Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/06/22

Proba pilotuaren gaineko informazio guneen presentzia ekainaren 30a arte, larunbata, luzatu da

Oraindik txartela ez daukaten pertsonak egun hori bitartean joan daitezke bila bi gune horietara.

Mankomunitateak aste bat luzatu du Azpilagañan eta Artika Berrian gai organikoen bilketa bereizia hobetzeko proba piloturako kokatutako informazio guneen presentzia.

Jakina denez, joan den astelehenean Azpilagañan eta asteartean Artika Berrian, proba pilotua hasi zen, gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontzi berriak kokatu eta gero. Edukiontzi horiek itxigailu elektronikoa dute, eta bi eremu horietan maiatzaren 28az geroztik banatzen ari den txartelaren bidez baino ezin dira ireki. Horrenbestez, txartel horrek ordeztu egin du orain arte edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen zen giltza.

Hartara, oraindik txartela eskuratu ez duten pertsonak eremuetako bakoitzean egokitu den informazio gunera joan daitezke bila. Zehazki, ekainaren 30a arte, larunbata, joan ahal izango dira, toki hauetara: 

  • Azpilagaña: osasun etxearen ondoan (Luis Morondo Urra k., 1).

  • Artika Berria: Clara Campoamor eta María Domínguez kaleetan, barneko plazan.

Bi informazio gune horien ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:30etik 19:30era eta larunbatetan 09:30etik 14:30era.

Bi eremu horietan bizi diren pertsonek, zalantzak badituzte, 948 271 977 telefono zenbakira dei dezakete, argitzeko, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Proba pilotuari buruzko informazio guztia webgune honetako lotura honetan ere badago eskuragarri.

Orain arte, kanpainako lau asteren ondoren, Mankomunitateak 3.511 etxebizitzari eman dizkie txartelak –bi unitate etxebizitza bakoitzeko– (etxebizitza guztien %77,9), gainerakoen eta gai organikoen edukiontziak irekitzeko, eta bai informazioa emateko beste material batzuk ere. Gainerako 997 etxebizitzetan bizi diren pertsonek hurrengo astean hartu ahal izango dituzte, lehenago adierazi diren tokietan eta orduetan. 

Era berean, bisitak egin dira lokal guztietara, eta lokal horien %52rekin harremanetan jartzeko aukera izan da. Horrenbestez, badute txartel berria.

Helburua: gai organikoen bilketa bereizia handitzea

Proba pilotuaren helburu nagusia da gai organikoen bilketa bereizia handitzea, egun oker, nagusiki gainerakoen edukiontzira, botatzen diren hondakinak edukiontzi marroira botatzea bideratuta. Horretarako, proba piloturako aukeratu diren bi eremuetan, ‘gainerakoen’ edo ‘errefusaren’ frakzioa jasotzeko edukiontziak –gai organikoak biltzeko edukiontziaren modelo berekoa izango da– gris koloreko estalkia eta identifikazioa dauka. Gai organikoetarako edukiontziak eta errefusarako edukiontziak kontratu bakoitzari lotutako txartel elektroniko baten bidez irekitzen dira eta irekitze bakoitza erregistratuta gelditzen da. 

Bi eremuetako emaitzak erkatu ahal izateko helburuarekin, Azpilagañaren kasuan, gai organikoak biltzeko edukiontziak egunero ireki ahal dira, eta ‘errefusaren’ frakziorako edukiontziak irekitzea asteko lau egunetara mugatuta dago: astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetara. Artika Berrian, berriz, bi edukiontzi mota horiek egunero ireki ahal dira.

2017an, 7.516 tona gai organiko bildu ziren, Iruñerriko etxebizitzen %45ek edukiontzi marroia erabiltzen dutelako. Hala eta guztiz ere, gaikako bilketa horretan aurrera egiten jarraitu behar da; izan ere, joan den urtean, ekoitzitako guztiaren %16 besterik ez baitzen birziklatu. Horrenbestez, Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen dizkigun helburuak lortzetik oso urrun gaude. Helburu horiek Hondakinen Legeak jaso ditu, eta ezartzen dute sortutako gai organikoen %70 bereiz bildu beharko direla 2027an.

Beste albiste batzuk