Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/06/14

Txartela behar duten edukiontzi berriak astelehenean kokatuko dira Azpilagañan eta asteartean Artika Berrian

Eremu horietan bizi diren pertsonen %65,3k badute jada txartel berria. Ez dutenak ekainaren 23a arte, larunbata, joan daitezke jasotzera informazio guneetara

Hurrengo astean hasiko da Iruñerrian gai organikoak bereiz biltzea hobetzeko proba pilotua. Jakina denez, esperientzia bi eremutan gauzatuko da: Azpilagañan eta Artika Berrian. Azpilagañan, zehazki, ekainaren 18an hasiko da, astelehena, eta Artika Berrian hurrengo egunean, ekainak 19, asteartea. 

Horretarako, astelehenean Azpilagañan eta asteartean Artika Berrian, gai organikoetarako eta gainerakoetarako edukiontzi berriak kokatuko dira. Edukiontzi horiek itxigailu elektronikoa dute, eta bi eremu horietan maiatzaren 28az geroztik banatzen ari den txartelaren bidez baino ezin izango dira ireki. Horrenbestez, txartel horrek ordeztu egingo du orain arte edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen zen giltza. 

Orain arte, Mankomunitateko langile teknikariek bisita egin dute ezarritako bi eremu horietan dauden etxebizitza guztietara (4.508) eta haietan bizi diren pertsonen (2.701 etxebizitza) %65,3rekin harremanetan jarri ahal izan dira. Pertsona horiek txartela jaso dute (etxebizitza bakoitzeko bi unitate banatu dira), errefusaren eta gai organikoen edukiontziak irekitzeko, eta bai informazioa emateko beste material batzuk ere. 

Era berean, bisitak egin dira lokal guztietara, eta lokal horien %30,5rekin harremanetan jartzeko aukera izan da. Horrenbestez, badute txartel berria.

Oraindik txartela eskuratu ez duten pertsonak eremuetako bakoitzean egokitu den informazio gunera joan daitezke bila. Zehazki, ekainaren 23a arte, larunbata, joan ahal izango dira, toki hauetara:

  • Azpilagaña: osasun etxearen ondoan (Luis Morondo Urra k., 1).

  • Artika Berria: Clara Campoamor eta María Domínguez kaleetan, barneko plazan.

Bi informazio gune horien ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:30etik 19:30era eta larunbatetan 09:30etik 14:30era.

Bi eremu horietan bizi diren pertsonek, zalantzak badituzte, 948 271 977 telefono zenbakira dei dezakete, argitzeko, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Proba pilotuari buruzko informazio guztia webgune honetako lotura honetan ere eskuragarri dago.

Helburua: gai organikoen bilketa bereizia handitzea 

Proba pilotuaren helburu nagusia da gai organikoen bilketa bereizia handitzea, egun oker, nagusiki gainerakoen edukiontzira, botatzen diren hondakinak edukiontzi marroira botatzea bideratuta. Horretarako, proba piloturako aukeratu diren bi eremuetan, ‘gainerakoen’ edo ‘errefusaren’ frakzioa jasotzeko edukiontziak –gai organikoak biltzeko edukiontziaren modelo berekoa izango da– gris koloreko estalkia eta identifikazioa edukiko ditu. Gai organikoetarako edukiontziak eta errefusarako edukiontziak kontratu bakoitzari lotutako txartel elektroniko baten bidez irekiko dira eta irekitze bakoitza erregistratuta geldituko da. 

Bi eremuetako emaitzak erkatu ahal izateko helburuarekin, Azpilagañaren kasuan, gai organikoak biltzeko edukiontziak egunero ireki ahal izango dira, eta ‘errefusaren’ frakziorako edukiontziak irekitzea asteko lau egunetara mugatuta egongo da: astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetara. Artika Berrian, berriz, bi edukiontzi mota horiek egunero ireki ahal izango dira.

2017an, 7.516 tona gai organiko bildu ziren, Iruñerriko etxebizitzen %45ek edukiontzi marroia erabiltzen dutelako. Hala eta guztiz ere, gaikako bilketa horretan aurrera egiten jarraitu behar da; izan ere, joan den urtean, ekoitzitako guztiaren %16 besterik ez baitzen birziklatu. Horrenbestez, Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen dizkigun helburuak lortzetik oso urrun gaude. Helburu horiek Hondakinen Legeak jaso ditu, eta ezartzen dute sortutako gai organikoen %70 bereiz bildu beharko direla 2027an.

Beste albiste batzuk