Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/05/16

Kanpaina berria, gai organikoak ongi bereizteari buruz

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Mankomunitateak egin dute kanpaina

Gaur goizean, komunikazio kanpaina berri bat aurkeztu da gai organikoak ongi bereiztea sustatzeko. Aurkezpen ekitaldia Sarrigurenen egin da, Europar Batasunaren etorbidean auzoko konpostajea egiteko dagoen gunearen ondoan. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak (Ingurumen Departamentua), Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak elkarrekin egin eta planifikatu dute kanpaina.

Kanpaina bihartik aurrera, asteazkena, egongo da ikusgai eta bi asteko iraupena izango du. Etxeko hondakinak ongi bereiztean jardunbide egokiak sustatu nahi ditu eta gai organikoak edukiontzi marroian edo konpost-ontzian botatzeak duen garrantzia nabarmendu nahi du. “¿Marrones? Sí, gracias / Organikoak? Bai, mila esker” izenburupean, xedea da hondakin biodegradagarriak, nagusiki janari hondarrak, eta inauste eta lorezaintzako hondakinak, dagokien edukiontzira botatzea lortzea, hartara, berriro baliatzeko aukera izateko. Izan ere, ez badira botatzen behar den tokira, gai organikoak ezin dira berreskuratu, baliabideak galtzen dira eta, gainera, beste frakzio batzuk kutsatzea gerta daiteke, esate baterako, ontziak. Kanpaina honetako mezu nagusiak lotura honetan kontsultatu ahal dira.

Hondakinen mankomunitate guztietarako kanpaina

Hizkuntza ausart eta zuzen batekin, prentsaren, irratiaren, bitarteko digitalen eta telebistaren bidez, herritarrei helarazi nahi zaie hondakin organikoak baliabideak direla, ongarria, bizitza eta energia, baina, haiek baliatu ahal izateko, ezinbestekoa dela etxebizitzetan ongi bereiztea. Kanpaina honetan, gainera, euskarri osagarriak garatu dira hondakinen mankomunitate guztietarako (kartelak, gutunak, gutun-azalak…). Hartara, erakunde bakoitzak egiten dituen gertutasuneko ekintza guztiek irudi berbera izango dute, nahiz eta ekintza jakinak ingurune bakoitzaren errealitatera egokituko diren. Iruñerrian, esate baterako, baliabide horiek erabiliko dituzte ekain hasieran herritar ororentzat eta sortzaile berezientzat hasiko duten sendotze kanpainan.

Gaur goizeko aurkezpen ekitaldian, Isabel Elizaldek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilariak, Aritz Ayesak, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Mikel Ortegak, Hondakinen Partzuergoko lehendakariordeak eta Baztango Udaleko ordezkariak, eta Alfonso Etxeberriak esku hartu dute, Eguesibarko Udaleko alkateak.

Hitza hartu duenean, Alfonso Etxeberriak nabarmendu nahi izan du Eguesibar eta Sarriguren etxeko eta auzoko konpostajean gauzatzen ari diren eginkizun ona, jatorria 2009. urtean duena. Ondoko hitzak adierazi ditu: “Sarrigureni erantzun ona eman zaio gai organikoak kudeatzeko aukera honekin, eta ibarreko gainerako tokietan lanean jarraituko dugu herritarrei kontzientzia harrarazteko eta haiek sentsibilizatzeko gai organikoak bereiztearen alde egiteko, etxeko konpostajearen, auzoko konpostajearen edo bosgarren edukiontziaren bidez”.

Mikel Ortegak berriki Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak sinatu duten hitzarmenaren garrantzia aipatu du. “Hitzarmen horren lehen fruitua Nafarroako etxebizitza guztietara helduko den kanpaina hau da, mezu berbera helaraziz: gai organikoak birziklatu behar dira”, gehitu du. 

Aritz Ayesak iragarri du kanpaina bi astean egongo dela ikusgai, ikus-entzunezko hedabideetan, prentsan eta hedabide digitaletan izango duela hedadura eta, horrenbestez, Nafarroako eremu osora iritsiko dela, irudi eta helburu berberarekin: gai organikoak berreskuratzea, egoki bereizi eta botata.

“Gai organikoak berreskuratzeari dagokionez, orain arte bildu ditugun datuak ez dira nahi genukeen bezain onak”, adierazi du Ayesak. Etxebizitzen %45 daude izena emanda gai organikoak bereizi eta berreskuratzean (barnean hartuta daude portzentaje horretan etxeko eta auzoko konpostajean parte hartzen dutenak), baina benetan biltzen diren gai organikoak %19 dira. “Datu hori asko hobetu daitekeela iruditzen zaigu, eta hori da, hain zuzen ere, aurten buru-belarri lanean gabiltzan helburuetako bat”, zehaztu du.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak gehitu du ekimena baliabideak optimizatzearen adibide argia dela, “hainbat erakunde ados jarri baitira mezu bakarra zabaltzeko”. 

Isabel Elizaldek nabarmendu nahi izan du hiru erakundeek izenpetu duten hitzarmena “inflexio puntua” dela, “nola lan egin nahi dugun erakusten duen adibide argia, eta oso garrantzitsua den kanpaina baten bidez jarri dugu abian, izan ere, nafar gehienok gai organikoen hondakinak gainerakoen edo errefusaren frakzioan botatzen baititugu, ez baititugu bereizten”.  

Elizalderen iritziz, neurri garrantzitsuena hondakinen sorrera murriztea da: “Modu arduratsuagoan kontsumitu behar dugu eta gai organiko gutxiago bota behar dugu”. Hartara, ekonomia eredu linealari (erosi, erabili eta bota) egin dio erreferentzia kontsumo arduratsuago baten aurrean, gure lurra zaintzea bermatuko duena. “Horrek paradigma aldaketa ekarriko du, eredu lineal horretatik zirkularra den beste batera igarotzeko aukera emango duena, eta hartan berrerabiltzearen alde lan egingo da”, ondorioztatu du kontseilariak. 

2017-2027 aldirako Hondakinen Plana

Nafarroan, urteak dira ontziak, papera-kartoia eta beira gaika biltzea ezarrita dagoenetik, eta Espainiako berreskuratze tasa handienetako bat lortzen da. Jatorrian, hau da, etxebizitzetan gai organikoak bereiz biltzea, ordea, oraindik ez dago hain hedatuta eta ez dauka hainbesteko arrakastarik. Nafarroako Gobernuak joan den otsailean aurkeztu zuen Hondakinen Plan berriak aurreikusten du herritarren sentsibilizazioan eragina izatea, eta, horretarako, beste neurri batzuen artean, kanpaina hau ari da gauzatzen. 

Planean jasota dagoenaren arabera, aurten eta 2018an, gai organikoen bilketa bereizia Nafarroako bazter guztietara zabalduko da, mankomunitate bakoitzak ezartzen duen sistemaren arabera. Hondakinak kudeatzean inplikatuta dauden erakunde guztien asmoa da nafar herritarrak ohartaraztea biohondakinak jatorrian bereizteak eta edukiontzi egokira botatzeak duen garrantziaz. 

Beste albiste batzuk