Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/04/27

Iruñerriko hondakinak tratatuko dituen instalazio berria kokatzeko zazpi kokagune ari da baloratzen IMa

Tratamendua egiteko ingurumen zentro berrira frakzio organikoa, gainerakoena eta ontziak bideratuko dira

Gaur goizean Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, hondakinen taldea esaten zaionak hartu dituen azken erabakiei buruzko informazioa eman du prentsaurreko batean. Hondakinen talde hori, hain zuzen, legegintzaldi honetan abian jarritako lan batzorde bat da, alde politikoak eta teknikoak elkarrekin lan egiteko hondakinen bilketarekin eta tratamenduarekin lotuta. Horrez gain, Ayesak aukera baliatu du gai honen gainean azken egunetan zabaldu diren zenbait kontu argitzeko. 

Lehenik eta behin, Ayesak aipamena egin dio Nafarroako Gobernuak 2015ean  Gongorako HHTZko zabortegian egin zuen ikuskatzeari. Aurretik tratatu gabe hondakinak isurtzeagatik Mankomunitateari 30.000 euroko isuna ekarri zion ikuskatze horrek, hain zuzen. Horrekin lotuta, lehendakariak gogorarazi du oraindik ezagutu gabe daudela 2016ko eta 2017ko emaitzak. Alde horretatik, Ayesak adierazi du hondakinak tratatzeko instalazio berri bat egon balitz zigor hori saihestuko zela, eta, bestalde, urteak direla konponbide hori gauzatzeko zain dagoela. 

Lehendakariak, gainera, aipatu du Mankomunitatea kudeatzen duen SCPSA sozietateko Administrazio Kontseiluak etxebizitzetako hondakinetako frakzio organikoa tratatzeko kontratua luzatzeari emandako ezezkoa. Azken urteetan, Caparroson dagoen instalazio batean egiten ari da tratamendu hori. Ayesak jakinarazi duenez, aldi baterako konponbide bat dago ustekabeko honetarako, erakundeak hondakinak tratatzeko ingurumen zentro berri baten proiektuan aurrera egiten duen bitartean.

Maiatzaren 2tik aurrera, eta hurrengo hilabeteetan, gai organikoak Ecofert Sánsoain S.L. enpresan (Artaxoa) tratatuko dira, jada abian dagoen esleitzeko prozesu berria amaitu arte.  

Alderdi horiek guztiak behin betiko konponduko dira tratamendu zentro bat eraikitzean Iruñerrian, frakzio organikoa eta gainerakoena kudeatzeko. Era berean, ontziak sailkatzeko instalazio bat kokatuko da, egun Gongorako HHTZn dagoena ordezteko.  

Kokagune izan daitezkeen zazpi toki

Jakina denez, 2017ko urtarrilean Nafarroako Hondakinen Plana onartu zenetik, tratamendurako ingurumen zentro bat sortzean lan egiten ari da, bai gai organikoak bai eta gainerakoen frakzioa ere lantzeko. Iruñerriko lurzoru industrialean kokatuko litzateke, bateragarria izango litzateke ingurunearekin eta ahalik eta eragin txikiena sortuko luke.  

Instalazio berrirako kokalekua ezartzeko orduan, Ayesak argitu du 18 kokagune aztertu direla eta haietatik zazpi jo direla egokientzat instalazio berri hau hartzeko. Hautaketa horretarako, hain zuzen, bost ataletan multzokatutako zenbait irizpide baloratu dira: hirigintzako izapidetzea, urbanizazioaren ezaugarriak eta erabilgarri dauden zerbitzuak, operazioko eta ustiapeneko distantziak, ingurumenerako eta ingurunerako eraginak, eta katastroko datuak.

Zazpi kokagune horiek hauek dira, eta lau udalerritan daude:

KokaguneakPuntuak
Garraioaren Hiria (4. fasea) 
Noain - Elortzibar
8,56
Beriain 1 (AR-3 UPO) 
Beriain
7,54
Garraioaren Hiria (3. fasea) 
Noain - Elortzibar
7,50
Beriain 2 (SUN-1 UPO)
Beriain
7,41
Gazolatz 2 (P10, P11, P12 eta P13, Jarduera Ekonomikoetako Sektorea)
Zizur Zendea
7,28
Comarca I (Agustindarrak) industrialdea
Iruñea
7,24
Gazolatz 1 (P2, P4, P5, E1 eta PV1, Jarduera Ekonomikoetako Sektorea)
Zizur Zendea
7,24

Aritz Ayesak adierazi duen moduan, behin erabakitzen denean behin betiko kokagunea, hurrengo pausoa izango da Iruñerriko Mankomunitateko gobernu organoek behin betiko baliozkotzea orain arte jorratu den planteamendu teknikoa. Behin onartuta, proiektua idazteari eta lanak egiteari heldu ahal izango zaio.

Tratamendua egiteko ingurumen zentro berriaren ezaugarriak 

Instalazio berriaren xedea gai organikoen frakzioa, gainerakoena eta ontziak tratatzea izango da, Iruñerriko hiri bilketan jasotakoak. Tratamendua mekaniko-biologikoa izango da: ontziak sistema mekanikoen bidez bereiziko dira eta gai organikoak beren degradagarritasuna murriztuko duen tratamendu biologikoaren bidez egonkortuko dira. Azkenik, gainerakoen edo errefusaren tratamenduan, aurreko biak bateratuko dira: alde batetik, era mekanikoan bereiziko dira dauden gai organikoak, eta gainerako ontziei ontzietarako deskribatutako prozedura baliokidea aplikatuko zaie. 

Ingurumen zentroaren eremuak, gutxienez, 50.000 metro koadro izango ditu, nahiz eta behin betiko eremua azkenean aukeratzen den kokalekuaren araberakoa izango da. Adierazi behar da tratamendua industria nabe itxi batean edo zenbaitetan kokatuko dela, zaratak eta usainak igortzea ekiditeko. Balorazioak egiteko orduan, hondakinen taldeak garrantzia eman dio etorkizuneko instalazio hori malgua izateari, erreserbarako nolabaiteko ahalmena izanda, bai tratamenduan bai eta etxebizitzetan bereiztean aurreikusita dagoen emendatze progresiboan ezartzen doazen hobekuntzetara egokitzeko modua edukitzeko. 

Azkenik, Mankomunitateko lehendakariak planifikatzen ari diren beste ekintza batzuei egin die aipamena, hala nola gai organikoak bereizteari buruzko informazio kanpainei eta gai organikoen frakzioa eta gainerakoena biltzeko proba pilotuari.

Beste albiste batzuk