Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/04/13

Maiatzaren 4an gai organikoen gaikako bilketaren hirugarren faseari ekingo zaio (5. edukiontzia)

Iruñe osora eta Iruñerriko zenbait udalerritara zabalduta, 142.000 etxebizitzak baino gehiagok izango dute eskura bilketa mota hau.

Maiatzetik aurrera, Iruñerriko Mankomunitateak gai organikoak bereiz biltzea ezartzeko hirugarren fasea garatuko du, eta, beraz, horrek bidea emango du beste herri batzuetara eta Iruñeko gainerako auzoetara zabaltzeko. Bilketa mota honen lehen esperientzia 2013ko azaroan jarri zen martxan, Barañainen, eta gero, 2014an, bigarren fasean, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara hedatu zen. 

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezarriko da: lehena maiatza eta ekain artean egingo da, eta bigarrena, irail eta abendu artean. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak), eta, hortaz, 2013an eta 2014an jarritakoetatik desberdinak (atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak). Horrenbestez, beste 99.706 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.473 etxebizitza izango dira.

Udaberriko kanpainan, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri

  • Maiatzak 25: Arrotxapea, Arantzadiko Ingurunea

  • Ekainak 15: Antsoain, Txantrea, Magdalena

Udazken-neguko kanpainan, berriz, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Irailak 7Erripagaña, Mendillorri 

  • Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte

  • Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren

  • Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Alde Zaharra, Belosogoiti

  • Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu

  • Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain

  • Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien

Jakina den moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki.

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da hirugarren fase honetako eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deituta egin daiteke (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 15:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidal daiteke, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egin daiteke, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan ere egin daiteke, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

  • Sanduzelai auzoaren kasuan, maiatzaren 4a arte, Civivox Sanduzelain informazio gune finko bat egokituko da (Gortari Doktorearen plaza, z/g, behealdea, Iruñea), astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Ondoren, ezartzeak aurrera egiten duen heinean, beste gune batzuk egokituko dira beste toki batzuetan.

  • Era berean, informazio gune ibiltarietara ere joan daiteke, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.

  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ere eman daiteke izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte. 

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat egingo da, eta, hortaz, hainbat jolas eta informazio jarduera. Mankomunitatearen jardueren webgunean kontsultatu ahal izango da agenda.

Bilketak izan duen balantzea aurreko faseetan

Bosgarren edukiontzia Barañainen (2013ko azaroaz geroztik) eta bilketaren bigarren fasea Zizur Nagusian, Zizur Txikian, Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz auzoetan (aurreko urteko urriaz geroztik) ezarri eta gero, 19.118 etxebizitzak eman dute izena, etxebizitza guztien %44,7k (guzira 42.767 dira). 2015eko martxoa arte, gai organikoen ekoizpen osoa 2.023.742 kilogramokoa izan da.

Gai organikoen tratamendua

Iruñerrian bildutako gai organikoak Caparrosoko HTN biometanizazio plantara bideratzen dira egun, han tratatzeko. Instalazio horretan gai organikoei prozesu bat egiten zaie, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortzen da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiltzen da) eta elektrizitatea (banaketa sareari saltzen zaio).

Beste albiste batzuk