Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS

Hondakinak
2014/11/24

Mankomunitateak Elikagaien Bankurako egiten duen bilketa, saritua 2013-2014 Tokiko Garapen Iraunkorrean egindako praktika onena moduan

Egunero elikagai freskoen 2.000 kilogramo biltzen dira laguntza ematen duten 68 saltokietan eta Elikagaien Bankuari ematen zaizkio.

Nafarroako Elikagaien Bankurako egunero egiten den jan-edanen bilketa hiru praktika onenen artean dago Nafarroako Gobernuak antolatu duen 2013-2014 Tokiko Garapen Iraunkorreko Praktika Onen Sariko VIII. ekitaldiaren barnean.

Ekimen hau 2010eko abenduan sortu zen, eta horren bidez Iruñerriko Mankomunitatea egunero joaten da supermerkatu, saltoki handi eta elikagaien dendetara jan-edan freskoak jasotzeko. Jan-edan horiek egokiak dira kontsumitzeko, baina gertu dute iraungitze data edo akatsen bat duen ontzietan daude. Bilketa hau martxan jarri aurretik, produktu horiek salmentatik kentzen ziren eta edukiontzira botatzen, azkenean hondakin bihurtzeko. Lau langilek eta bi ibilgailu isotermikok egiten duten lan honi esker, ordea, egunero elikagai freskoen 2.000 kilogramo Nafarroako Elikagaien Bankuari ematen zaizkio, hark gehien behar duten familiei helarazteko. 

Datu horiek duten balio sozial handiaz gain, ekimen honek martxan daramatzan lau urteetan saihestu da ia 2.000 tona hondakin sortzea. 

Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio kontseilari José Javier Esparzak eman zituen bi urtean behin banatzen diren sari hauek, joan den ostiralean, azaroak 21, egin zen ekitaldi batean. Antsoaingo Udalak eta Zangozakoak bultzatutako beste bi ekimen ere saritu ziren. Mankomunitateari emandakoa José Muñoz lehendakariak jaso zuen. Ekitaldi horretan, gainera, Mankomunitateko Hondakinen Arloko zuzendariak, Carmen Lainezek, parte hartu zuen. Lainezek hitza hartu zuenean nabarmendu zuen proiektu honetan ezinbestekoak diren bi bazkideen lana:  alde batetik, Nafarroako Elikagaien Bankua, bermatzen baitu 24 ordu igaro baino lehen banatzea bildutako elikagai fresko guztiak eskatzen duten pertsonei eta erakundeei; eta beste aldetik, laguntzaile diren 68 saltokiak, beren lana eta denbora ematen baitute goizero posible izateko sailkatutako eta garraiatzeko ezin hobeto dauden produktuak biltzea. “Ikusi da aliantza hau ezinago eraginkorra dela, egun 2.000 kilogramo elikagai ematen baitira eta hori Elikagaien Bankuak kudeatzen duen stock osoaren %13 baita”, adierazi zuen Lainezek.

 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela