Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Nola biltzen dira?

1987. urteaz geroztik Iruñerriko Mankomunitatea arduratzen da zerbitzu honetan parte hartzen duten udalerrietan sortzen diren hondakinak kudeatzeaz. Hain zuzen ere, kudeaketa sistemak hiru eginkizun hauek konbinatzen ditu:

  • Gaikako bilketa eta sailkatzeko planta, birzikla daitezkeen materialetarako.
  • Zabortegira modu kontrolatuan botatzea, gai organiko eta gainerako hondakinetarako.
  • Biomasatik sortutako gasaren aprobetxamendu energetikoa.

Prozesu horiek Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan egiten dira. Zentro hori Iruñetik 12 kilometrora dago, hego-ekialdera, eta bertara eramaten dira, bai mankomunitatearen barnean dauden 50 udalerrietako hondakinak, bai eta Nafarroaren iparraldetik datozenak ere. Ikusi zerbitzu hau emateko eremua.

Hori guztia ezingo litzateke lortu sortzen ditugun hondakinen frakzioetako bakoitza egoki tratatzea ahalbidetzen duten gaikako bilketak eduki gabe. Hartara, kale-plazetan hondakinak biltzeko guneetan, papera eta kartoia botatzeko edukiontzia, beira botatzekoa, ontziak botatzekoa eta, duela gutxitik, gai organikoetarako 5. edukiontzia daude. Bilketa osatzeko, gainerako hondakinak botatzeko edukiontzia dago.

Gainera, bilketa orokorrenak beste bilketa berezi batzuk ditu, zeregin hau osatzeko.

 

BILKETA MOTAK

 

BILKETA PNEUMATIKOA

2011ko otsailaz geroztik egiten da Iruñeko Alde Zaharrean. Auzo horretako bizilagunek etxeko hondakinak postontzi antzeko batzuetara botatzen dituzte, hiru material motaren arabera: gai organikoak, ontziak, eta papera eta kartoia.

Postontzi horiek lur azpiko bilketa sare bati lotuta daude. Sareak 6,5 kilometro ditu eta bertan ibiltzen dira hondakinak. Zehazki, aire korronteek mugiarazten dituzte, Trinitarioetako bilketa zentralera iritsi arte.

Egun, 35 gune edo tokitan daude, eta guztira 118 postontzi dira. Bilketa pneumatikorako sistema honek aukera eman du auzo honetan edukiontziak kentzeko, eta, beraz, oinez ibiltzeko toki gehiago izateko, usainekin lotutako arazoak minimizatzeko, eta inguru horretan zaborrak biltzen ibiltzen ziren kamioien soinua eta kutsadura amaitzeko.

 

GARBIGUNEAK

Etxean sortutako hondakin bereziak gaika biltzeko erabiltzen den instalazioa da garbigunea. Garbiguneak bi motatakoak dira: finkoak, hipermerkatuetako aparkalekuetan baitaude beti, eta mugikorrak, herri eta auzo desberdinetara joaten diren ibilgailuak baitira. 


Zehazki, hondakin berezi hauek eraman daitezke garbiguneetara:

Margoekin lotutako produktuak: margo tuboak eta ontziak, disolbatzaileak, dekapatzaileak…
  • Automobilerako produktuak: olioak, bateriak, iragazkiak, izotz-kontrakoak eta beste likido batzuk.
  • Beste produktu berezi batzuk: fluoreszenteak, olio erabiliak, pilak, aerosolak, argizariak, bernizak eta beste garbigarri batzuk.
  • Etxeko beste hondakin batzuk (etxetresna elektriko txikiak, arropa, zura, jostailuak…).

 

ATEZ ATEKO BILKETA

Atez ate biltzeko bi zerbitzu ematen dizkie Mankomunitateak Iruñeko Alde Zaharreko saltokiei. Hartara, zerbitzu horiei esker, merkatariek ez dute joan behar edukiontzi edo postontzietara eta beren saltokietan toki gehiago dute.

Beira atez ate biltzea egunero egiten da eta ostalaritzako saltokietarako egiten da.Beira biltzea eta birziklatzea errazteko, Mankomunitateak eskatzen die ostalaritzako merkatariei ontziak botatzeko bakoitzak daukan edukiontzi gurpildunera. Gainera, ontziak metalezko estalki eta tapoirik gabe bota behar dituzte. Gero, edukiontzi hori saltokiaren atarian utzi behar da, biltzera etorriko direnek hustea errazteko.

Kartoia atez ate biltzea, berriz, astelehenetik larunbatera egiten da eta dendetarako egiten da.Kartoiak garbi egon behar du eta kaxak tolestuta utzi behar dira, ahalik eta toki gutxiena behar izateko. Horrez gain, behin zinta itsaskorrak, plastikoak edo metalezkoak kenduta, Mankomunitateak eskatzen du dendaren atarian utzi aurretik kartoiak pilatzeko eta paperezko zinta edo soka bat jarrita lotzeko.

 

TAMAINA HANDIKOAK

Eska dezakezu, inolako kosturik gabe, etxetik bertatik hartzeko handiak direlako edukiontzira bota ezin dituzun gauzak, besteak beste,  altzariak, etxetresna elektrikoak…

Emausko Trapuketariei dagokie zerbitzu hau. Bildutako gauzak ongi badaude edo konponketa txiki bat egitea nahikoa badute, egin egiten dute eta Trapuketarien azokan jartzen dituzte salgai. Bestela, desegin egiten dituzte gauzak eta birziklatu piezaka.

Iruñerrian bizi bazara, etxera jasotzera joateko eska dezakezu, edo 948 302 898 telefono zenbakira deituta, edo formulario hau beteta.