Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2019/01/25

Iruñerriko hirugarren garbigune finkoa Burlatan dago

Eroski eta E. Leclerc hipermerkatuetako aparkalekuetan jada badaudenei gehituko zaie garbigune hau

Burlatako garbigune finkoa zerbitzua ematen ari da herri horretako eta Iruñerriko beste batzuetako etxebizitzetan sortutako hondakin bereziak gaika biltzea errazteko. Hain zuzen ere, kultur etxearen ondoko aparkalekuan dago, eta 08:15etik 22:00etara egongo da irekita, astelehenetik larunbatera.

Gogoan izan behar da etxebizitzetako hondakin bereziak, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketenak direla eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak, sendagaiak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere. Zerrenda osoa lotura honetan kontsultatu daiteke. 

Burlatako garbigune finkoa Iruñerriko Mankomunitateak kokatu duen hirugarrena da, Eroski eta E. Leclerc hipermerkatuetako aparkalekuetan beste bi baitaude. Instalazio berri honek 200 metro koadroko azalera hartu du, Burlatako Udalak lagatakoa, eta 170.389,51 euroko inbertsioa (BEZik gabe) egitea ekarri du.

Jakina denez, etxebizitzetako hondakin bereziak garbigune mugikorren bidez ere biltzen dira: Iruñeko auzoetara eta Iruñerriko herrietara joaten diren ibilgailuak dira.  Burlataren kasuan, asteazkenero Zalduan kokatzen den garbigune mugikorrak osatuko du bilketa, 09:00etatik 14:00etara, azokan sortzen diren beharrei zerbitzua ematen jarraitzeko. Beste alde batetik, lehen larunbat arratsaldeetan Eugenio Torres plazan jartzen zen garbigune mugikorra azkeneko aldiz urtarrilaren 26an egon zen, garbigune finkoak emango baitu zerbitzua.

Garbigune finkoa aurkezteko ekitaldira Burlatako Udaleko alkatea, Txema Noval, Atarrabiako Udaleko alkatea, Mikel Oteiza, Uharteko Udaleko alkatea, Alfredo Arruiz, eta Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, joan ziren. Hitza hartu zuenean, Txema Novalek adierazi zuen pozik zegoela garbigunea kokatu delako, eta azpiegitura hau hartzean Burlatak birziklatzeko eta hondakinen kudeaketa iraunkorra egiteko erakutsi duen konpromisoa nabarmendu zuen.

Bere aldetik, Aritz Ayesak IMn garbigune hau bultzatzeko egindako lan politikoa eskertu zuen, eta toki hau lagatzean Burlatak erakutsi duen eskuzabaltasuna nabarmendu nahi izan zuen. Era berean, gogora ekarri zuen hau: “Iruñerriko hondakinak kudeatzea premiazko afera, lehentasunezkoa eta uko egin ezinezkoa da legegintzaldi honetan. Hori dela-eta, ia lau urte hauetan, biziki lan egin dugu hondakinen kudeaketaren arlo guztietan aurrera egiteko bidea emango digun plan integral batean”. Ayesak gogorarazi zuen, Nafarroako Hondakinen Planean ezarrita dagoena betetzeko, hondakinen kudeaketan lehentasunen ordena bati jarraitu behar zaiola: prebentzioa lehenetsi behar da, hondakinak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestatu behar dira gero, eta, azkenik, deuseztatu egin behar dira.  

Lehen garbigunea, duela 19 urte

Iruñerriko lehen garbigunea 2000. urteko otsailean jarri zen abian, Eroski hipermerkatuko aparkalekuan. 2005eko ekainean, Mankomunitateak bigarren garbigune finkoa zabaldu zuen, E. Leclerc hipermerkatuaren ondoan. Horrez gain, 2005ean, garbigune mugikorrek beren lanari ekin zioten: aurreneko ibilgailua hasi zen Iruñeko auzoetara eta Iruñerriko herrietara joaten. Egun, bost furgoneta joaten dira astero 37 kokaleku desberdinetara, eta aurreikusita dago udan beste bi ibilgailu gehiago hastea zerbitzua ematen.

Garbiguneetan bildutako produktu bereziak Nafarroako Gobernuak baimendutako kudeatzaileei ematen zaizkie, eta gero haiek arduratzen dira edo berreskuratzeaz edo behar bezala deuseztatzeaz.

Zerbitzu honen gaineko edozein zalantza argitzeko, Mankomunitateak herritarrei arreta emateko duen telefono zenbaki honetara dei dezakete bizilagunek: 948 42 32 42. IMk gogorarazi nahi du tamaina handikoak ez direla garbiguneetan biltzen. Hain zuzen, tamaina handikoak dohainik biltzea 948 30 28 98 telefono zenbakira deituta eska daiteke, Emausko Trapuketariek ematen duten zerbitzu bat baita.  

Gogora ekarri behar da arropa, oinetakoak eta ehun-materialak garbigune finkoetara eraman daitezkeela, helburu horretarako Iruñerrian kokatuta dauden 96 edukiontzietako edozeinetara bota daitezkeela edo Emausko Trapuketariei deitu dakiekeela jasotzeko eskatzeko.

219.000 bisita erregistratu, 2018an

2018. urtean, 219.387 bisita erregistratu ziren garbigune guztietan: 53.454 erregistratu ziren Eroskiko garbigune finkoan; 49.701, E. Leclerc hipermerkatukoan; eta 116.232, garbigune mugikorretan. Hartara, bisiten kopurua %8,60 handitu zen 2017ko kopuruarekin alderatuta. 

Utzi ziren produktuei dagokienez, 2018an, guztira, 412.177 izan ziren, eta hori, aurreko urtearen aldean, %19,45 gehiago izan zen. Haietatik, 130.348 Eroskiko garbigunean utzi ziren; 117.088, E. Leclerc hipermerkatukoan; eta 164.741, garbigune mugikorretan. 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela