Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2016/06/29

Sanferminetan lehen aldiz hondakinak gaika bilduko dira Alde Zaharrean

Sanferminak direla-eta, Iruñerriko Mankomunitateak bilketarako zerbitzu berezia jarriko du beste urte batez

San Fermin jaiak direla-eta eta festetako ekitaldiak zuzen gauzatzea errazteko, beste urte batez, bilketarako zerbitzu berezia jarriko du martxan Iruñerriko Mankomunitateak. Aurreko urteetan bezala, bihartik aurrera, ekainak 30, osteguna, bilketa pneumatikoko buzoiak kenduko dira. Dena den, lehenbiziko aldiz, buzoi horien ordez gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dira, 1.000 litroko edukierakoak, frakzio desberdinak bereiz bota ahal izateko (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, papera-kartoia, ontziak eta beira) jaiek iraun bitartean. Gogora ekarri behar da joan den urtea arte jaien eremuan edukiontzi bidezko hondakinen bilketa ezin zela gaika egin, edukiontzi mota bakarra baitzegoen.

Entzierroaren ibilbidean dauden kaleen kasuan (Santo Domingo, Mercaderes eta Estafeta), uztailaren 1etik 5era frakzio guztien gaikako bilketa zerbitzua emango da berariazko edukiontzien bidez. Uztailaren 5ean, asteartea, kendu egingo dira edukiontzi guztiak, eta uztailaren 6a eta 14a artean kale horietan bizi direnek errefusa duten poltsak kale-plazetako ohiko kokalekuetan utzi beharko dituzte. Izan ere, egun horietan bilketarako zerbitzu berezia egongo da eta, hartara, poltsak eskuz bilduko dira kaleetatik. Ingurua ongi eta garbi edukitzeko, eskatu behar zaie bizilagunei poltsak ongi itxita uzteko. Hondakinak bereiz (gai organikoak, ontziak, papera eta beira), frakzioka, alboko kaleetako edukiontzietara bota ahal izango dituzte. Dena den, kale horietako etxebizitzetara bidaliko den informazio gutun batean daude jarraibide guztiak.

Oro har, bilketarako ordutegiak hauek izango dira:

  • Goizean, 07:00etatik aurrera Alde Zahar osoan, entzierroaren ibilbidean izan ezik. Bertan, entzierroa amaitu eta gero egingo da.
  • Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Alde Zahar osoan. 

Bilketa pneumatikoko buzoiak uztailaren 16a eta 19a artean kokatuko dira berriro.

ATEZ ATEKO BILKETAK SALTOKIETARAKO

Beste alde batetik, Mankomunitateak gutun bat eta informazio diptiko bat argitaratu ditu Alde Zaharreko saltokietarako, jaiek iraun bitartean egingo diren bilketa desberdinei buruzko informazioa emate aldera.

Aurreko urteetan bezala, San Fermin jaietan, beira atez ate bilduko da saltokietan eta ostalaritzako lokaletan. Zehazki, uztailaren 6an, bilketa hori 08:00etatik eta 15:30etik aurrera egingo da; eta uztailaren 7a eta 14a artean, 06:00etatik aurrera egingo da. Entzierroaren ibilbidean dauden kaleetako merkatarien kasuan, ordea, entzierroa amaitzen denean egingo da, berehala. Azkenik, uztailaren 15ean, bilketa 03:00etatik aurrera egingo da.

Kartoi bilketaren kasuan, 15:00etatik aurrera jasoko dira hondakinak atez ate. Kasu horretan, eta ohikoa den moduan, Mankomunitateak gomendatzen du merkatariek kaxak tolestuta uztea.

Era berean, ostalaritzako establezimenduetan, gai organikoak atez ate bilduko dira, urteko gainerako egunetan bezala. Zehazki, egunean behin bilduko dira, 15:00etatik aurrera, eta zeregin horretarako erabiltzen den berariazko ontziaren bidez egingo da.

ONTZIAK ETA ERREFUSA, SALTOKIETAN

Ontzien eta errefusaren bilketari dagokionez, Mankomunitateak gomendatzen die merkatariei gertuen dituzten berariazko edukiontzietara botatzeko. Entzierroaren ibilbidean dauden merkatarien kasuan, gogorarazi behar da uztailaren 1a eta 5a artean bilketa hori edukiontzien bidez egin ahal izango dela. Edukiontzi horiek uztailaren 6ko goizaldean kenduko dira, eta egun hori eta uztailaren 14a artean bilketarako zerbitzu berezia egongo da, kaleko poltsak jasotzeko. Edonola ere, ontziak alboko kaleetan egongo diren edukiontzi guneetako edozeinetara eraman ahal izango dira.

AHOLKUAK, AZOKALARIENTZAT

Aurreko urteetan bezala, azokalarientzako aholku batzuk ere zehaztu diru Mankomunitateak. Profesional horiei banatuko zaien informazio diptiko batean, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, ontziak, papera eta kartoia, eta beira) bereizteko jarraibideak azaltzen dira. Halaber, aipamen berezia egiten da olio erabiliaren gainean: adierazten da ezin izango dela saneamendu sarera isuri eta ezin izango dela edukiontzietako bakar batean bota. Hain zuzen ere, azokalariek hondakin hori tratatzeko baimena duten kudeatzaileetako batekin jarri beharko dute harremanetan.

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara