Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/02/04

IMk aitortza handiena lortu du 2018an egin zuen paper- eta kartoi-bilketarengatik

2018an Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,4 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko

Iruñerriko Mankomunitateak gaur, laugarren urtez jarraian, ASPAPEL elkarteak (Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketan beren bikaintasunarengatik nabarmendu diren toki-erakundeei ematen dien sari nagusia jaso du. 

Oraingo honetan, hain zuzen, 2018an egindako lana aitortu da. Maite Esporrín, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea, arduratu da erakunde erkidetuari emandako saria hartzeaz.

2020ko Paperezko Txori Urdinak banatzeko ekitaldia gaur goizean egin da, Valladolideko San Agustín kultura-zentroan. Ekitaldiaren buruak Ingurumeneko estatu-idazkaria, Hugo Morán, eta ASPAPEL elkartearen presidentea, Jordi Mercader, izan dira. Han egon dira saria eskuratu duten 35 toki-erakundeak (udalak eta udalerrien elkarteak); haietatik 26 izan dira paperezko hiru txoriek irudikatzen duten aitortza handiena jaso dutenak, eta haietako bat izan da Iruñerriko Mankomunitatea.

ASPAPEL elkarteak gogorarazi duenez, ‘Paperezko txori urdinak’ programa zorrotza da, birziklapen-helburuak lortzen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egiten laguntzen duena. Sari hauetarako egindako ebaluazioa hogeita bat adierazletan oinarritzen da, ezarrita dauden baremoen arabera baloratzen direnak eta alderdi hauei dagokien guztia aztertzen dutenak: edukiontzi urdineko bilketa eta bilketa osagarriak, herritarrei informazioa emateko eta haiek sentsibilizatzeko kanpainak eta ekintzak, kudeaketaren arautzeari eta plangintzari dagozkien alderdiak, eta emaitzak eta trazabilitatea azken birziklapeneraino. 

47,4 kg berreskuratu biztanleko eta urteko

Mankomunitateak egiten duen paper- eta kartoi-bilketarako 3.925 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 37 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. Aspapelek emandako datuen arabera, 2018an, Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,4 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko, eta kopuru hori Nafarroan erregistratutako batezbestekoa (42,3 kg) eta nazioko batezbestekoa (19,5 kg) baino nabarmen handiagoa da.

Aspapel elkarteak gogorarazten duen moduan, bildutako materialaren kalitatea da eta izango da paperaren eta kartoiaren ekonomia zirkularraren erronka handia hurrengo urteetan. Bilketa-sistemek egokituta egon behar dute hondakinen fluxu desberdinetara, ahalik eta kantitate handiena berreskuratzeko eta benetako birziklapenerako beharrezkoak diren kalitate-baldintzekin egiteko. 

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egin duen azken gogobetetasun-azterlanean, 2019an egindakoan, etxebizitzen %91k adierazi zutela paper- eta kartoi-bilketa ona edo oso ona dela. Negozioen eta enpresen kasuan, balorazio on hori kontsulta egindako erakundeen %83k eman zuten.

Beste albiste batzuk