Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2013/10/31

Jada 2.500 familiak eman dute izena gai organikoen bilketan Barañainen

Azaroaren 10etik 11rako gauean instalatuko dira edukiontzi berriak.

Jada Barañaingo 2.500 familiak eman dute izena gai organikoak gaika biltzeko esperientzia pilotuan. Esperientzia hori heldu den azaroaren 11n hasiko da, herri horretako 78 tokitan 5. edukiontzia ezarrita. Horrek esan nahi du Barañaingo etxebizitzen %30ek eman dutela izena jada. Jakina den moduan,esperientzia horren helburua da Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan gai organikoen bilketa bereizirako behin betiko proiektua zehazteko behar diren informazioa eta irizpideak lortzea.

Gogora ekarri behar da esperientzia honetan parte hartzea borondatezkoa dela eta xedea dela kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi berri horren izena “Gai organikoak” izango da, eta proiektuan parte hartuko duten herritarrek baino ezingo dute ireki, giltza bat beharko baita.

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jarriko du.

“Gai organikoen” edukiontzi berriak eta “Gainerakoak” botatzekoak azaroaren 10etik 11rako gauean instalatuko dira, Barañaingo bilketa gune guztietan, industrialdean izan ezik.

Informazio gune finko bat eta beste bat ibiltaria

Izena emateko eta argibideak eskuratzeko hainbat bide jarri dira barañaindarren esku: Mankomunitateak herritarrei arreta egiteko daukan telefonoa (948 42 32 42), www.mcp.es webgunea, Barañaingo Merkatal Hiribidearen 4.ean egokitu den informazio gunea eta beste gune mugikor bat. Gune mugikor hori herriko hainbat tokitan egongo da lau astean. Horrez gain, ezkaratz guztietan kartelak jarriko dira, eta, hartara, izena eman nahi dutenek solairua eta atea besterik ez dute idatzi beharko.

Izena eman eta handik egun batzuetara, teknikari batek bisita egingo die herritarrei. Edukiontzia irekitzeko behar den giltza, berariazko ontzi bat eta informazioa emateko materiala emango die. Gainera, Mankomunitateak gutun bat bidali du Barañaingo etxebizitza guztietara, xehetasun horiek guztiak zehazteko.

Iruñerrian bildutako gai organikoak Caparrosoko HTN Biogas plantara bideratuko dira, han tratatzeko. Planta horretan gai organikoak biometanizazio prozesu batera bideratuko dira, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortuko da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiliko da) eta elektrizitatea (banaketa sareari salduko zaio).

Beste albiste batzuk

  • Mantentzeko eta garbitzeko premiazko zereginen ardura izaten jarraitzen du IMk.
  • Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte har zezaketen lehiaketan
  • Azpiegiturak milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta NILSA sozietate publikoak finantzatu du