Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/11/21

Heldu den astelehenean Zizur Nagusian eta Zizur Txikian abiaraziko da gai organikoak bosgarren edukiontziaren bidez biltzea

Ekimena bi herri horietan abiarazita bigarren fasea ezartzen amaituko da. Orain arte 16.100 etxebizitzak eman dute izena, etxebizitza guztien %46,35ek.

Heldu den astelehenean, azaroak 24, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Zizur Nagusian eta Zizur Txikian, eta, hartara, urrian hasi zen bilketaren bigarren fasea osatu egingo da. Zizur Nagusia eta Zizur Txikia Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña (hiru horietan urriaren 13an abiarazi zen), Donibane eta Etxabakoitz (azken bi horietan azaroaren 3an jarri zen martxan) Iruñeko auzoei gehituko zaizkie ekimen honetan. 

Bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

Bilketaren bigarren fasea: 497 edukiontzi eta 16.100 etxebizitza izena emanda

Gai organikoak bildu ahal izateko, igande goizean 130 edukiontzi kokatuko dira bilketetarako guneetan, bi herrietan. Hain zuzen, 107 kokatuko dira Zizur Nagusian eta 23 Zizur Txikian. 

Oro har, bosgarren edukiontziaren bigarren faseak berekin ekarri du 497 edukiontzi kokatzea: 130 Iturraman, 24 Ermitagañan, 31 Mendebaldean, 145 Donibanen, 37 Etxabakoitzen, 107 Zizur Nagusian eta 23 Zizur Txikian.

Bestalde, atzo arte bosgarren edukiontziaren bigarren fase honetan 16.100 etxebizitza zeuden izena emanda bost auzo horietan eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietan, hau da, etxebizitza guztien %46,35 (34.730 etxebizitza guztira). Gainera, 935 saltoki txikik ere eman dute izena. 

Zehazki, lehen etapaz ari garela, urriaren 13an jarri zena martxan, 4.892 etxebizitza Iturrama auzokoak dira (auzoko etxebizitza guztien %49,25), 1.199 etxebizitza Ermitagañakoak (%56,87) eta 1.061 etxebizitza Mendebaldekoak (%38,35). Bigarren etapaz ari garela, azaroaren 3an hasi zenaz, Donibanen 5.358 etxebizitza daude izena emanda (%47,29) eta Etxabakoitzen 1.146 (%47,41). Eta hirugarren etapaz ari garela, heldu den astelehenean, azaroaren 24 abiaraziko denaz, Zizur Nagusian 2.185 etxebizitza daude izena emanda (%38,87) eta Zizur Txikian 259 (%40,53).


Gogora ekarri behar da gai organikoen gaikako bilketarako bigarren fase hau ezarri bitartean Mankomunitateak informazio gune finkoak jarri dituela auzoetan eta herrietan, udalen eta zenbait erakunderen laguntzarekin. Horrez gain, informazio gune ibiltariak egokitu dira eta garbigune mugikorrak ere baliatu dira izen-emateak biltzeko. 

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat egin da, eta, hortaz, hainbat jolas eta informazio jarduera egin da, gai organikoak bereizteak dituen alde onak ezagutarazteko eta parte hartzera animatzeko. Hain zuzen, hitzaldiak, lehiaketak, haurrentzako jarduerak (ipuin-kontalariak, askari organikoak, paisaia organikoak, brikekin egindako diruzorroak…) eta tailerrak egin dira (hiri baratzea, beira sormenez lantzea, etxeko konponketa txikiak eta janari hondarrekin sukaldatzea).

Hainbat bide izena emateko

Gai organikoen bilketa ezarrita duten tokietan bizi diren herritarrek edozein unetan eman dezakete izena. Izan ere, irailaren 19az geroztik izena emateko dagoen kanpainan, 340 etxebizitzak eman dute izena Barañainen parte hartzeko, nahiz eta aurreko urteko azaroan hasi zen bilketa herri horretan. Hartara, herri horretan 3.573 etxebizitzak parte hartzen dute (etxebizitza guztien %44,45).

Hainbat bide egokitu da bigarren fase honetako eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deituta egin daiteke (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
  • WhatsApp mezu bat bidal daiteke, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).
  • On line egin daiteke, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.
  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan ere egin daiteke, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 18:00etara.
  • Amaitzeko, bilketaren bigarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ere eman daiteke izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara Mankomunitateko teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte. 

Gai organikoen tratamendua

Iruñerrian bildutako gai organikoak biometanizazio planta batera bideratzen dira, han tratatzeko. Instalazio horretan gai organikoei prozesu bat egiten zaie, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortzen da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiltzen da) eta elektrizitatea (banaketa sareari saltzen zaio).

 

Beste albiste batzuk