Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/06/25

Sanferminetan berriro ere hondakinen gaikako bilketa egingo da Alde Zaharrean

Gaur, astelehena, ekainak 25, hasiko dira bilketa pneumatikoko buzoiak kentzen

Sanferminak direla-eta eta festetako ekitaldiak zuzen gauzatzea errazteko, beste urte batez, Iruñerriko Mankomunitateak bilketarako zerbitzu berezia jarriko du martxan. Gaurtik aurrera, ekainak 25, astelehena, bilketa pneumatikoko buzoiak kenduko dira. Buzoi horien ordez gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dira, jaiek iraun bitartean, frakzio desberdinak bereiz bota ahal izateko (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, papera-kartoia eta ontziak), eta ontziak, beira bota ahal izateko (etxebizitzak). Gogora ekarri behar da Alde Zaharrean eta sanferminetan bilketa bereizia egiteko zerbitzu hau 2016an jarri zela martxan.

Entzierroaren ibilbidean dauden kaleen kasuan (Santo Domingo, Mercaderes eta Estafeta), uztailaren 5a arte frakzio guztien gaikako bilketa zerbitzua emango da berariazko edukiontzien bidez. Uztailaren 6ko goizaldean, kendu egingo dira edukiontzi guztiak, eta uztailaren 6a eta 14a artean kale horietan bizi direnek zaborra duten poltsak alboko kaleetako edukiontzietan utzi beharko dituzte. Izan ere, egun horietan bilketarako zerbitzu berezia egongo da eta, hartara, poltsak eskuz bilduko dira kaleetatik. Ingurua ongi eta garbi edukitzeko, poltsak ongi itxita uzteko eskatu behar zaie bizilagunei. Birzikla daitezkeen hondakinak botatzeko, alboko kaleetako edukiontziak erabili ahal izango dituzte. Edonola ere, kale horietako etxebizitzetara bidaliko den informazio gutun batean daude jarraibide guztiak.

Oro har, bilketarako ordutegiak hauek izango dira:

  • Goizean, 07:00etatik aurrera Alde Zahar osoan, entzierroaren ibilbidean izan ezik. Bertan, entzierroa amaitu eta gero egingo da.
  • Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Alde Zahar osoan. 

Bilketa pneumatikoko buzoiak uztailaren 17tik aurrera, asteartea, kokatuko dira berriro.

Atez ateko bilketak saltokietan

Bestalde, Mankomunitateak gutun bat eta informazio triptiko bat argitaratu ditu Alde Zaharreko saltokietarako, jaiek iraun bitartean egingo diren bilketa desberdinei buruzko informazioa emate aldera.

Aurreko urteetan bezala, San Fermin jaietan, beira atez ate bilduko da saltokietan eta ostalaritzako lokaletan. Zehazki, uztailaren 6an, bilketa hori 15:30etik aurrera egingo da; eta uztailaren 7a eta 14a artean, 06:00etatik aurrera. Entzierroaren ibilbidean dauden kaleetako merkatarien kasuan, ordea, entzierroa amaitzen denean egingo da, berehala.

Azkenik, uztailaren 15ean, bilketa 04:00etatik aurrera egingo da.
Uztailaren 2an eta 3an, arratsaldeko ordutegian, beira biltzeko edukiontzi osagarriak utziko dira saltoki horietan.

Kartoi bilketaren kasuan, 15:00etatik aurrera jasoko dira hondakinak atez ate. Navarreríaren eremuan bi bilketa egingo dira, 07:00etan eta 16:00etan. Kasu horietan, eta ohikoa den moduan, Mankomunitateak gomendatzen du merkatariek kaxak tolestuta uztea.

Nabarmendu behar da, hirugarren urtez, gai organikoak atez ate bilduko direla ostalaritzako establezimenduetan. Zehazki, egunean behin bilduko dira, 15:00etatik aurrera, eta zeregin horretarako erabiltzen den berariazko ontziaren bidez egingo da. Navarreríaren eremuan, 16:00etatik aurrera egingo da.

Ontziak eta errefusa, saltokietan

Ontzien eta errefusaren bilketei dagokienez, Mankomunitateak gomendatzen die merkatariei gertuen dituzten berariazko edukiontzietara botatzeko. Entzierroaren ibilbidean dauden merkatarien kasuan, gogora ekarri behar da bilketarako zerbitzu berezia izango dela uztailaren 6a eta 14a artean, poltsak kaletik bilduko dituena. Edonola ere, ontziak alboko kaleetan egongo diren edukiontzi guneetako edozeinetara eraman ahal izango dira. Bilketa horiek entzierroa amaitutakoan egingo dira eta 15:00etatik aurrera. Navarreríaren eremuan, 16:00etatik aurrera egingo da.

Aurten, lehenbiziko aldiz, Mankomunitateak Alde Zaharreko ostalaritzako establezimendu guztietan poltsa horiak banatuko ditu, eta ontziak frakzio horretako edukiontzietan (horiz identifikatuta daude) botatzeko erabili beharko dituzte. 

Aholkuak, azokalarientzat eta eskualdeetako etxeetarako

Aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak azokalarientzako eta eskualdeetako etxeetarako aholku batzuk ere zehaztu diru. Profesional horientzat eta gune horietan banatuko den informazio diptiko batean, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, ontziak, papera eta kartoia, eta beira) bereizteko jarraibideak azaltzen dira. Halaber, aipamen berezia egiten da olio erabiliaren gainean: adierazten da ezin izango dela saneamendu sarera isuri eta ezin izango dela edukiontzietako bakar batean bota. Hartara, azokalariek eta eskualdeetako etxeek hondakin hori tratatzeko baimena duten kudeatzaileetako batekin jarri beharko dute harremanetan.

Informazio materiala (PDF formatua)

Entzierroaren eremuko herritarrentzako gutuna

Navarreríaren eremuko herritarrentzako gutuna

Entzierroaren eremuko saltokietarako gutuna 


Navarreríaren eremuko saltokietarako gutuna 


Merkatarientzako triptikoa

Beste albiste batzuk

  • 21 hirirako garraio publikoaren gaineko txosten bat da eta, bertan, Iruñeak lehendabiziko postua partekatzen du Bilborekin eta Logroñorekin...
  • Mankomunitateak aitortza izan du 2017ko kanpainan bilketan egin zuen kudeaketarengatik
  • Aurreikusita dago hurrengo egunetan gaizki dauden 17 makal moztea, erortzeko arriskua dutelako