beltzak eta makal italiarrak) aleek osatutako makaldi batean egingo du. 17 zuhaitz horiek, beren adinarengatik, andeatze fasean daude, eta alea bera erortzeko arriskua dute edo, gainerakoan, beren adarretako bat, eta horrek parkeko erabiltzaileei eragingo lieke. 

2007an Ibai Parkeko eskumenak bere gain hartu zituenetik, Mankomunitateak Iruñerriko Ibai Parkeko zuhaitzen mantentze- eta kontserbatze-lanak planifikatzen ditu. Horretarako, jende gehien biltzen duten jolas-eremuetan dauden arriskuko zuhaitzen egoera –zaharrak direlako edo nolabaiteko nahasmendu edo gaixotasunen sintomak dituztelako– kontrolatzeko eta hari jarraipena egiteko programa bat baliatzen du.

Hogei zuhaitz berri birlandatzea

Prebentziozko kontrola aldian behin egiten da eta, zehazki, zuhaitzak bisualki ikuskatzean eta daratulu bidez zuloak egiteko teknika aplikatzean datza, enborretan usteltasunak dituzten arbolak identifikatzeko. Mankomunitateak joan den uztailean egin zituen behaketetan, erortzeko arriskuarekin zuzenean lotutako gabeziak zeuzkaten 17 ale detektatu ziren. Haietatik, hamaika makal italiarrak dira eta sei makal beltzak. 

Burlatako Udaleko Obra eta Lorategietako Zerbitzuko kideekin bilera egin eta gero, onespena eman zuten aurreikusitako jarduketarako, eta, hartara, erortzeko arriskua dutelako identifikatu ziren 17 aleak moztuko dira. Horrez gain, Ibai Parkerantz dauden aleen punta lehorrak mozteko baliatuko dira lanak.  

Makal italiarrak moztean, gutxi gorabehera 900-1.000 metro koadroko soilgune bat sortuko da eta erripako eta bertako espezieen 20 ale inguru landatuko dira han (lizarrak, haltzak…), Burlatako parke enblematiko honetako itzalpeko guneak berritzeko. 

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua