Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/05/03

Garbiguneen zerbitzua hobetu egingo da Iruñerriko lau eremutan

Aste honetatik aurrera, Lezkairu eta Erripagaña auzoak garbigune mugikorren bi helmuga berriak izango dira

Aste honetan, Mankomunitateak hobetu egingo du garbiguneen zerbitzua Iruñerriko zenbait herri eta auzotan. Alde batetik, aste honetatik aurrera, Lezkairu eta Erripagaña auzoak garbigune mugikorren bi helmuga berriak izango dira. Hain zuzen, garbigune mugikorraren bisiten ordutegiak hauek izango dira:

Lezkairu: asteazkenetan, 09:00etatik 14:00etara.

Isabel Garbayo kalean, Alfredo Landa parkearen ondoan.

Erripagaña: larunbatetan, 16:00etatik 21:00etara.

Erripagaña etorbidearen eta Lisboa kalearen arteko bidegurutzean.

Hartara, Lezkairu eta Erripagaña garbigune mugikorren bisiten zirkuituan sartuta, hondakin bereziak modu irisgarrian eta egonkorrean botatzea bizilagunei errazteko premiari buruz auzo-erakundeek egindako iradokizunei arreta eman zaie.

Beste alde batetik, Zulueta (Noain – Elortzibar) eta Orkoien herriek garbigune finko txikiak edukiko dituzte. Hain zuzen, egun osoan erabili ahal izango dira bihar arratsaldetik aurrera, asteartea, hilak 4. Ondorioz, orain arte Orkoienera joaten zen garbigune mugikorrak joateari utziko dio. Garbigune txiki berri hori Txapelategi kalean egongo da kokatuta, Jorge Oteiza kalearekin duen bidegurutzean.

Azkenik, adierazi behar da Zizur Txikian kokatuta zegoen garbigune finko txikia lekuz aldatuko dela: 200 metro mugituko da, Zelaia kalean egotetik Etxepea kalean egotera igarotzeko.

Etxebizitzetan sortutako hondakin bereziak

Jakina denez, etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzea errazten dute garbiguneek, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketen hondakinak eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere. 

Garbigune txikiak instalazio trinkoak dira, tamaina txikikoak (2,4 m zabal, 5 m luze eta 2,5 m garai). Asteko egun guztietan erabil daitezke, kanpoan ahoak dituzte, hondakin desberdinak botatzeko, eta barnean edukiontziak, hondakinak pilatzeko. Beren edukiera mugatua denez, ezin dira alderatu dauden beste hiru garbigune finkoekin, Iruñerriko landa-esparrurako baitira.

Bi garbigune finko txiki hauek martxan jarrita, mota honetako 16 instalazio egongo dira Iruñerrian, 2019ko ekainean kokatu ziren bostei (Egues, Zubiri, Arre, Etxauri eta Muruzabal) eta 2020ko ekainean kokatu ziren bederatziei (Zizur Txikia, Eritze Itza, Ezkirotz, Jauntsarats, Larraintzar, Latasa, Muru Artederreta, Olague eta Ororbia) gehitu behar baitzaizkie.

Garbigune hauek osatu egiten dute hondakin bereziak gaika biltzeko egitura, eta orain arte dauden hiru garbigune finkoei gehitu behar zaizkie: Eroski hipermerkatuaren aparkalekukoa (2000. urtean irekia), E. Leclerc hipermerkatuko aparkalekukoa (2005) eta Burlatakoa (2019).

2005ean garbigune mugikorren lana hasi zen, Iruñeko auzoetara eta Iruñerriko herrietara joaten hasi zen lehen ibilgailuaren bidez. Egun, bost dira astero 38 toki desberdinetara (barne hartuta Lezkairu eta Erripagaña) lekualdatzen diren furgonetak. Halaber, arropa eta oinetakoak biltzeko, Iruñeko auzoetan eta Iruñerriko herrietan banatuta dauden 192 edukiontziak aipatu behar dira.

Dokumentu honetan garbigune mugikorren zerrenda eguneratua kontsultatu ahal da, eta bai haietara eraman daitezkeen etxebizitzako hondakin berezien zerrenda ere.

Beste albiste batzuk

  • Mantentzeko eta garbitzeko premiazko zereginen ardura izaten jarraitzen du IMk.
  • Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte har zezaketen lehiaketan
  • Azpiegiturak milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta NILSA sozietate publikoak finantzatu du