Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/10/31

Heldu den astelehenean Donibanen eta Etxabakoitzen abiaraziko da gai organikoak bosgarren edukiontziaren bidez biltzea

Igandean 182 edukiontzi kokatuko dira: 145 Donibanen eta 37 Etxabakoitzen. Bi auzo horietan, 6.326 etxebizitzak eman dute izena.

Heldu den astelehenean, azaroak 3, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Iruñeko Donibane eta Etxabakoitz auzoetan. Bi auzo horiek Iturrama, Mendebaldea eta Ermitagaña auzoei gehituko zaizkie, haietan duela hiru aste, urriaren 13an, abiarazi baitzen bilketa mota hau. Bosgarren edukiontziaren bigarren etapa hau azaroaren 24an amaituko da, Zizur Nagusian eta Zizur Txikian jartzen denean martxan.

Bilketa programaren hasiera honetan familia boluntarioek parte hartuko dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko herritarrei eman zaien giltza batez baino ezingo dute ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jarriko du.

Donibane eta Etxabakoitz: 6.326 etxebizitza izena emanda eta 182 edukiontzi berri 

Gai organikoak bildu ahal izateko, igande goizean 182 edukiontzi kokatuko dira guztira bilketarako guneetan, bi auzoetan. Hain zuzen, 145 kokatuko dira Donibanen eta 37 Etxabakoitzen. Atzo arte (osteguna) 5.224 etxebizitza zeuden izena emanda Donibanen eta 1.102 Etxabakoitzen. 

Oro har, bosgarren edukiontziaren bigarren etapa honetan, atzo arte, 13.854 etxebizitza zeuden izena emanda bost auzoetan eta Zizur Txikia eta Zizur Nagusia herrietan, hau da, etxebizitza guztien %39,89 (34.730 etxebizitza guztira). Gainera, 763 saltoki txikik ere eman dute izena. 

Zehazki, lehen faseaz ari garela, 4.837 etxebizitza Iturrama auzokoak dira (auzoko etxebizitza guztien %49,1), 1.193 etxebizitza Ermitagañakoak (%56,6) eta 1.048 etxebizitza Mendebaldekoak (%37,9). Bigarren faseaz ari garela, azaroaren 3an hasiko denaz, Donibanen 5.224 etxebizitza daude izena emanda (%46,1) eta Etxabakoitzen 1.102 (%45,6). Eta hirugarren faseaz ari garela, azaroaren 24an abiaraziko denaz, Zizur Nagusian 388 etxebizitza daude izena emanda (%6,9) eta Zizur Txikian 62 (%9,7). 

Joan den urriaren 10ean eman genituen datuen portzentajeak aldatu dira, eta hori gertatu da bai auzoetako bakoitzean erregistratu den izen-emate kopurua handitu delako eta bai zenbait kale auzo bati edo beste bati ematean doitzeak egin direlako ere. 


Zizur Nagusian eta Zizur Txikian hurrengo astelehenean, hilak 3, hasiko da gertuko informazio kanpaina. Hartara, hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak eta haurrentzako jarduerak egingo dira gai organikoak bereizteak dituen alde onak ezagutarazteko eta herritarrak parte hartzera animatzeko.


Gogorarazi behar da gai organikoen bilketa ezarrita duten ingurune guztietako herritarrek gai organikoen bilketan parte hartzeko edozein unetan eman dezaketela izena. Izan ere, irailaren 19az geroztik izena emateko dagoen kanpainan, 313 etxebizitzak eman dute izena Barañainen parte hartzeko, eta, beraz, herri horretan 3.546 etxebizitzak parte hartzen dute (etxebizitza guztien %44,1). 

HAINBAT BIDE IZENA EMATEKO

Hainbat bide egokitu da bigarren fase honetako eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

·       Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deituta egin daiteke (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

·       WhatsApp mezu bat bidal daiteke, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

·       On line egin daiteke, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

·       Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan ere egin daiteke, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 18:00etara.

·       Era berean, auzo desberdinetan eta herrietan egokitu diren informazio gune finkoetara joan daiteke, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.

·       Informazio gune mugikorretan ere egin daiteke, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.

·       Amaitzeko, bilketaren bigarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ere eman daiteke izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara Mankomunitateko teknikariak etxebizitzetara joaten ari dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen ari dira. 

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat ari da egiten, hainbat jolas eta informazio jarduerarekin. Hain zuzen, agenda Mankomunitatearen webgune honetan kontsultatu daiteke.

GAI ORGANIKOEN TRATAMENDUA

Iruñerrian bildutako gai organikoak biometanizazio planta batera bideratzen dira, han tratatzeko. Instalazio horretan gai organikoei prozesu bat egiten zaie, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortzen da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiltzen da) eta elektrizitatea (banaketa sareari saltzen zaio).

 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela