Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2016/08/16

Lehen eremuko etxebizitzen %33,8k eman dute izena gai organikoak bereiz kudeatzean

Etxeko konpostajean parte hartzeko 65 etxebizitzak eman dute izena, eta lehen eremu honetan jada konpostaje hori egiten ari ziren 225 etxebizitzei gehitu zaizkie

Gaur, abuztuak 16, asteartea, hasiko da gai organikoen kudeaketa bereizia ezartzen Iruñerrian biztanle gutxien duten herrietan bilketa mota hau abiarazteko IV. fase honetan sartuko diren zortzi eremuetako lehenean. 

Gogoan izango denez, bosgarren edukiontziaren bidezko gai organikoen bilketa bereizia 2013aren amaieran hasi zen, Barañainen (I. fasea). Gero, 2014an, Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, Ipar eta Hego Etxabakoitz auzoetara, eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen (II. fasea). 2015ean, Iruñerriko hiri ingurune osora hedatu zen (III. fasea). Hartara, 330.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua ematera iritsi da. Orain arte egin diren kanpainetan, etxebizitzen %44k eman dute izena eta, une honetan, sortzen dituzten gai organikoen %34 ari dira bereizten (Iruñerrian sortutako guztiaren %17).

IV. faseak, hain zuzen, gai organikoen bilketa Iruñerriko gainerako herrietara hurbildu nahi du. Fase honetan sartuta dagoen herri bakoitzari etxeko konpostajea eskainiko zaio gai organikoak tratatzeko modu gisa, nahiz eta herrietakoren batean bosgarren edukiontzia ere ezarriko den. Bosgarren edukiontzia hautatzeko irizpideak izango dira biztanle kopurua (200 ingurukoa) eta hirigintza bertikala etxebizitza familiabakarren ereduaren gainean nagusitzea.

Etxebizitzen %33,8 izena emanda, lehen eremuan

IV. fase honetan, 229 herritara iritsiko da (14 udalerri, 169 kontzeju eta 46 toki), 11.008 etxebizitza eta 23.438 biztanlerekin. Kanpaina zortzi eremutan egingo da, egutegi honen arabera:

Ezartzeko egunak
1. eremuaAbuztuaren 16a
2. eremuaAbuztuaren 22a
3. eremuaAbuztuaren 29a
4. eremuaIrailaren 5a
5. eremuaIrailaren 12a
6. eremuaIrailaren 19a
7. eremuaIrailaren 26a
8. eremuaUrriaren 3a

Baliteke data horiek aldatzea udal edo kontzeju bakoitzaren egoeraren arabera. Zortzi eremuetako herrien zerrenda lotura honetan kontsultatu ahal da. 

Gaur, abuztuak 16, hasi da ezartzen 5. edukiontziaren bidezko bilketa lehen eremuan. Era berean, etxean konposta egitea hautatu duten familiei hitzordua egingo zaie informazioa emateko bilera batean parte hartzeko. 1. eremuak 1.374 etxebizitza eta 3.302 biztanle hartzen ditu, herri hauetakoak:

Egues: Altzuza, Ardatz, Azpa, Badostain, Etxalatz, Egues, Elkano, Elia, Erantsus, Ibiriku, Sagaseta eta Ustarrotz.

Aranguren: Aranguren, Ilundain, Labiano, Lakidain, Taxoare, Zolina eta Gongora.

Noain (Elortzibar): Elortz, Ezperun, Gerendiain, Imarkoain, Oritz, Otano, Dorre, Iharnotz, Zabalegi eta Zulueta.

Joan den ostirala bitartean, abuztuak 12, 240 etxebizitza zeuden izena emanda lehen eremu honetan. Zehazki, etxeko konpostajerako 65 etxebizitzak eman dute izena, eta, hartara, eremu honetan gai organikoak modu honetan lehendik tratatzen ari diren 225 etxebizitzei gehituko zaizkie. Beste alde batetik, 175 etxebizitzak izena eman dute 5. edukiontziaren bidezko bilketan parte hartzeko. 

Denera jota, 1. eremuan guztira dauden 1.374 etxebizitzetatik, orain arte, 465ek eman dute izena gai organikoen kudeaketan parte hartzeko (guztien %33,8). Haietatik, 290 daude izena emanda konposta egiteko (eremuko etxebizitza guztien %21,1), eta 175, 5. edukiontzia erabiltzeko (etxebizitza guztien %12,7).

Bilketan parte hartzea borondatezkoa da, baina aurretik izena eman behar da. Helburua da kalitate oneko gai organikoak bereiztea, material desegokirik gabe, etxean konposta egiteko edo bosgarren edukiontzira botatzeko. Etxeko konpostajearen kasuan, boluntarioei hitzordua egingo zaie, informazioa emateko bilera baterako. Horrez gain, bilketa egin ahal izateko materiala eta konpost-ontzi bat emango zaie bilera horretan.

Bosgarren edukiontzia duten herrietan, kalitate oneko gai organikoak, desegokiak diren materialak gabe, berariazko edukiontzi marroira bota beharko dituzte. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta proiektuan parte hartu nahi duten herritarrei emango zaien giltza batez baino ezin izango da ireki. Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko dute. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du. “Gai organikoetarako” edukiontziak eta “Gainerakoetarako” edukiontziak bilketa gune guztietan egongo dira. Izena ematen duten pertsonei bisita egingo zaie etxebizitzetara. Hartara, bilketa egin ahal izateko behar den materiala eta bosgarren edukiontzia irekitzeko giltza banatuko zaizkie.

Bigarren eremuan, abuztuaren 22an ezarriko da bilketa. Zehazki, 1.302 etxebizitza hartzen ditu eta 3.105 biztanle. Herri hauetan ezarriko da:

Galar: Arlegi, Barbatain, Espartza Galar, Ezkirotz, Galar, Olatz-Subitza, Getze Galar eta Subitza.

Zizur: Asterain, Muru-Asterain, Paternain, Undio, Zarikiegi, Gazolatz, Larraia eta Sagues.

Zabaltza: Arraitza, Ubani eta Zabaltza

Informazio kanpaina iraila arte 

IV. fase honetako informazio kanpaina uztailaren amaieran hasi zen eta irailean amaituko da, azken eremukoa egiten denean. Finkatu den eremu bakoitzean, bilketa abiarazteko egunaren aurreko bi asteetan egingo da informazio kanpaina hori. Hartara, lehen eremuan (gaur, abuztuak 16, ezarriko da bilketa), kanpaina abuztuaren 1ean hasi zen eta hilaren 13an bukatu. Kanpaina abiarazi aurretik, informazioa emateko gutunak bidali dira eremuetako bakoitzera.

Gainera, beste alde batetik, irailetik aurrera, egun bosgarren edukiontzia ezarrita duten hiri eremuko herrietan indartzeko kanpaina bat egingo da.

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Helburua da kalitate oneko gai organikoak bereiztea, desegokiak diren materialak bota gabe, edo konposta egiteko, edo, bere kasuan, bosgarren edukiontzira botatzeko.

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

Izena eman eta handik egun batzuetara, etxeko konpostajearen kasuan, informazioa emateko bilera baterako deia egingo zaie familiei eta bertan konpost-ontzia banatuko zaie. Bosgarren edukiontziaren kasuan, teknikariak bisita egingo die. Bisita horretan, hain zuzen, gai organikoen edukiontzia irekitzeko giltza, berariazko ontzi bat eta informazioa emateko beste material batzuk emango dizkie.

Beste albiste batzuk

  • Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean
  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59