Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/11/27

“Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpainako edukiontziak Iruñean eta Iruñerrian kokatuta daude

Beira biltzeko iglu formako 25 edukiontzi apaindu dituzte artista eta sortzaileen talde ugarik

Gaur goizean aurkeztu da Gazteluko plazan “Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpainakoak diren edukiontzien instalazioa: beira biltzeko iglu formako 25  edukiontzi dira, Mankomunitateak lagatakoak, hainbat artistak eta sortzaileen taldeek apaindu dituztenak, eta ia bi hilabetean Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egon direnak erakusgai.

“Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpaina SARE Elkarteak sustatu du, eta helburua da GIB/HIESa kutsatzeko arriskua gogora ekartzea herritarrei. Zehazki, kanpaina prebentzio ekintza bat da, GIBak eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuek azken urteetan goraka egitearen ikusezintasunaren aurka borrokatzeko planteatu dena.

Ekimenak Uharte Zentroaren, Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Iruñerriko Mankomunitatearen, Iruñeko Arte Eskolaren, Ecovidrioren eta TCC enpresaren (Transports Ciutat Comtal) lankidetza izan du.

Kanpaina gauzatzeko, Iruñeko Arte Eskolak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak laguntza eskatu zioten artista eta sortzaileen talde ugariri edukiontziak apaintzeko. Bi hilabetean erakusgai egon ondotik, aste honetan banatu dira Iruñeko eta Iruñerriko hainbat tokitara eta haietan egongo dira urtebete inguru.

Gainera, Eskualdeko Hiri Garraioko lau markesina gehituko zaizkio kanpainari: itxura berria eta desberdina dute, hainbat arkitekto, ingeniari eta irudigileren parte-hartzeari esker. Haietako hiru ikusteko moduan daude jada: NUPen sarrera nagusian, Marcelo Celayeta etorbidearen 75.ean eta Sarasate pasealekuan, San Nikolas elizaren ondoan. Laugarrena hurrengo astean egongo da prest, eta Sarasate pasealekuaren amaieran dagoena da, Nafarroako Parlamentuaren parean.

Gaur goizeko ekitaldian, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria, Javier Manzanos, SARE Elkarteko Laguntza sozio-emozionalerako arloko arduraduna eta “Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) proiektuaren koordinatzailea, Leticia Ramón, eta edukiontziak eta markesinak apaindu dituzten artistetako batzuk izan dira.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak adierazi du, joan den urriaren 2an hasitako erakusketaren ondotik, kanpaina honen hurrengo pausoa edukiontziak kokatzea izan dela. Hori dela-eta, “Erakunde erkidetuan pozik gaude edukiontziak Iruñean eta Iruñerrian ikus daitezkeelako jada eta gizartearen arloko gaiak herritarrei, kalera, gerturatzen laguntzen ari garelako”, zehaztu du.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendari Javier Manzanosek nabarmendu du edukiontziak kokatzearen bidez orain dela bi hilabete hasitako kanpaina berritu dela. Era berean, Mankomunitatearen konplizitatea edo laguntza, TCC eta Ecovidrio enpresen lankidetza eta Iruñeko Arte Eskolaren parte-hartzea zoriondu du.

Bere aldetik, kanpainan sartuta dauden edukiontzietan eta markesinetan dagoen QR kodearen bidez behera kargatu ahal den aplikazioaren ezaugarriak azaldu ditu Leticia Remónek. Doako aplikazioa lotutasunik gabeko proposamena da, hizkuntza argia eta zuzena duena. Bideoen, jokoen eta azalpen laburren bidez GIBaren eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuen gaineko zalantzak alde batera uzten laguntzen du. IOS eta Android sistemetarako erabilgarri dago, 4,1Mb-ko pisua baino ez du eta App Storen eta Play Storen behera kargatu ahal da.

Kanpainaren aplikazioa behera kargatzeko lotura hau erabil daiteke.

Edukiontzien eta markesinen kokapen planoa behera kargatzeko lotura hau erabil daiteke. 

Beste albiste batzuk