Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2016/10/24

Gai organikoen kudeaketa bereiziaren IV. fasea ezartzen amaitu da eta izen-emateak %34,9 izan dira

Ezartzen amaitu bada ere, Iruñerrian bizi diren pertsonek bilketan izena ematen jarraitu dezakete

Aste honetan amaitu da gai organikoen kudeaketa bereizia ezartzeko IV. fasea, Iruñerrian biztanle gutxien dituzten herrietarako antolatutakoa. Izen-emateen erregistroaren arabera, joan den ostiralean, urriak 21, 3.846 etxebizitza zeuden izena emanda, etxebizitza guztien %34,9.

Gogoan izango denez, bosgarren edukiontziaren bidez gai organikoak bereiz biltzea 2013aren amaieran jarri zen martxan, Barañainen (I. fasea). 2014an, Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, Ipar eta Hego Etxabakoitz auzoetara, eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen (II. fasea), eta 2015ean Iruñerriko hiri eremu osora hedatu zen (III. fasea). 

Amaitu berri den IV. fase honen bidez, Mankomunitatearen esparruko gainerako herrietara eraman da gai organikoen bilketa. Alde horretatik, fase honetan sartu den herri bakoitzari etxeko konpostajea eskaini zaio gai organikoak tratatzeko modu gisa, nahiz eta haietakoren batean bosgarren edukiontzia ere ezarri den. Bosgarren edukiontzia ezarri edo ez erabakitzeko izan diren irizpideak izan dira biztanleen kopurua (200 inguru) eta hirigintza bertikala nagusitzea etxebizitza familiabakarren ereduaren gainean.

Behin ezartzen amaituta, azaroan eta abenduan, sendotzeko kanpaina bat egingo da: IV. fase honetan etxean konposta egiteko izena eman duten guztiei bisita egingo zaie, zalantzak argitu eta etxebizitza bakoitzean egiten ari diren prozesuari jarraipena egite aldera. 

3.846 etxebizitza ari dira parte hartzen gai organikoen kudeaketan

IV. fase honi joan den abuztuaren 16an eman zitzaion hasiera, zortzi etapatan egin da eta, guztira, 229 herritara iritsi da (14 udalerri, 169 kontzeju eta 46 toki). Zehazki, 11.015 etxebizitza dira eta 23.438 biztanle. 

Aurreko ostirala bitarte (urriak 21), konpostajerako 999 izen-emate berri zeuden, eta herri horietan gai organikoen tratamendu hori egiten ari ziren 1.180 etxebizitzei gehitu zaizkie. Beste alde batetik, 1.299 etxebizitzak izena eman dute 5. edukiontziaren bidez biltzeko hondakin organikoak. Azkenik, kopuru osoan sartu dira beren baliabideekin, hondakinik sortu gabe, gai organikoak kudeatzen dituzten 368 etxebizitzak.

Denera jota, IV. fase honetako 11.015 etxebizitzetatik, orain arte, 3.846 daude izena emanda gai organikoak kudeatzeko (etxebizitza guztien %34,9). Haietatik 2.179 konposta egiteko izena emanda daude (etxebizitza guztien %19,8), eta 1.299 etxebizitza, 5. edukiontzia erabiltzeko (guztien %11,8).

Adierazi behar da datu horietan ez daudela sartuta Berriobeitin auzoko konpostajean parte hartzeko nahia adierazi duten 134 herritarrak. Izan ere, Mankomunitatea proposamenaren bideragarritasuna aztertzen ari da eta laster erabakiko du kudeaketa mota egokiena zein den.

%44,0ko parte-hartzea Iruñerri osoan

2013aren amaieran bilketa mota hau Barañainen ezartzen hasi zenetik, Mankomunitateak lau fase gauzatu ditu gai organikoen kudeaketa Iruñerri osora hedatzeko. Lau fase horien ondotik, izen-emateen portzentaje osoa %44,0koa da.

Eremuetako bakoitzean, izen-emateen kopuruak hauek dira:

 EremuaEtxebizitzak, guztiraIzena emandakoakIzen-emateen
I. fasea(2013)Barañain8.0373.672%45,7
II. fasea (2014)Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, Ipar eta Hego Echavacoitz, Zizur Nagusia eta Zizur Tkikia33.93018.976%55,9
III. fasea (2015)Iruñerriko hiri eremua100.80341.232%40,9
IV. fasea (2016)Landa eremua11.0153.846%34,9
GUZTIRA 153.78567.726%44,0

Nabarmendu behar da abuztuan hasi zen laugarren fase honek iraun duen bitartean aurreko faseetako izen-emateen kopuruek gora egin dutela. Izan ere, I. faseari dagokionez, %40,2 izatetik %45,7 izatera igaro da, II. fasean %44,8 izatetik %55,9 izatera iritsi da eta III. fasean %39,4 izatetik %40,9 izatera.

Hainbat bide izena emateko

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Helburua da kalitate oneko gai organikoak bereiztea, desegokiak diren materialak bota gabe, edo konposta egiteko, edo, bere kasuan, bosgarren edukiontzira botatzeko.

IV. fasea ezartzen amaitu den arren, aurreko faseetan egin zen moduan, Iruñerrian bizi diren pertsonek bilketan izena ematen jarraitzeko modua dute. Horretarako, Mankomunitateak bide hauei eutsiko die:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

Beste albiste batzuk

  • Ospatzeko, Mankomunitateak Arazuriko HUAn ate irekien jardunaldia antolatu du heldu den larunbaterako
  • Martxoaren 25ean egingo da, “Hondakin urak” leloa izango duen Uraren Mundu Eguna dela-eta
  • Eremuko udalek eta kontzejuek onartu beharko dute dokumentua, Nafarroako Gobernuan aurkeztu aurretik